22. Korrikaren oihartzuna geroz eta gertuago dugu. Egunak ez, harrerarako, eta Usurbil ere lasterka bizian jartzeko ordu batzuk baino ez dira falta. Ostiral goizaldeko 6:00ak aldera Mapiletik sartuko da, eta Aginaga, Usurbil edota Zubieta zeharkatuko ditu euskararen aldeko martxak.
Ordu batzuen faltan, ostegun honetan, atzo bezala, Bizkaian barrena azken itzulia egingo du 22. Korrikak egunean zehar. Goiz partean, besteak beste, Sopela, Gorliz, Mungia, Bakio zeharkatuko ditu. Arratsaldean, Bermeo, Mundaka, Gernika, Lekeitio... Iluntzean, Markiña-Xemein, Berriatu eta Ondarru. 23:20 aldera sartuko da Gipuzkoako lehen udalerrian, Mutrikun. Eta hortik aurrera, Urola Kostatik barrena helduko da gure artera 22. Korrika. Gauerdian Debara iritsiko da, Zestoan barrena ibiliko da 1:30ak aldera, Zumaian goizaldeko 3:00etan, ordubete beranduago Getarian, Zarautzen 4:30ak aldera, Orion 5:21 aldera, eta aipatu moduan, 6:00ak pasatxoan Aginagan!
Gogoan izan, 24 orduz jarrai dezakezue 22. Korrika online zuzenean, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta, EITB une oro eskaintzen ari den seinalearen bidez.
Donostiarako prest
Ostiralean egun osoan zehar Gipuzkoan barrena ibiliko da Korrika. Larunbatean, Nafarroa iparraldean eta handik Lapurdira igaroko da. Igande goizaldean Gipuzkoara itzuliko da, Buruntzaldeara, Astigarragara eta Hernanira besteak beste. Eta Hernanitik helmugara, Donostian amaituko baita, igande eguerdiko 12:30etan Bulebarrean antolatua den bukaera ekitaldiarekin. Bertan irakurriko da, egunotan Euskal Herrian barrena eskuz esku dabilen lekukoak barruan gordea daraman mezu ezkutua. Eta segidan, egun osoko jaialdia iragarri du AEK-k Alde Zaharrean; herri bazkaria, kontzertuak, ikuskizunak, kalejirak, erakusketak...
Euskotrenek, tren zerbitzua indartuko duela berri eman du. Usurbildik Donostiara joateko, goizeko 9:00en hasi eta gaueko 21:00ak arte ordu erdiro igaroko da trena. Donostiatik Usurbila bidean, 8:50-21:50 artean ordu erdiro baita. 