Tokitan

Oihane Rubio: “Umetatik izan dut bidaiatzeko grina”

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 18a, 08:15

Gizarte hezitzailea da Oihane Rubio. Ikasketa guztiak Euskal Herrian egin ondoren, kanpora joateko grina piztu zitzaion eta pandemiaren egoerak asko lagundu ez bazion ere, urtebete darama Europako hainbat txokotan bizitzen. NOAUA!rekin partekatu ditu bere bizipenak.

NOAUA! Zerk eraman zaitu Florentziara?

Oihane Rubio: Egia esan ez neukan jomuga jakinik. Hasiera batean Mexikora joan nahi nuen, baina pandemia garai hauetan oso zaila da Europatik kanpora joatea. Orain arte, Maltan bizi izan naiz, eta behin hango lanak amaituta curriculuma bidaltzen aritu nintzen Europako txoko askotara, eta Florentziara ekarri nau zoriak.

 

OIHANE RUBIO

"Egunerokotasunarekin eta monotoniarekin hausteko beharra neukan”. Florentzian bizi da gaur egun

 

Lehenago Maltan egon zinen, beraz.

Orduan ere ez nuen Europan geratu nahi. Duela urtebete Australiara joatea nuen buruan, baina ezinezkoa izan zen osasun egoera kontuan hartuta. Nik lagun bat nuen Maltan bizi zena, eta hark aipatu zidan Maltan lanpostu ugari ari zirela sortzen eta jende bila ari zirela lanerako. Bizi-kalitatea oso ona da Maltan eta konbentzitzen ez zuen lan askorik hartu beharrik izan. Oso ideia ona iruditu zitzaidan Maltara joatea, eta hara jo nuen bi aldiz pentsatu gabe. Pandemia zertxobait lasaitu zenean, Maltan lanean hasi nintzen hainbat lekutan. Lehenengo turismoari lotutako lanak izan nituen hoteletan, eta gerora, nire ikasketei lotuta zegoen zerbait egin nahi nuela ikusita, gizarte hezitzaile lana bilatzen hasi nintzen. Ez nuen berehala halako lanik lortu eta ia sei hilabetez ostalaritzan aritu nintzen. Haurrak zaintzen ere aritu nintzen, eta azkenean nire ikasketei lotutako zerbait aurkitu nuen: pertsona autistekin lan egiten zuten zentro batean.

 

Nolatan aldatu zenuen Florentzia Maltagatik?

Azken hilabeteak hostel batean egin nituen eta bertan jende mordoa ezagutu nuen. Haiekin nire etorkizuneko helburuak eta gogoko esparruak partekatu nituen eta aipatu zidaten Italian zentro asko zeudela non gizarte hezitzaile askok lan egiten zuten eta curriculumak bidaltzeari ekin nion. Azkenean, baiezkoa eman zidaten orain lan egiten dudan zentroan eta Florentziara etorri nintzen. Mexiko nuen buruan orduan ere, baina oraindik Europatik kanpo ateratzea zaila da pandemiaren ondorioz. Hala ere, ahal dudanean, Europatik ateratzea da nire asmoa.

 

“Mundu osoko jendearekin harremandu naiz”

Kanpoko jendearekin asko harremandu zarela begibistakoa da. Ahoskeran igartzen zaizu.

Mundu osoko jendearekin harremandu naiz. Nire lagun gehienak latinoamerikarrak dira, eta horregatik ahoskera aldatu egin zait pixka bat. Espainiako jendearen lagun ere egin naiz, ez agian horrenbeste, baina tira. Europa iparraldeko jende dezente ezagutzen dut, eta orain Florentzian italiar asko ezagutu ditut, eta espainiarrak. Orokorrean, saiatzen naiz gazteleraz hitz egiten ez duen jendearekin egoten, ingelesa praktikatu ahal izateko.

 

Ingelesarekin ondo moldatzen zara orain?

Etorri nintzenean baino askoz ere hobeto. Nahikoa oinarri sendoa daukat orain eta azterketa batean izena ematekotan nabil. Australian sartzeko lanerako bisa lortu nahi dut eta horretarako ingelesa ezinbestekoa da. Pixkanaka pixkanaka ari naiz. Egia da orain Italian egonda ez daukadala aukera gehiegi ingelesa praktikatzeko, bertakoek ez baitute maila handiegirik. Lagunekin bideo-deiak egiten ditut, eta modu horretan, mintzamena praktikatzen dut.

 

“Pandemia aurretik baino gehiago bidaiatzen ari naiz orain”

NOAUA! Nolakoa da zure egunerokotasuna?

Oihane Rubio: Maltan nengoela, hotel batean egiten nuen lan. Hoteleko langileontzat gelak izaten zituzten eta han bizi nintzen. Jende asko geunden eta izugarrizko esperientzia izan zen. Hoteleko kontratua behin amaituta, Maltako hirigunean pisu bila aritu nintzen Pozon, eta gero Polonian lan egiteko aukera suertatu zitzaidan.

Poloniara ere joan nintzen, eta bidaia asko egiteko aukera eman zidan horrek. Denetariko lekuetan bizi izan naiz orain arte. Hosteletan bizitzea asko gustatzen zait, mundu zabaleko jendea ezagutzeko aukera ematen baitit horrek.

Orain, pisu batean bizi naiz Florentzian bi italiar eta espainiar batekin. Arraroa egiten zait logela pribatua izatea, orain arte partekatzera ohituta egonda. Intimitatea zer den ere ia ahaztuta neukan. Orain eguneko zentro batean lan egiten dut desgaitasuna duten pertsonekin. Oso gustura nago eta goizez ari naiz lanean. Arratsaldeetan entrenatu egiten dut, korrika egitera aterata edo beste. Gero, lagunekin geratzen naiz eta parranda ere egiten dugu. Asko gustatzen zait dantzatzea. Asteburuetan turismo pixka bat egiteko aprobetxatzen dut. Leku berriak ezagutzea asko gustatzen zait.

 

Zein leku bisitatu dituzu orain arte?

Italian hilabete daramat, eta beraz, oraindik ez dut herrialdea gehiegi bisitatzeko astirik izan. Siena, Liborno, Luca eta Pisan egon naiz, eta asteburu honetan Dublinera noa.

 

Pandemiaren eragina nabaritu duzu atzerrian?

Bai, jakina. Bidaiatzerako garaian arazo izaten ari da pandemia. Herrialde bakoitzak bere neurriak ditu eta horrek eragina izan du. Ez da gauza bera horrela bidaiatzea edo pandemiarik gabeko garaian bidaiatzea. Hala ere, orain gehiago ari naiz bidaiatzen pandemia aurretik baino. Pixkanaka ohitzen ari naiz neurriak ondo begiratu eta ahalik eta bizitza normalena egitera.

 

Zer botatzen duzu faltan?

Egia esan ezer ez. Ez dut faltan botatzen eguraldia eta orokorrean beste ezer ere ez. Familiarekin harremanetan nago, jakina. Lagunekin ere harremanetan nago, baina ez lehen bezala. Norbait kanpora joaten denean beti galtzen da eguneroko harreman hori. Benetan lagunmin izan ditudan horiekin harremanetan jarraitzen dut. Gainera, hemen lagun berriak egin ditut.

 

“Epe erdira etorkizuna irudikatzailea oso zaila egiten zait”

NOAUA! Epe ertainean non eta zertan irudikatzen duzu zeure burua?

Oihane Rubio: Ez nuke jakingo esaten non egongo naizen. Nire ametsak jarraitu nahi ditut, baina gizartea uneoro aldatzen ari da. Pandemiak erakutsi digu egunean egunekoa egin behar dugula, eta epe erdiko etorkizuna irudikatzea oso zaila dela. Benetan gustatuko litzaidake Australian edo Latinoamerikan bizitzea, horri ez nioke muzin egin nahi. Hala ere, ez dago jakiterik bihar zer gertatuko den.

Agian, maitemindu egingo naiz eta ez dut beste inora joan nahiko, edo oso gustura egongo naiz hemen eta Australia eta Latinoamerikara bidaian baino ez naiz joango. Nork daki.

 

"TOKITAN" ATALA

NOAUA!n zabaldu dugun atal berri honi ‘Tokitan’ izena ipini diogu. Atzerrian bizi diren usurbildar gehiago elkarrizketatu nahi ditugu txoko honetan. Egoera horretan den herritarren bat ezagutzen baduzu, bidali bere izena gure posta helbidera: erredakzioa@noaua.eus