NOAUA! Zerk eraman zintuen Ingalaterrara?
Oihane Agote: Administraziora bideratutako goi-mailako zikloa egin nuen. Garbi neukan etorkizunean bide hori jarraituko nuela. Ikasketak bukatzear nengoela, irakasle batek industrian lan administratibo asko zegoela esan zidan eta horretan postu bat lortu ahal izateko, hirugarren hizkuntza batean ondo moldatzea garrantzitsua zela azpimarratu zidan. Hirugarren hizkuntza hori, nola ez, ingelera. Ikastolan betidanik ikasten genuen ingelera, baina ni ez nintzen oso ona. Kanpora joatea gomendatu zidan ingelera ikasi eta esperientzia berri bat bizitzera. Ideia polita iruditu zitzaidan, eta hona etortzea erabaki nuen.
Noiz izan zen hori?
2016an izan zen. Sei urte daramatzat hemen. 20 urte nituen orduan, eta lehen aldia nuen atzerrira bakarrik joaten. Ez naiz gogoratzen nola bururatu zitzaidan ideia hau, baina agentzia batekin harremanetan jarri nintzen au pair gisa etortzeko. Modu horretara, ez nintzen bakarrik egongo eta familiarekin egongo nintzen. Lana egin bitartean ingelera ikasteko denbora ematen zidan aukera honek eta aurrera egin nuen. Familiarekin kontratua sinatu nuen 6 hilabeterako, urtarrilatik ekainera. Behin kontratua amaituta, familiak denbora gehiagoz behar zuen norbait haurrak zaintzeko eta nik ere geratzeko gogoa nuenez, kurtso bat gehiago gelditu nintzen. Behin hori ere amaituta, ingeleraz nahiko txukun moldatzen nintzen eta lagunak ere banituen hemen. Bi lagunekin pisu bat hartzea erabaki nuen orduan, eta lan bat bilatu nuen. Modu horretan, gaur arte.
OIHANE AGOTE
“Sei urte daramatzat Salisburyn. 20 urte nituen orduan, eta lehen aldia nuen atzerrira bakarrik joaten”
Au pair esperientzia batzuk oso onak izaten dira, baina zoritxarrez beste batzuk oso txarrak.
Zorte handia izan nuen nik. Behin hona iritsita, agentziak lagundu zidan eskola bat bilatzen ingelera ikasteko eta ikaskideen %75 au pair etorritakoak ginen: alemaniarrak, espainiarrak, asiarren bat… Asiarrak diru askorekin etortzen dira eta goiz eta arratsaldez klaseak izateko dirua Asiatik bidaltzen diete. Au pair lanetan zebilen jende asko ezagutu nuen, eta ni nintzen familiarekin gustura zegoen bakarra. Jende asko web orrialde batean familiarekin harremana eginda etortzen da, nik berriz, agentzia baten bidez egitea erabaki nuen harremana. Hala, zerbait gaizki ateraz gero, haiek arduratuko ziren niri laguntzeaz. Hiru elkarrizketa egin nituen hiru familia desberdinekin, eta transmititu zidatena ikusita aukeratu nuen nire familia. Oso gustora egon nintzen beraiekin. Nik kobratzen nuen gutxien, baina gainontzekoak baino gusturago nengoen.
“Familiarekin ingelesez egiten nuen”
NOAUA! Lagunekin bizitzera joan zinela zenioen. Lagun horiekin gazteleraz egiten duzu, edo gaur egun zure bizitza ingeleraz egiten duzu?
Oihane Agote: Gaur egun ingeleraz bizi naiz. Iritsi nintzenean, batez ere gazteleraz hitz egiten nuen. Familiarekin ingeleraz egiten nuen eta klaseetan ere bai, beraz, behar nuen erosoago sentitzen nintzen hizkuntza batean hitz egiteko tartea ere. Nire ama hizkuntza ez da gaztelera, baina erosoago sentitzen nintzen gazteleraz ingeleraz baino. Lehenengo urtean egin nuen lagun taldean gehienak erdaldunak ziren. Lagunekin bizitzera joan nintzenean, bi lagunekin joan nintzen. Bata erdalduna zen eta bestea italiarra. Etxean ingelesez aritzen ginen, beraz. Gaur egun, ordea, oso jende gutxi dago au pair modura etorri eta bertan gelditzea erabakitzen duena.
Gaur egun, hortaz, ingelesa ezinhobeto hitz egingo duzu.
Bai, nahiko ondo egia esan.
“Lanean hasi eta enpresak eskaintzen dizkigu baliabideak eta behar ditugun ikastaro guztiak”
NOAUA! Nolakoa da oraingo zure egunerokotasuna?
Oihane Agote: Erabakiak hartzen ari naiz zer egin ikusteko. Mutil lagunarekin bizi nintzen duela gutxi arte, baina gure artekoa amaitu egin da. Ez dakit orain zer egingo dudan, baina au pair etorri nintzen familiarekin nago orain. Oso harreman ona daukat beraiekin, eta lasai eurenera etortzeko esan zidaten nora joan edo zer egin nahi dudan erabaki arte.
Brexit-ak dena delako arazoak sortu al dizkizu?
Ez daukat inolako zailtasunik. Brexit-a onartu zutenean jada hemen nengoen bizitzen 2016an. Brexit-aren arau berriak martxan jarri zirenean, dokumentu bat lortu nuen erakusten zuena Brexit-aren prozesua hasi aurretik ere hemen bizi nintzela. Jada hemen nengoenez, modu legal batean ezin naute herrialdetik bota. Dokumentu bat bete behar izan nuen erakusteko 2016a baino lehenagotik nengoela herrialdean. Bost urtetarako baimen bat lortu nuen horrela, eta 2024 hasieran amaituko zait. Behin 2024a iristerako nazionalitate bikoitza eskatu beharko nuke, ezkondu edo “citizen” izatea lortu beharko nuke. Dokumentu bat da azken hori ere, laneko kontratu bat edo beharko nuke bertan jarraitzeko baimena lortzeko. Orain, herrialdetik kanpo bidaiatu behar dudanean, bisa behar izaten dut, Brexit bisa berezia. Nik jada bost urterako balioa duen dokumentuarekin ez dut arazorik izaten gainontzeko dokumentuak lortzeko.
OIHANE AGOTE
Salisburyko zahar etxe batean egiten du lan. “Mundua gelditu zenean konfinamendu garaian, guk etxetik atera behar genuen lanera joateko eta oso garai gogorra izan zen niretzat”
Brexit-a arazo handiegia ez bada ere zuretzat, pandemia hala ari da izaten?
Bai, pandemiaren eraginak nabari ditut. Behin au pair lanak utzita, orain zahar etxe batean egiten dut lan. Osasungintza asko gustatzen zait orain, baina honetan lanean hasi baino lehen ez zitzaidan sekula esparru hori interesatu. Gurean ezinbestekoa da ikasketa batzuk eginda izatea horrelako lan batean hasteko, baina Ingalaterran ez da horrela. Lanean hasi eta enpresak eskaintzen dizkigu baliabideak eta behar ditugun kurtso guztiak. Behin lanean hasita ikasten dugu hemen. Hori da Ingalaterran gehien gustatzen zaidan gauza horietako bat, edonork dauka ia nahi duenean lan egiteko aukera. Pandemiak oso bortitz jo ditu zahar etxeak eta gogorra egin zait egoera. Lankideren batek positibo ematean, etxean geratu beharra gogorra da. Mundua gelditu zenean konfinamendu garaian, guk etxetik atera behar genuen lanera joateko eta oso garai gogorrak ditut gogoan.
Orain kontua pixkanaka hobera doa txertaketaren ondorioz. Ingalaterran nahiko goiz hasi ginen txertaketarekin.
NOAUA! Horrenbeste urte etxetik kanpo bizita, zerbait izango duzu faltan.
Oihane Agote: Janaria, batez ere. Sei urteren ondoren jada ohitu naiz hemengo janarira. Duela egun batzuk nire Ingalaterrako aitarekin hitz egiten egon nintzen eta hark galdetzen zidan niretzat zer den arraroena Ingalaterrako gastronomiari lotuta. Inolako zalantzarik gabe erantzun nion: babarrunak jatea gosaltzeko. Jateko ohiturak oso ezberdinak dira. Euskal Herrian otordurik garrantzitsuena askorentzat bazkaria da eta niretzat ere halaxe zen, baina hemen afaria da. Jakina, arratsaldeko 18:00etan afaltzen dute. Au pair lanetan aritu nintzenean, haurren bila joaten nintzen eskolara eta segituan afaria prestatzen hasten nintzen haurrentzat arratsaldeko 16:00etan. Asko kostatu zitzaidan horretara ohitzea. Ingelera ikasi beharra neukan garai hartan, eta haurrak afaldu eta 18:30 edo 19:00etarako ohera joaten ziren, eta orduan ikasten hasten nintzen. Ordurako ia hiru ordu afaldu nuela. Metabolismoarentzat hobea omen da ingelesen modura otorduak egitea. Oraindik ez dut 18:00etan afaltzen, baina 19:00etan edo 20:00etan bai. Oporretan etxera itzultzean, lagunekin afaltzeko geratzen naizenean, trago bat hartu eta afaltzera joateko 20:00etan geratzen gara askotan, eta ni Ingalaterran ordu horretarako lo egoten naiz.
Non irudikatzen duzu zure etorkizuna?
20 urterekin iritsi nintzen hona mundua jateko asmoz. Orain gauzak gehiago pentsatzen ditut. Haurrak izan edo ezkonduko banintz Ingalaterran, uste dut ez nintzatekela gai izango bizitzako egoera berri horiek familiarengandik urrun bizitzeko. Nahiko garbi daukat etxera itzuliko naizela. Pandemiaren ondorioz, 10 hilabete egon nintzen etxera itzuli gabe, inoizkorik denbora gehien. Eta asko pentsarazi dit nire etorkizunean. Urtean behin ziur Ingalaterrara itzuliko naizela, hemen lagun asko baitut, baina etxean biziko naiz.
“Nahikoa garbi daukat etxera itzuliko naizela”

"TOKITAN" ATALA
NOAUA!n zabaldu dugun atal berri honi ‘Tokitan’ izena ipini diogu. Atzerrian bizi diren usurbildar gehiago elkarrizketatu nahi ditugu txoko honetan. Egoera horretan den herritarren bat ezagutzen baduzu, bidali bere izena gure posta helbidera: erredakzioa@noaua.eus