Tokitan

Paloma Huguet: “Nirekin lan egiten duten batzuk Nobel Saria irabazteko hautagaiak dira”

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 25a, 07:32

Ikasketek Alemaniako Gottingen hirira eraman zuten Paloma Huguet usurbildarra. Neurozientzialaria da bera, eta jada bi urte eta erdi daramatza atzerrian bizitzen. Alemaniako bizipenak partekatu nahi izan ditu NOAUA!rekin.

NOAUA! Zerk eraman zaitu Alemaniara?

Paloma Huguet: Doktoretza tesia egitera etorri nintzen hona eta horretan jarraitzen dut. Neurozientzialaria naiz ni, biologomolekularra zehatzago esanda. Ikerketa egiten ari naiz medikamentu berriak sortzeko eta aplikazio kimikoak sortzeko. Burmuinean dauzkagun neuronak aztertzen ditut eta euren artean nola komunikatzen diren. Neuronek elkarri hitz egiten diete eta modu horretan burmuina koordinatu egiten da, eta hortik gorputzera pasatzen da informazio hori. Elektrizitate bidez egiten da prozesu hau, eta nik hori aztertzen dut, neuronen arteko elektrizitatea. Ez hori bakarrik, doktoretza tesiak egiterakoan ikasi ere egin behar da. Zer dakigun eta zer ez dakigun ikusita, ikerketa lan bat egin behar da. Doktoretza tesia egitean, azken finean, ikasle eta langile gara aldi berean.

 

Euskal Herrian egin dituzu gainontzeko ikasketak. Nolatan joan zara Alemaniara doktore–tza egitera?

Unibertsitate ikasketak amaitzen ari nintzela, GRALa egiteko neurozientzietako laborategi batean aritu nintzen lanean eta konturatu nintzen horretatik bizi nahi nuela nik. Begira aritu nintzen eta ikusi nuen Europako masterrik onenetariko bat hemen zegoela Gottingenen. Unibertsitateak ere izugarrizko ospea du, eta eskaera bidali nien masterrean sartzeko eta baiezkoa eman zidaten. Izugarrizko aukera izan zen niretzat, bizitzan behin gertatzen diren horietakoa. Jada bi urte eta erdi daramatzat bertan, eta beste hiru edo lau egin beharko ditut hemen gutxienez.

PALOMA HUGUET

“Jada bi urte eta erdi daramatzat Alemanian, eta beste hiru edo lau egin beharko ditut hemen gutxienez”

 

Gustura zabiltza Alemanian?

Oso gustura. Gainera, Alemanian zientzia lantzeko aukera ederrak daude, inbertsio handiak egiten dituzte eta garrantzia ere izugarria ematen diote. Gottingeni zientziaren hiria ere esaten diote. Bertatik pasatu dira Nobel Saria irabazi duten hainbat zientzialari eta egongo dira etorriko direnak ere. Nirekin lan egiten duten pertsona batzuk Nobel Saria irabazteko hautagaiak dira. Zientzia egiteko giro aparta dago eta aukera pila bat ari zaizkit suertatzen zientzialaritzan.

 

Alemanak oso hotzak omen dira. Hala uste duzu zuk ere?

Hala da, bai. Harremantzerako garaian ez dira oso irekiak. Hiri hau zientziaren hiri izaki, biztanle gehienak ez gara bertakoak, baizik eta munduko edozein txokotakoak. Jendea zientziagatik etortzen da, eta beraz, aleman gutxi ezagutzen ditut. Gutxi ezagutzen ditut, eta gainera, gehiegi harremantzeko ohiturarik ez dutenez, gutxi ibiltzen naiz haiekin.

 

“Behin hona iritsita lagunak egin beharra daukazu”

NOAUA! Alemanekin ez zara harremantzen. Askotan, kanpora joatean jendeak ohitura du gazteleraz mintzo den jendearekin elkartzeko. Zure kasua ere hala da?

Paloma Huguet: Arraroa egin daiteke, baina bi espainiar baino ez ditut ezagutzen. Iritsi nintzenean lagunak egin beharra neukan eta gaur egun nire lagunik minenak Indiakoak dira. Peruko lagun bat ere badut, Errusiakoak, Turkiakoak, Italiakoak edota Amerikako Estatu Batuetakoak… Denetik pixka bat. Behin hona iritsita lagunak egin beharra daukazu. Asteburuetan senide eta lagunekin ezin dut egon, eta gainontzekoentzat ere egoera hori bera da. Asteburuetan, beraz, jendeak kalera atera nahi du eta aisialdiaz disfrutatu, eta beraz, lagunak egin behar.

 

“Gottingen hiria txikia da, oso polita, eta gustura bizi naiz bertan”

NOAUA! Alemaniarrak usurbildarrengandik oso ezberdinak direla uste duzu?

Paloma Huguet: Bai, erabat. Mundua ulertzeko modua eta orokorrean harremantzeko modua oso ezberdinak dira. Egunerokotasunean egiten ditugun planek ere ez dute zerikusirik. Oso gauza arraroak egiten dituzte hemen, nahiko kontu “frikiak”. Aurreko batean taberna batera joan nintzen lagunekin garagardotxo batzuk hartzera eta lehiaketa bat egiten ari ziren bertan. Garagardoz beteriko pitxerra hartu eta goraka besoa luzatuta nork gehiago iraungo neurtzen ari ziren; gehien irauten zuena irabazle. Nik Donostian edo Usurbil inguruan ez dut sekula horrelako ezer ikusi. Alemanak oso etxezaleak dira. Neurri batean normala ere bada hotz handia egiten duela kontuan hartuta. Mahai-jokuetan jolastea oso gustoko dute, adibidez. Kanpoan neguan oso ohikoa da -10C egitea, eta beraz, ez dago kanpoan denbora luzez egoterik.

 

PALOMA HUGUET

“Groningen hiriko pisu batean bizi naiz indiar batekin. Lagun egin ginen eta batera bizitzera joatea erabaki genuen”

 

Ari zara hotz horretara eta eguzki ordu gutxitara ohitzen?

Momentuz behintzat ez naiz ohitu, eta uste dut sekula ez naizela ohituko horretara. Faltan botatzen dut eguraldi argiagoa eta epelagoa. Gabonetan etxean izan nintzen eta inoizko gabonik epelenak egin ditu. Abenduaren 28an iritsi nintzen eta 20C egiten zituen. Egia da hori ere ez dela normalena, baina eskertu nuen eguzkia eta eguzkia ikustea.

 

Nolako hiria da Gottingen?

Gottingen oso hiri polita da eta gustura nago bertan, oso txikia da. Donostia baino txikiagoa da. Alemaniako hiritxo bat da, estilo oso alemana duena. Bertan daramatzadan urte hauetan inguruko hirietara bidaiatzeko aukera izan dut: Hamburgo, Bremen… Doktoretza egiten ari naizenez, ikasle izaera ere badut eta hemen, garraiobide publikoa doakoa da ikasleentzat. Polonian ere izan ginen, Belgikan eta Amsterdamen ere bai.

 

Norekin bizi zara?

Pisu batean bizi naiz indiar batekin. Lagun egin ginen eta batera bizitzera joatea erabaki genuen. Hasieran, Alemaniara iritsi nintzenean, nire programak kontuan izan zuen atzerritarra nintzela gainontzeko ikasleak bezala, eta alemanik ez nuela hitz egiten ere kontuan izan zuten. Beraz, Unibertsitateak aurkitu zidan bizileku bat nire programa jarraitzen duten beste zientzialariekin batera. Oso gustura egon nintzen han ere. Giro latino bikaina geneukan bertan, baina lau pertsona pisu batean egotea gehiegitxo zen niretzat. Indiako lagunak ere buruan zerabilen pisuz aldatzea eta biok batera joatea erabaki genuen.

 

“Interneterako konexioa munduko txarrenetarikoa da hemen”

NOAUA! Etorkizunean Alemanian geratzeko asmoa duzu?

Paloma Huguet: Zientzia egiten jarraitu nahi badut, laborategi garrantzitsuak bilatuko ditut eta bertara joango naiz. Zientziaz nazkatzen banaiz, enpresetan beti egoten da lana, dela Usurbilen, dela Donostian. Urte batzuk hemen egin beharra daukat, eta behin doktoretza amaitzean egoera pertsonala ikusi beharko dut zer egin nahi dudan erabakitzeko. Oraingoz ez dut gehiegi pentsatu gaiari buruz, hiru urte ditut aurretik.

 

Gauza gehiago ere botako dituzu faltan.

Familia eta lagunak batez ere, baina baita giroa ere. Euskal Herrian beste inon edo ia inon aurki ezin daitekeen giroa dago, eta hori ere asko botatzen dut faltan. Horrez gain, txorakeria bat ematen du, baina etxean nagoenean eta kaleko elkarrizketak ulertzeko gai naizela ikustea oso arraroa egiten zait, eta barregarria ere iruditzen zait. Txantxak egiteko modua ere faltan botatzen dut, hemengo kultura umoretik ulertuta, oso ezberdina da. Batzuetan zerbait esaten dudanean, neure buruari barre eragiten diot, baina inork gehiago ez du barrerik egiten. Argentinako lagun bat dut hemen eta aleman batzuekin elkartu ginen. Orduan, nahi gabe gurean nahiko ohikoa izan daitekeen espresio bat esan zuen nahi gabe elkarrizketaren harira: “¡Qué nazi!”. Alemaniako mutila erabat zurbil geratu zen eta mila aldiz barkamena eskatu behar izan zion.

 

Izango dituzu gisa horretako kontakizun gehiago ere.

Alemania teknologia arloan puntako herrialdea da. Bai behintzat Europan. Hala ere, wifi eta Interneterako konexioa munduko txarrenetarikoak dira. Garai batean, kableak mundu osoan kobrezkoak ziren, eta gerora abiadura hobea lortzeko herrialde gehienek aldatu egin zituzten, baina alemaniarrek ez. Ez dakit oso ondo zein den hori egiteko arrazoia, baina oso oso konexio txarra daukate. Bizitzaren kontraesanak, badakizu.

 

"TOKITAN" ATALA

NOAUA!n zabaldu dugun atal berri honi ‘Tokitan’ izena ipini diogu. Atzerrian bizi diren usurbildar gehiago elkarrizketatu nahi ditugu txoko honetan. Egoera horretan den herritarren bat ezagutzen baduzu, bidali bere izena gure posta helbidera: erredakzioa@noaua.eus