"Geuretik Sortuak"

Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak" egitasmoko bi lan asteotan

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 5a, 08:02

Usurbilgo Udalerria kide duen Udalbiltzaren "Geuretik Sortuak " egitasmoaren baitan, iaz ondutako hainbat sortze lan Euskal Herrian barrena erakusten ari dira egileak hilabeteotan. Apirilaren 10ean "Bost teilatu" filma proiektatuko dute Sutegin eta hilaren 30ean "Eresia: Lurra arin bekizu, ama" antzezlana aurkeztuko digute.

"GEURETIK SORTUAK" EGITASMOKO SORTZE LANAK
Apirilak 10, igandea
18:00 "Bost teilatu" filmaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: euskarazko sorkuntza bultzatzeko Udalbiltzak iaz bideraturiko "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan ekoitzitako bost film labur. Leire Egaña zuzendaria film proiekzioan bertan izango da.
Sinopsia: "Bost teilaturen azpian jazotako bost istorio labur. Nork bere etxean Krak egin duten Ane eta Mirenen dolua; Ekaitz gazteak eta Inaxio edadetuak baserrian bizi duten katarsiak emandako Arnasa; Michellek jaioterrira itzultzean deskubrituko dituen Hitzak eta bere nortasunaren inguruko galderak; paketea dagokion teilatupera eramateko Erlojupekoa lehiatzen duen mezularia eta, azkenik, Muga inguruan bere buruaren babesteko ihesi doan Kamaru gazte afrikarra".

Film laburrak:
-Amancay Gaztañagak eta Erika Olaizolak zuzendutako "Krak". Ekoizlea: Kamikaz kolektiboa.
-Josu Martinezek zuzendutako "Hitzak". Ekoizlea: Gastibeltza.
-Leire Egañak zuzendutako "Erlojupekoa". Ekoizlea: Bira Produkzioak.
-Eñaut Castagnetek zuzendutako "Muga". Ekoizleak: Gastibeltza eta Mirokutana.
-Raul Barrerasek zuzendutako "Arnara". Ekoizlea: Kliska Filmak.
Izen ematea: doan, usurbilkultura.eus plataforman.


Apirilak 30, larunbata
20:00 "Eresia: Lurra arin bekizu, ama" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: euskarazko sorkuntza bultzatzeko iaz Usurbilgo udalerria kide duen Udalbiltzak bideraturiko "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan ekoitzitako antzezlana.  "Ama hil da, hori da egia. Kantu bat, dantza bat, erritu bat... lore bat eskaini nahiko nioke. Hildakoei gorazarre egiteko abesten ziren bertsoak dira Eresiak, baina nik jada, ez dut kanturik hildako ama agurtzeko.  Maite dugunaren heriotza datorrenean, zer egin? Nola agurtu? Nola begiratu bizitzari? Maitasuna da akaso guztiaren erantzuna? Ohiko dolu errituak nahikoak ez direnaren sentsaziotik abiatuta, dispositibo poetikoen bidez bestelako dolu praktika esperimentatzeko xedea nuke, ekintza eszenikoa bera, dolu erritu kolektibo bilakatuz".
Ideia originala eta zuzendaritza: Oier Zuñiga.
Antzezleak:  Eneko Gil, Belen Cruz, Oier Zuñiga.
Izen ematea: 5 eurotan, usurbilkultura.eus plataforman.

Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Udalbiltza.