“Oso denbora gutxian emozio asko partekatzen dituzu”
Zenbagarren edizioa herritik kanpo Korrikan parte hartzen?
Aurten hirugarrena.
Nola bururatu zitzaizuen ideia hau?
Kuadrilan bati okurritu zitzaion taldean joateko eta denak animatu ginen. Urtetik urtera gehiago animatzen joan gara.
Nondik nora ibili izan zarete urteotan?
2017an, Urzainkin ibili ginen korrika, 2019an Olatzen egin genuen eta aurten Espartzan egin dugu korrika.
Lekukoa hartu izan duzue gainera, ze oroitzapen duzue?
Polita da kuadrilan esperientzia hori bizitzea, lagunekin, seme-alabekin.... Oso denbora gutxian emozio asko partekatzen dituzu eta berriz ere hurrengorako gogoz zaude segituan.
Korrikaren aitzakian, Euskal Herriko txokoak ezagutzeko parada izango zenuten. Non parte hartu duzue gusturago eta zergatik?
Korrika egin eta gero inguruko herriren batean hartzen dugu ostatu aterpetxeren batean eta toki politak ezagutu ditugu bai. Lehen urtea berezia izan zen, lehena izateagatik eta gauez ere korrika egin genuelako. Aurtengoan ere elurretan korrika ibiltzeak oroitzapen politak utziko dizkigu.
Aurten nondik nora ibili zarete?
Espartzatik Galarrera ere egin dugu Korrika.
Ez zarete gutxi, zenbat lagun bildu ohi zarete?
49 lagun joan gara. Normalean herri txikiren batera joaten saiatzen gara eta horrelako taldea ikusten dutenean harritu egiten dira, baina gustora hartzen gaituzte.
Usurbilen beti Korrikari egin zaion harrera jendetsua ikusita, zer nolako giroa bizi izan duzue bisitan izan zareten zonaldeetan? Inguru horietan nola bizi dute Korrika?
Korrikak emozioa sortzen du pasatzen den txoko guztietatik eta modu batera edo bestera, hori nabaritzen da. Astebukaeratan jende asko mugitzen da Korrikaren aitzakian eta motza izaten bada ere, aurreko eta ondorengo giroa ederra izaten da beti.
“Bizi beharreko esperientzia da hau”
Nondik sortu zaizue Nafarroa hegoaldean Korrikan parte hartzeko ideia?
Txirristrako terrazan kafe bat hartzen.
Lehenengo aldia Usurbildik kanpo Korrikan parte hartzen duzuela?
Kilometroa erosi eta halako plan batean denok batera joan garen lehen aldia izan da.
Nola hautatu zenuten Korrikan parte hartzeko eremua?
Asteburua izatea nahi genuen, igande goiz bat, haurrentzako egokia zen ordutegia. Zonaldea argi genuen; Nafarroa hegoaldea izan behar zuen, bertan zeudelako aukera gehien. Korella eta Zintroniko artean parte hartu genuen.
Hemen ohituak gara Korrika jendetsua ikustera. Bestelako errealitate batekin egingo zenuten topo Nafarroa hegoaldean?
Bai. Kalean nongoak ginen galdezka etortzen zitzaizkigun. Asko ez ziren jabetzen Korrika pasatzekoa zenik. Azaldu genien. Ekimen hauei esker, euskararen aldeko konpromisoa haraino eramateko aukera dugu eta aukera hori ezin dugu galdu. Aurreneko aldia zen, jakitea hor zaudela itxaroten zu bakarrik, errepide alboan, beste inor ez dago. Ibilgailuak pasatzen dira eta batzuk klaxonak jotzen, besteek arraro begiratzen… Gure kasuan Korrika ordu erdiko atzerapen batekin heldu zen baina une hori badatorrela ikusteak, haurrak ikustea ez dakitela zer datorren baina badakite zerbait badatorrela, haiek mugimendu horretako parte izango direla jakitea… Oso une berezia da. Berriz ere bueltatuko garela seguru.
Txikienek lehen Korrika izango zuten?
Gehienentzat. Gehienek ez zekiten zer zetorren, galdetu egiten zuten, erantzuten genien zergatik ginen han. Laguntzeko zela, euskararen alde… Ez ziren jabetzen gauza askotaz. Baina beraiei ere txikitatik irakastea oso garrantzitsua da. Haiek dira etorkizuna.
Eta zer nolako esperientzia izan zen?
Hor aurrean joatea oso polita da. Oso oso ondo pasa zuten, gehiago nahi dute. Ostirala noiz iritsiko zain dira, berriz ere Usurbilen parte hartzeko. Hurrengoan bat ez, gutxienez hiru kilometro erosteko eskatu digute.
Zeinen eskutik jaso eta nori eman zenioten lekukoa?
Beasaineko koadrila baten eskutik jaso genuen lekukoa eta pailazoz mozorrotuak zeuden taldeari eman genion.
Zuek bakarrik izanda, hartueman berezia sortuko zen antolatzaileekin?
Oso harrituta zeuden hainbeste ume ikusita. Hamar familia joan ginen eta 24 haur eraman genituen. Ehun metro bakoitzeko antolatua genuen haur batek lekukoa hartzeko. Harrituta zeuden eta haiek txaloka denbora guztian, beraiek guri eta guk beraiei.
Errepikatzeko moduko esperientzia beraz. Aholkatzeko modukoa.
Bai. Hurrena hiru kilometro hartu beharko ditugu, gutxitxo geratu baitzaigu bakarra. Koadrilan, bai bakarka, bai familian egiteko modukoa da. Denok oso hunkituta amaitu genuen gure kilometroa. Bizi beharreko esperientzia da hau. Animatu denok!