10. Dantza Eguneko ekintzetan izen emateko azken txanpa

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 5a, 09:34

Apirilaren 9ko 10. Dantza Egunean ospatuko den herri bazkaritarako eta tranpaldo irekian parte hartzeko izena aurrez emateko epea ixtear du antolakuntzak.

Korrika egunaren biharamunean, Dantza Eguna! Asteburu mugitua datorkigu zalantza izpirik gabe. Orbeldik apirilaren 9rako antolatu duen egitaraurako adi, zenbait ekintzetarako izena aurrez eman beharra baitago. Azken txanpa duzue esaterako, Agerialden ospatuko den herri bazkarira joan nahi baduzue. 10. edizio borobil honetako , hamarkada honetan bidelagun izan dituenekin ospatu nahi aipatu otordua. Herri bazkaritarako txartelak 15 eurotan (25 eurotan kamiseta eta guzti) eskura ditzakezue Txiribogan eta Artzabalen.

Bazkalostean, koreografiaren bat plazaratu nahi duen orori eskuragarri jarri nahi diote oholtza. Bazkalosteko tranpaldo irekirako izena aldiz usurbildantzan@gmail.com helbidean eman beharra dago. Dagoeneko zenbait gaztetxo eta heldu animatu dira parte hartzera.

"Hamar"
Eguna, Orbeldi hilabeteotan ontzen aritu den "Hamar" herri ikuskizunak borobilduko du. Herriko dantzari, antzezle eta musikariek parte hartuko dute hitzorduan. Izenburuak noski, Dantza Egunaren edizio borobilari egiten dio erreferentzia zuzena eta helburu argi bat du aurtengoan; ikusten ez dugun beste alde hori erakustea. Emanaldia plazaratu aurretik landu beharreko prozesua alegia, prestaketena. Atzean dagoen lanketa, ezkutuen geratzen den alderdi hau plazaratu asmo dute.

Emanaldi osterako Rukularen kontzertua antolatu dute baina emanaldi horrekin ez da agurrik izango. Hurrengo asteetarako beste bi hitzordu antolatuak baititu Orbeldik. 5. Dantzari Topaketa iragarri dute apirilaren 30erako, 3. Dantzari Txiki Eguna maiatzaren 7rako.

ORBELDIREN UDABERRIKO HITZORDUAK
Apirilak 9, larunbata: 10. Dantza Eguna
12:00 Dantza-kalejira Mikel Laboa plazatik abiatuta.
14:00 Herri bazkaria Agerialden. 
17:00 Tranpaldo irekia Agerialden.
22:30 "Hamar" ikuskizuna frontoian.
Amaitzean, Rukula taldearen kontzertua.

Apirilak 30, larunbata: 5. Dantzari Topaketa
16:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei.
17:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
19:30 Dantza-emanaldia frontoian.
23:30 Erromeria Alaiki taldearekin.

Maiatzak 7, larunbata: 3. Dantzari Txiki Eguna
10:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei.
11:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Dantza-emanaldia frontoian.
17:30 Dantza gidatuak Ttipika taldearekin frontoian.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.