Gazte Martxa, Kirol Astea, Ziortzaren kanpaldia

Hainbat deialdietarako izen ematea azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2022ko apirilaren 7a

Baztango Gazte Martxako autobus zerbitzurako, Ziortzaren kanpaldirako nahiz Usurbilgo Kirol Asterako izen emateko epea azken txanpan dute kasuan kasuko antolakuntzek.

Gazte Martxa
Apirilaren 14tik 17ra Baztanen ospatuko den Gazte Martxara joateko autobus zerbitzua antolatu du Usurbilgo Ernaik. Izen emateko aukera Aitzagan, Txiribogan eta Txirristran eskaintzen ari dira. "Gerturatu bertara eta izena eman! Animatu! Usurbildik talde polita goaz eta!", iragarri dute sare sozialen bidez.

"BostEHun eta zutik!" aldarripean, Zugarramurdi, Erratzu eta Elizondo lotuko ditu. Tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizun anitz antolatu dituzte, kontzertuekin batera. 31 taldeek parte hartuko dute, tartean Usurbilgo Rukulak: Streetwise, Nikotina, McOnak, Perlata, Willis Drummond, Crim, Tremenda Jauria, Skakeitan, Xiberoots, Kaleko Urdangak, Liher, Rukula, La Furia, Yare Collective, Aiaraldeko Sound System, Ibil Bedi, Sua, Tribade, Iruñerria Jamaica Clash, Pleura, Marta & Herbass, Romea, Silitia, Dupla, DJ Reimy, XSakara, Skabidean, Erroka, Madame Birrots eta Iheskide taldeek. Sarrerak eta bonoak bibe.me atarian eskura daitezke jada.

Ziortzaren kanpaldia
Uztailean Errioxako Peñaloscintosen kanpaldia antolatzeko lanei ekin die Ziortzak. Aurre izen-ematea bideratzeko epea, ostiral honetan, apirilaren 8an itxiko dute. Aurre izen-ematea egiteko “galdetegi bat sortu dugu, zeina gurasoen artean zabalduko dugun korreo bidez. Guraso berriren bat baldin badago edo asteazkenean ez badu interesa duen gurasoren batek mezua jaso, ziortzakanpaldia@gmail.com helbidera korreo bat bidali beharko digute. Guk galdetegira sartzeko esteka bidaliko diegu erantzun gisa”, argitu dute Ziortzako kideek. Bi txanda antolatu dituzte:
-1. txanda (DBH3-DBH4): uztailaren 5etik 16ra.
-2. txanda (DBH1-DBH2): uztailaren 16tik 26ra.

Usurbilgo Kirol Astea
Haur eta gaztetxoen artean kirola eta ohitura osasuntsuak sustatzeko Kirol Astea antolatu dute herriko hiru eragileek, apirilaren 19tik 22ra, LH-ko ikasleentzat. Izena apirilaren 10a baino lehen bideratu beharra dago.

Epea: apirilak 19-22.
Ordutegia: 10:00-13:00.
Biltzeko hitzordua: 10:00etan Usurbilgo frontoian.
Nori zuzendua: LH 1-6 mailetako ikasleei.
Izen ematea: apirilaren 10era arte, https://forms.gle/gYWkFs9yZVNkW763A helbideko formularioa beteta.
Antolatzaileak: Pagazpe Elkartea, Usurbil Kirol Elkartea eta Usurbil Futbol Taldea.