2 egun barru Usurbilen

Euskarari kantari, bidean datorren Korrikaren atarian

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 6a, 12:19

Udarregi Ikastolako LH-ko ikasleek eskainitako kantaldiarekin, ikastetxeak ere bidean datorren 22. Korrikarako girotzen hasiak dira.

Bi egun baino ez 22. Korrika gure artera heltzeko. Eta jada girotze fase betean gaudela esan liteke. Bai behintzat, gaztetxoenak. Ikastetxeetan dagoeneko euskararen aldeko lasterketa lehenago helduko dela esan liteke, egunotan ospatuko dituzten Korrika Txikien bidez. Halere, abesten ekin dio adibidez Udarregi Ikastolak. Lehen Hezkuntzako ziklo osoak, lehen mailatik hasi eta seigarrenera arte, kantaldi ederrak eskaini dituzte aste hasiera honetan frontoian. Euskaraz, eta euskarari abestu diote, bidean datorren 22. Korrikaren testuinguruan. 

Korrikarako prestatzen denbora daramate Udarregi Ikastolan. Bereziki, LH 6. mailako ikasleak. Urtero lantzen dute elkartasun proiektu bat, aurtengoan AEK lagundu asmo dute. Egunotan, arratsalde partean, 16:20-16:45 tartean pin eta petoak saltzeko postua jartzen ari dira Agerialden, errifak ere saltzen aritu dira. Jasotako laguntza, 22. Korrikako kilometro bat erostera bideratu dute. Ostiral goizaldean hain zuzen, lekukoa hartuko dute Kaxkoan barrena.

Lehenago ordea, Korrika Txikiak ospatuko dira ikastetxeetan. Asteazken bazkaloste honetan,  Aginagako Eskolakoen txanda.