Antolakuntzak azken orduotan NOAUA!ri ohartarazi diotenez, bai; azkenekoz 2019an, duela hiru urte ikusi genituen erraldoiak kalejiran dantzan ikusiko ditugu berriz, 22. Korrikaren harrera egunean. Ostiral honetan, apirilaren 8an. Izango da noski, pandemia tarteko, hainbeste denbora eta gero, oraindik ezagutzeke egonik, lehen aldiz erraldoiak ikusteko aukera izango duen haurrik.
22. Korrikaren harrera egunerako, ostiralerako iragarri diren ekimenen artean irtengo dira Mikel Laboa plaza ingurura. Arratsaldeko 18:00etan iragarria dagoen ibilaldi kulturalaren baitan. Herriko sortzaile hainbaten eskutik, kalejira berezi batez gozatzeko aukera izango da. Etumeta AEK euskaltegi paretik, udaletxe aurreko plaza ingurutik abiatuko da hitzordua. Frontoia, Mikel Laboa plaza, Artzabal eta bueltan, frontoi atzealdea zeharkatuko dituen kalejira berezian, hainbat geldialdi egingo dira. Geldialdiotan, herriko artixtek prestaturiko emanaldiez gozatzeko aukera izango dugu. Denetarik aurkituko dugu; musika, dantza, umorea, erraldoiak....
Korrika Eguna ezinhobeto borobiltzeko aukera beraz ostiralean. Hasi ordea, goizean goiz ekingo diogu; lasterka noski. Goizaldeko 6:00ak pasatxoan espero baita euskararen aldeko martxa udalerri honetan. Girotzeko, berotzen hasteko zumba saio berezia antolatu du Usurbilgo gazte mugimenduak, goizeko 5:30etan Mikel Laboa plazan. Gazte mugimenduak berak, Kalezarren lekukoa hartuko duen eremura kalejira antolatu du segidan.
Eta gero denok, Korrikara! Euskararen aldeko lasterketa igarota, herri gosariak antolatu dira bai Aginagan, Usurbilgo frontoian eta Zubietan.
22. KORRIKA USURBILEN
Apirilak 7, osteguna
14:30 Udarregi Ikastolakoen Korrika Txikia.
22:00 Gazte afaria Aitzaga Elkartean.
Apirilak 8, ostirala
5:30 Zumba saioa Mikel Laboa plazan gazte mugimenduaren eskutik.
6:00 Gazte mugimenduak Kalezarren izango duen kilometrora kalejira.
6:24 aldera 22. Korrika Aginagako Mapilera helduko da. N-634 errepidetik barrena 6:40 aldera Usurbila eta 6:50 aldera Zubietara.
Korrika igaro ondoren, txokolate jana Aginagan Jai Batzordearen eta Antxomolantxa elkartearen eskutik eta Usurbilgo frontoian 7:45 aldera, 8:00ak aldera herri gosaria Zubietako plazan.
15:00 Korrika Txikia Zubietan eta merendola.
18:00 Ibilbide kulturala Etumeta AEK euskaltegitik abiatuta: musika, dantza, erraldoiak, literatura, bertso eta abestiak... eta umorea, umorea erruz!
Apirilak 10, igandea
12:30 22. Korrikaren amaiera Donostiako Bulebarrean. Segidan, egun osoko jaialdia Alde Zaharraren bueltan.
Antolatzaileak: eragile ezberdinak elkarlanean.