Udalbatzarra

“Garraio publikoko sistema inoiz baino gehiago indartzeko unea da”

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 6a, 08:34

MUGI tarifa sistema sozialagoak eta progresiboagoak izateko neurri multzoa hartzea galdegiten duen mozioa onartu zuten iragan osteguneko udalbatzarrean. Bizi dugun pandemiaren osteko krisialdiko testuinguru honetan, “garraio publikoko sistema inoiz baino gehiago indartzeko unea da”.  Neurrion alde bozkatu zuten EHBILdu eta PSE udal taldeek. EAJ abstenitu zen. Zalantzak adierazi zituen aipaturiko neurriotako batzuk gauzatzea posible izango ote den. Neurriok babestearen alde agertu arren, gipuzkoarrak zortedun direla MUGIrekin adierazi zuen PSE-ren udal ordezkariak. MUGI ez dela txartel soila, “berdintasuna bultzatzeko balio duela”, nabarmendu zuen Patxi Suarezek. Lerrootan, udalbatzak onarturiko mozioaren edukia bere osotasunean.

MOZIOA
Mugiren tarifa eredua babestu eta sustatzeari eta Mugi sistemaren tarifak sozial eta ekonomikoagoak izateko neurriak hartzeari buruzko mozioa
2013tik, MUGI tarifa sistema Gipuzkoako tarifa eredua da. Orduan sortu zen, eta Gipuzkoako indar politiko gehientsuenen babesa du, baita garraio publikoaren gaineko eskumena duten eta MUGI sistemaren barruan dauden erakundeena ere. MUGIren tarifa ereduari esker, sistema ekologiko, sozial eta demokratikoa da gure garraio publikoaren eredua. MUGIren tarifa eredua Gipuzkoako herritar guztien batasunerako eta kohesiorako elementua da, eta aurrekaririk gabeko adostasuna lortu du alderdi politikoen artean, Gipuzkoako herritarren mugikortasunerako funtsezko eskubidea bermatzen duen zerbitzu publiko baten eredu den aldetik. Usurbilgo Udala eta bere indar politiko gehienak adostasun eta babes horren parte dira, sistema eratu zenetik.

Esan bezala, MUGIren tarifa eredua 2013an jarri zen martxan. Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak kudeatzen du, eta Euskadiko, Espainiako eta Europako txartel integral bakarra da; izan ere, 2013. urtetik aurrera, Gipuzkoako garraio operadore publiko guztiak garraio publikoa planifikatu eta koordinatzeko organo bakar horretan integratzen joan dira, eta gure tarifa ereduaren bereizgarri nagusia ere jarri dute martxan: tarifak integratzeko sistema eta, haren ildotik, gure garraio txartela, MUGI TXARTELA, zeinak gure tarifa eredua ahalduntzen duen.

Esan bezala, garraiobide guzti-guztiak konprometitu dira tarifa eredu bakarrarekin: errepideko garraio publikoko zerbitzu guztiak, bai hiriartekoak (Lurraldebus eta ibilbide luzekoak), bai hiri barrukoak (Donostia, Irun, Errenteria, Eibar, Zarautz, Arrasate, Hernani, Lasarte-Oria, Oiartzun, Oñati eta Tolosakoak), eta trenbideko garraiobide publikoak (Euskotren eta Renfe Aldiriak).

Gipuzkoan, usurbildarrok eta gainerako gipuzkoarrok garraiobide guztietan bidaiatzen dugu txartel bakarrarekin, eta, gure tarifa ereduan mugarik nahi ez dugunez, Araba osoan ere erabil dezakegu, eta, laster, baita Bizkaian ere. Gipuzkoako jende asko bizi da bertan, dela ikasketengatik, dela lanagatik, eta beste askok Lurraldebusekin bidaiatzen dute hara, egunero, arrazoi berberengatik. Bada, batzuek eta besteek MUGI erabili nahi dute garraiobide masibo horretan.

Gipuzkoako tarifa ereduaren erabilera hedatu izana MUGIren erabiltzaileen komunitatea Gipuzkoako biztanleen ia %80 delako izan da posible. Horrela, tarifen integrazioari esker, ekologikoa ez ezik eredu sozial eta bidezkoa ere izateko baldintza guztiak betetzen dituen tarifa eredua bakarra da MUGI.

Ezaugarri hauek ditu MUGIren tarifa ereduak:
1-Nork erabiltzen duena bakarrik ordaintzen du.
2-Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta gutxiago ordaintzen da.
3-Ekitatea bermatzen da, babes sozialaren premiarik handiena duten kolektiboek hobari handiak baitituzte: adinekoek, gazteek, langabeek, baliabide gutxikoek eta gaitasun bereziak dituztenek.

MUGi tarifa ereduaren bidez, nahi den lekura bidaiatu daiteke, nahi bezala, nor non bizi den eta zer baliabide dituen gorabehera. Mugi tarifa ereduari esker, gutxien dutenak ez dira gelditzen gizarte aurrerapenetik baztertuta.

Garraio publikoaren erabiltzaile arruntek dakitenez, MUGIrekin, zenbat eta bidaia gehiago egin, orduan eta merkeagoak dira bidaiak. Alde horretatik, 2021ean, honako hauek ziren MUGIren erabiltzaileentzako batez besteko tarfiak zerbitzu batzuetan: Euskotrenena, 0,66 zentimo eta Lurraldebusena, 0,68.

Covid19 pandemiaren osteko krisialdi betean, non tentsio sozial eta ekonomikoa gutxien dutenei sufriarazten ari den, eta gerra, gobernuen ekonomia, baina batez ere, Usurbilgo eta Gipuzkoako emakume, gizon eta familiena aztoratzen ari den, MUGI sistema babesten jarraitu nahi dugu, eta garraio publikoaren erabiltzaileei lasaitasuna eman. Gainera, uste dugu MUGI SISTEMAren tarifen ekitate eta justizian are gehiago sakontzeko garaia iritsi dela, familien ekonomiak ito edo estutu ditzaketen une zailetan baikaude.

Horregatik, tarifak are sozialagoak eta, beraz, are progresiboagoak izatearen alde gaude. Alde horretatik, uste dugu aurten MUGIko tarifen inguruko eztabaida eta erabakiak hartzeko unea izango dela helburu hori lortzeko bidean MUGI tarifa ereduan beste urrats bat emateko unea. 

Usurbilgo Udalaren ustez, garraio publikoko sistema inoiz baino gehiago indartzeko unea da, argi eta garbi, baita sistemak pandemian galdu dituen erabiltzaileak berreskuratzeko eta erabiltzaile berriak erakartzeko unea ere, eta, horretarako, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza osatzen duten administrazioek beharrezkoak diren neurri guztiak aztertu beharko lituzkete. Izan ere, Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren eginkizuna gizartean eta lurralde historikoan mugikortasun irisgarria eta kalitatekoa bultzatzea da, eta egungo eta etorkizuneko eskaerei erantzutea.

Horregatik guztiagatik, mozio hau sinatzen duten udal taldeek erabaki hau hartzea proposatzen diote Usurbilgo Udalbatzari:
1- Usurbilgo Udalak tarifak berritzean neurri hauek eztabaidatu eta onar ditzan eskatzen dio Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari:
a-Garraio publikoaren erabiltzailerik ohikoenen batez besteko kostua jaisten laguntzeko neurri hauek hartzea:
-Hurrengo bi ekitaldietan tarifen prezioak izoztuta mantentzea, inolaz ere ezin daitezen izan garraio publikoaren erabiltzaileak eta beren soldatak energia eta erregaiaren igoera eragin duten krisiei eta Gipuzkoako gizarteari eragiten dion inflazio handiari aurre egiten dietenak.
-MUGIren deskontu sistemaren aldaketa onartzea, haren progresibitatean eta justizia sozialean sakontzeko, eta laugarren tartea sortzea, MUGIren erabiltzaileei doakotasun handiagoa emateko MUGI txartela erabiltzen duten tarte guztietan.
-Etorkizunean tarifak jaisteko formulak aztertzea.

b-MUGI sistemaren tarifa ereduaren misio sozialean aurrera egitea eta bereziki zaurgarriak diren gizarteko kolektibo berriak sartzea.
c-Usurbilgo Udala Gipuzkoako garraio sistemaren zerbitzu guztiak berreskuratzearen alde dago, baita erabiltzaileak gutxitzeagatik edo beste edozein erabakirengatik arriskuan egon direnak ere, eta Renfe Aldirien zerbitzuaren egoera arintzen laguntzeko neurriak aztertzearen alde egiten du.
d-Usurbilgo Udalak garraio eskaintza behar beste zabaltzeko eskatzen dio Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzari, erabiltzaile guztien eskaerei erantzuteko.
e-Jakinik Gipuzkoako garraio publikoaren tarifa sistemaren kostuak handitzea ekar dezakeela horrek guztiak, Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatzen dio errepideen foru sarean bidesaria ordaindu behar den zatietan bildutakoaren zati bat garraio publikoa sustatzeko erabil dezan eta Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateratuaren zazpigarren titulua eta hura garatzeko dekretua martxan jar ditzan-martxoaren 29ko 1/2011 Foru Arauaren bidez onartu zen Gipuzkoako Errepide eta Bideen Foru Arauaren testu bateratuaren zazpigarren titulua.