NOAUA! Zerk eraman zaitu Suediara?
Imanol Iribar: Abuztuan iritsi nintzen Suediara. Denborarekin etorri nahi izan nuen lekua hobeto ezagutu eta ikasturtea behar bezala hasteko. Astebetetxo lasai-lasai egin nuen, eta hurrengo astean egin genuen “Introduction Week”, ikasle berriei ongietorria emateko aste berezia. Bertan, unibertsitatea ezagutu genuen eta, batez ere, nola funtzionatzen duen. Bi aste beranduago pixkanaka ikasturteari hasiera eman genion.
Zuk aukeratu zenuen Suediara joatea edo tokatu egin zitzaizun?
Hasieratik erabakita neukan iparraldeko herrialderen batera joan nahi nuela, zela Finlandiara, zela Suediara edo zela Norvegiara. Elurra eta hotza nahiago ditut beroa baino. Lehen aukera horiek egin nituen, eta kasualitatez, libre geratu ziren plaza batzuk eta zortea izan nuen azken momentuan Erasmus programan sartzeko. Hasiera batean urte erdia egin nahi nuen, Gradu Amaierako Lana ingelesez egiteak beldur pixka bat ematen zidan eta nahiago nuen azken fase hori Arrasaten egin. Azken momentuan Erasmusean baiezkoa eman zidatenez, oso denbora gutxi izan nuen gauzak behar bezala antolatzeko eta urte osorako eskaintza hau egin zidaten. Momentuko urduritasunarekin erabaki behar izan nuen aurrera jarraitu edo aukera horri muzin egin, eta irakaslearekin hitz egin eta aurrera egitea erabaki nuen. Ez nekien urte erdia egitea posible izango zen, baina zirt edo zart egin behar zen eta argi neukan Erasmusa egin nahi nuela. Baimena eman zidaten urte erdia egiteko, baina urte osoko aukera hartuz gero, Suediako Unibertsitateak eta Mondragon Unibertsitateak, biek emango zidatela titulua esan zidaten, eta beraz, aurrera egitea erabaki nuen. Beraz, arlo berdinean bi titulu izango ditut.
IMANOL IRIBAR
“Ikasle-egoitza batean bizi naiz, eta 13 euskaldun izan gara lehen seihilekoan. Beraz, euskara gehiago praktikatu dugu ingelesa baino”
Ingelesak beldur pixka bat ematen zizula aipatu duzu. Nola moldatzen zara hizkuntza horretan orain?
Ikasle-egoitza batean bizi naiz, eta lehen hiru solairuetakoak denak erdaldunak, eta tartean 13 euskaldun izan gara lehen seihilekoan. Beraz, euskara gehiago praktikatu dugu ingelesa baino. Klaseak ingelesez egiten ditut eta lehen esan bezala, GRALa ere ingelesez egin beharko dut. Joan zen urtean ere, Arrasaten, hirugarren urteko lehen seihilekoa ingelesez egin nuen, hala egin beharra dagoelako. Beraz, moldatzeko moduan.
“Ingeniaritza mekanikoa amaitzen ari naiz”
NOAUA! Skövdeko unibertsitatea eta Mondragon oso ezberdinak al dira?
Imanol Iribar: Ingeniaritza mekanikoa amaitzen ari naiz. Unibertsitatea Mondragonen oso antzekoa da. 1977koa da Suediakoa eta hiria, berriz, militarrek sortu zuten. Oraindik militar asko daude bertan. Unibertsitatea militarrena izan zen garai batean, eta gerora, eraikin horiek guztiak aprobetxatu egin dira. Bost edo sei eraikinek osatzen dute kanpusa. Arrasatekoaren oso antzekoa da neurria kontuan hartuta ere. Hala ere, izugarrizko erbia dabil kanpusean azken aldian, oreinaren neurrikoa. Halakorik ez daukagu Arrasaten.
Euskaldun eta erdaldunekin pasatu duzu denbora gehiena, beraz. Atzerriko jendea ezagutzeko aukera ere izan al duzu?
Bai, ia ezinbestean egiten dituzu atzerriko lagunak. Ikasle-egoitzan, nire solairu berean nigeriar bat bizi da, eta askotan aritzen gara egongelan berarekin jolasean. Harekin ingelesez egiten dugu, noski. Aleman asko ere badaude bertan.
“Datorren urtean industriari lotutako master bat egingo dut Arrasaten”
NOAUA! Suediarrak nahiko hotzak direla esaten da sarri. Hala iruditzen zaizu zuri ere?
Imanol Iribar: Oso formalak direla esango nuke nik. Gehienak ilehoria, argalak eta altuak dira, esterotipoei jarraiki. Gizartean distantzia mantentzen dute, baina laguntzeko garaian oso eskuzabalak dira. Gogoan dut behin azterketa batean, irakasleak azalpena suediarrez eman zuen eta ez nuen ezer ulertu. Behin bukatu zuenean, aurrean eserita neukan suediarrak itzuli erdi egin eta ea esandakoa azaltzerik nahi nuen galdetu zidan. Gisa horretako gauzetarako trebetasun sozialak badituztela esango nuke, baina gainontzekoan bakoitza bere munduan bizi da.
Suediar asko ez dituzu ezagutzen, beraz.
Ez. Ikasle-egoitzan ere ez dago batere. Bat bakarra egon zen, eta ez zen gurekin ia batere harremandu.
IMANOL IRIBAR
“Gabonetan, Erasmusen geunden usurbildarrak Budapesten elkartu ginen, festak elkarrekin pasatzeko”
Suediarrak eta Suedia alde batera utzita, Erasmusera joatean ohikoa izaten da asko bidaiatzea. Zure kasuan ere hala al da?
Bai. Lehendabizi Suedian, hemen inguruan ditugun hiri batzuk bisitatu genituen: Estocolmo, Gottenburgo… HJO izeneko laku batera ere joan ginen. Euskal Herriaren neurria du, eta hemendik nahiko gertu dago. Ni nagoen hiria bi laku handiren tartean dago, eta beraz, horrelako lekuak bisitatu ditut. Suediatik kanpo, Kroazian izan ginen, beste bidaia oso potente bat egin genuen Laponiara. Astebete eman genuen Finlandiako iparraldean, Ipar Poloan. Aurora borealak ikusteko aukera ere izan dut. Gabonetan, Erasmusen geunden usurbildarrak elkartu ginen Budapesten gabonak elkarrekin pasatzeko.
Bidaia gehiago prest dituzu?
Norvegia aldera joatea daukagu buruan, iparraldera. Kopenage ere gustatuko litzaiguke ikustea, beherago etorrita Austria inguruak eta beste asmoren bat ere badugu.
Behin hango ikasketak amaituta, etxera itzuliko zara uda partean. Zer asmo duzu gero?
Datorren urtean Arrasaten industriari lotutako master bat egingo dut, ziur aski. Suedia asko gustatu zait, baina familia eta lagunak Euskal Herrian dauzkat eta baserrian aritzea ere asko gustatzen zait. Suedian oso esperientzia ona ari naiz izaten, baina aldi baterako. Nire etorkizuna Euskal Herrian dago.
“Elurra jada joan da, baina lakuek izoztuta jarraitzen dute”
NOAUA! Bikain ari zara pasatzen, baina Usurbildik ere zerbait botako duzu faltan.
Imanol Iribar: Batez ere faltan botatzen dudana eguzkia da. Jada pixkanaka geroz eta eguzki ordu gehiago ditugu hemen, baina Gabonetan 10:00ak aldera eguzkia ateratzen zen eta 15:00etarako sartu. Orain, ordubetetxo bat irabazi dugu, garai hauetarako. Azken aldi honetan nahiko giro ona egiten du. Oraintxe bertan 4C egiten ditu, baina azaroan edo abenduan aste pare batean ez ginen 0C-tik pasatu. Gauez -13C inguru egiten zituen, eta egunez ere 0C-tik pasatu ezinik. Joan zen astean, elurra egin zuen dezente. Elurra jada joan da, baina lakuek izoztuta jarraitzen dute oraindik ere.
Gauez parranda egiteko ere, hotza arazo da?
Hiria nahiko kozkorra da. 60.000 biztanle inguru ditu. Parrandarako ere ez daude leku gehiegi. Covid-19ari lotutako neurri guztiak kendu dituzte jada, sintomak izanda ere ez dugu PCR probarik egin behar. Hala ere, parranda oso mugatua da. Badugu diskoteka moduko bat unibertsitateko ikasleentzat. Gai jakinak jartzen dituzte, eta mozorrotuta joaten gara batzuetan. Hirian ere badago diskoteka bat eta oso-oso gutxitan bada ere, noizean behin joaten gara. Sarrera 15 euro ordaindu behar da, eta beraz, ez gara maiz joaten. Ikasle-egoitzan bertan parrandak antolatzen ditugu. Bada arazo bat, ordea. Garagardo latak ezin dira supermerkatuetan erosi; 3,5 gradurainokoak baino ez dituzte saltzen. Gradu gehiagoko alkohola denda berezi batzuetan erosi behar da. Gobernuarenak dira. Litro erdi garagardok 1,5 euro balio du, baina moldatzen gara.
"TOKITAN" ATALA
NOAUA!n zabaldu dugun atal berri honi ‘Tokitan’ izena ipini diogu. Atzerrian bizi diren usurbildar gehiago elkarrizketatu nahi ditugu txoko honetan. Egoera horretan den herritarren bat ezagutzen baduzu, bidali bere izena gure posta helbidera: erredakzioa@noaua.eus