Berrikuntzak ibilbidean eta lekuko eramaileen artean ere bai. Aurten txoko berrietatik igaroko da 22. Korrika eta aurpegi berriek eramango dute euskararen aldeko martxako altxor preziatua; mezu ezkutua gordean daraman lekukoa.
Hasteko, Aginagan hasi eta Zubietara bitarte, 11 kilometroko bidea egingo du 22. Korrikak lur hauetan barrena. Abiapuntua, Aginagako Mapil pareko N-634 errepidea izango da. Oriotarrek ekarritako lekukoa hartuko dute Aginagako San Praixku guraso elkarteko kideek. Bertako eskolako haur eta gurasoek egingo dituzte lehen metroak Aginaga Kaxkoraino. Aginagako beste bi eragileen esku utziko dute lekukoa hurrengo kilometroan; Antxomolantxa elkartearen eta Aginagako Jai Batzordekoen esku.
Haiek eramango dute lekukoa N-634 errepidean barrena, Lasao pareraino. Berriola lantegikoen txanda segidan eta haiek, Kaparotzen Udarregi Ikastolakoei pasako die. Adi, ikastolako komunitateak aurtengoan bi kilometroko bidea egingo baitu 22. Korrikaren baitan. Kaparotzetik N-634 errepidean barrena, San Inazioraino eta handik gora Bordatxo pareraino ekarriko dute lekukoa. Eta hemen berrikuntzetako bat; ikastolako LH 6. mailakoek hartuko dute segidan lekukoa. Urtero lantzen dute elkartasun proiektu bat; aurten AEK lagundu dute. Hainbat ekimen egin dituzte laguntza bildu eta euskararen aldeko lasterketan kilometro bat erosita euren ekarpena egiteko.
Aipatu moduan beraz, lekukoa Bordatxon hartu eta BM paretik Errekatxikira eramango dute, handik Kale Nagusira udaletxe pareraino. Txalakatik gora, estreinakoz, hemen beste berrikuntza, Mikel Laboa plazan sartuko da euskararen aldeko lasterketa eta handik gora BM saltoki pareraino helduko da. Bertan, NOAUA! K.E.-k hartuko du lekukoa; Zirimara egitasmoko kideek. Kalezarreraino igoko dute; han izango dituzte zain Kabieneko lagunak. Kabiene kide batek, Ane Garciak jarri dio ahotsa hain zuzen Korrikaren abestiari. Haien eskutik jasoko du lekukoa Usurbilgo gazte mugimenduak.
Adi, herria esnatu eta Korrikarako berotzeko zumba saioa antolatu dute ostiral goizaldeko 5:30etan eta segidan kalejira, Kalezarren hartua duten kilometroaren eremura. Belmonte kalea zeharkatu eta Aliproxeko biribilgunera jaitsiko dute lekukoa eta Bizkarretik barrena Santueneraino eramango du, estreinakoz kilometro bat eskuratu duen gazteen kolektiboak.
Haien eskutik jasoko dute, aurten 50 urte beteko dituen Elhuyarrek Santuenean. Eta haien eskutik erakundeen txanda gero; Santueneatik Zubietara bidean, Amirin Usurbilgo Udalak hartuko du lekukoa eta segidan, Zubietako Herri Batzarrak Larraitz etxe inguruan.
Zubietako bi ikastetxeen txanda amaitzeko; eskola txikiak Iturritxo parean hartuko du lekukoa eta udalerri honetako bide zatia borobiltzeko, Lanbide Eskolak Irigoien etorbidean.
13 lekuko aldaketa
Guztira 11 kilometro egingo ditu 22. Korrikak Usurbilgo lurretan barrena. Tarte horretan, 13 lekuko aldaketa biziko ditugu. Mezu sekretua gordeta daraman ikurriñadun euskarria nortzuk eramango duten jakin nahi? Hemen duzue behin betiko zerrenda:
1.- 1976. kilometroa: Aginagako Mapil: San Praixku Guraso Elkartea.
2.- 1977. kilometroa: Errasti etxea: Aginagako Jai-Batzordea eta Antxomolantxa.
3.- 1978. kilometroa: Lasao Etxea: Berriola Fagor Automation.
4.- 1979. kilometroa: Kaparotz baserria: Udarregi Ikastola.
5.- 1980. kilometroa: Bordatxo taberna: Udarregi Ikastolako LH6-ko ikasleak.
6.- 1981. kilometroa: BM supermerkatua: NOAUA! K.E.
7.- 1981. kilometroa: Kalezarko Haur Eskola pareko etxeak: Kabiene.
8.- 1982. kilometroa: Kalezar: Usurbilgo gazte mugimendua.
9.- 1983. kilometroa: Santueneko zubia: Elhuyar.
10.- 1984. kilometroa: Zubietako Amiri baserria: Usurbilgo Udala.
11.- 1985. kilometroa: Larraitz etxea: Zubietako Herri Batzarra.
12.- 1985. kilometroa: Iturritxo etxea: Zubietako Eskola.
13.- 1986. kilometroa: Irigoien etoribidea: Usurbilgo Lanbide Eskola.