Tokitan

Nagore Lertxundi: “Genetikaren kasuan, ikasketak katalanez baino ezin dira egin”

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 27a, 11:00

Unibertsitate ikasketek eraman zuten Nagore Lertxundi usurbildarra Bartzelonara. Laugarren urtea du bertan genetika ikasle honek, beraz, ikasketak amaitzeko hilabete gutxi batzuk baino ez zaizkio falta. NOAUA!rekin izan da esperientzia partekatzen.

NOAUA! Zerk eraman zintuen Bartzelonara?

Nagore Lertxundi: Behin batxilerra amaituta, zein ikasketa egin nahi nituen erabaki behar nuen eta nik argi neukan biologiaren bidea hartuko nuela. Beraz, nire aukeren artean Bilbon biologia ikastea eta Bartzelonan genetika ikasketak egitea zeuden. Genetika ezin da beste inon egin estatuan. Ez nuen beste erremediorik izan eta hona etorri behar izan nuen.

 

Katalunian unibertsitate ikasketak katalanez izaten dira gehien bat, zure kasuan ere hala da?

Genetikaren kasuan, ikasketak katalanez baino ezin dira egin. Irakasle gehienak katalanak dira, baina beti eskaintzen dute aukera azterketak gazteleraz egiteko, eta aurkezpenekin ere berdin. Irakasle gutxi batzuk erdaldunak dira eta klaseak gazteleraz ematen dituzte, baina %80 inguru katalanez da. Orain ohituta nago, baina hasieran nahiko gogorra egin zitzaidan.

 

NAGORE LERTXUNDI

“Bartzelonako unibertsitatera iritsi eta lau euskaldun gelan. Ia nahigabe elkartu egin ginen”

 

Zer moduz moldatzen zara katalanarekin?

Orokorrean ulermen arazorik ez dut. Elkarrizketa baten %95 ulertzeko gai naiz eta irakurtzerakoan ere berdin. Idazten ez dakit, ordea, eta hitz egiten molda ninteke. Ez naiz sekula akademian izan, eta beraz, dakidan hori unibertsitatean eta kalean entzundakoa dakit. Gramatikarik ez dakit batere, baina ez dut katalanez ia batere hitz egiten egunerokotasunean. Hala ere, elkarrizketa bat mantentzeko gai izango nintzateke.

 

Bartzelonan bizi diren euskaldun eta erdaldunekin duzu, beraz, harreman gehiago.

Unibertsitatera iritsi nintzenean, gelan lau euskaldun ginela ikusi nuen, eta ia nahigabe ere elkartu egin ginen. Hala ere, 60 pertsonako gela batean, 20 edo 25 pertsona ez ginen katalanak, eta horrek aukera eman zidan leku gehiagotako jendea ezagutzeko. Horrez gain, katalanak diren horiek lehenagotik ere kuadrila dute bertakoa eta asteburuetan etxera joaten dira. Beraz, kanpotik etorrita hemen bizi garenok kanpotik etorri diren horiekin egiten ditugu planak asteburuetan jakinda ez garela astebururo etxera itzultzen. Bilbon edo Gasteizen ikasten duten horiekin gertatzen den bezala da, azken finean. Hala eta guztiz ere, katalanekin oso ondo moldatzen naiz, bai eta Herrialde Katalanetakoekin ere. Azken horiek ere katalanez hitz egiten dute Balear Uharteetakoen kasuan, esaterako. Horiekin ere ondo moldatzen naiz.

 

“Erasmus programan ere eragin du pandemiak”

NOAUA! Ikasketak katalanez egin behar horrek atzerriko jende gutxiago edo ia batere ez egotea dakar?

Nagore Lertxundi: Ikasketak hasi genituenean ez zegoen atzerritarrik, baina azken urte hauetan Eramus egitera etorritako ikasle atzerritarren bat izan dut hautazko klaseren batean. Pandemiak ere harrapatu gaitu, eta horrek Erasmus programa ere neurri batean gelditu edo behintzat gutxiagotu egin du. Orain 100 bat pertsonako klaseren bat dudanean, irakasleak galdetzen duenean Erasmuseko norbait dagoen, normalean pare bat pertsonak altxatzen dute eskua. Ingelesez ere ez dira eskaintzen klaseak, eta haiek ere katalanez jarraitu behar izaten dituzte klaseak, beraz, ez da horren erraza gurean Erasmusekoak izatea, gazteleraz ere klaseak entzun ezin dituztela kontuan izanda.

 

“Bartzelonako hiriak mila aukera eskaintzen ditu aisialdirako”

NOAUA! Bartzelona hiri handia da. Zein aukera eskaintzen ditu egunerokotasunean?

Nagore Lertxundi: Sagrada Familiatik oso gertu bizi naiz orain. Garraio publikoan ibili behar izaten dut eta unibertsitateraino ia ordubete egin behar izaten dut. Goizetan izaten ditugu klaseak eta gero, etxera joaten naiz normalean, baina batzuetan unibertsitatean bazkaltzen dut. Orain Gradu Amaierako Lana egiten ari naiz, eta beraz, hori egiteko ere denbora behar izaten dut.

 

Bartzelona hiriak aisialdirako mila aukera eskainiko ditu, ezta?

Beti oso giro ona egoten da, bai tabernetan, bai eta gainontzeko lekuetan ere. Denetariko ekintzak egiteko aukera dago hemen; ikusi egin behar zer gustatzen zaizun. Kirol pixka bat egiten dut nik, unibertsitatera joan eta lagunekin zerbait hartu denbora librean, horixe da nire egunerokotasuna.

Ahal dugunean plan alternatiboagoak ere egiten ditugu, parke batera joan eta lasai egon edo dena delakoa.

NAGORE LERTXUNDI

“Usurbilen lasai asko ibiltzen naiz kalean gauez ere, baina hemen ez horrenbeste”

Oso ezberdinak al dira ohiturak Usurbilen eta Bartzelonan?

Nik badut hemen lagun taldea eta askotan taberna jakin batzuetara joaten gara, baina ez da Usurbilen bezain ohikoa beti leku berean elkartu eta leku berean egotea. Usurbilen lagunak dauzkat, familia eta ezagunak, modu ezberdinetan nire bizitzaren parte diren horiek. Hemen, berriz, klasekideak nire pisukideak dira aldi berean, baita lagunak ere. Zentzu horretan, batzuetan bakardade hori gehiago sumatzen dut etxean baino, gauza gehiago egiteko aukera dago hemen, baina beti pertsona berdinekin egon behar horrek mugatu ere egiten zaitu.

Orain arte ez nintzen Bartzelonan bizi, hiriaren barnean, eta batzuetan handiegi egiten zait. Segurtasun ikuspuntutik ere, horren handia izateak gauez ibiltzeko segurtasun falta gehiago ematen dit.

Usurbilen lasai asko ibiltzen naiz kalean, baita gauez ere, baina hemen ez horrenbeste.

 

“Pandemiaren hasieran egoera eramangaitza egin zitzaidan”

NOAUA! Pandemiaren eragina nabarituko zenuen han ere.

Nagore Lertxundi: Oraintxe bertan nahiko lasai dago kontua. Jada neurri asko kendu egin dituzte, eta normaltasunera itzultzen ari gara pixkanaka. Niretzat gogorrena pandemia hasiera izan zen. Unibertsitate ondoan bizi nintzen eta dena itxita egoteaz gain, hor inguruan ez zegoen ezer. Ezin nintzen Bartzelonara jaitsi, ezin nintzen etxetik atera, eta gainera, logela partekatu egiten nuen. Astean bitan unibertsitatera joaten nintzen, baina gainontzean ezin nintzen ezertarako atera. Garai horretan nahiko gaizki pasatu nuen. Urtebete neraman Bartzelonan ezer egin gabe. Nahiago nuen Usurbilera itzuli eta behintzat nire logela izan eta familiarekin lasai egon. Egoera nahiko eramangaitza egin zitzaidan. Orain egoera asko normaldu da.

 

Genetika ikasi ostean, Euskal Herrian saiatuko zara lana bilatzen edo Bartzelona inguruan irudikatzen duzu etorkizuna?

Masterrak begiratzen hasteko garaia dut orain. Euskal Herrian ez daukat aukera askorik ez masterra egiteko, ez eta lana aurkitzeko ere. Lana zerbait egon daiteke, baina gauza gutxi. Nik praktikak Euskal Herrian egin nituen bertako enpresa batean, gaixotasun genetiko arraroen diagnosiak egiten, baina aukerak oso murritzak dira. Oraintxe bertan ez dakit lan bila hasi edo master baten aldeko apustua egin. Hala ere, etorkizunean Usurbilen bizi nahiko nuke eta zorte pixka batekin lana ere gertu aurkitu. Formatzen jarraitu nahi izanez gero, argi daukat Euskal Herrian ez daukadala aukerarik. Online ikasketak egiten jarraitzeko aukerak beti egoten dira, eta hori etxetik egin nezake. Ziur aski oraindik urte pare bat kanpoan egin beharko ditut dela Bartzelonan, dela Madrilen edo atzerrian. Azken hori, egia esan, nahiko baztertua daukat. Beste hizkuntza batean ikasten jarraitu beharra ez da nahiko nukeena, baina ez dakit. Denborak esango du.

 

"TOKITAN" ATALA

NOAUA!n zabaldu dugun atal berri honi ‘Tokitan’ izena ipini diogu. Atzerrian bizi diren usurbildar gehiago elkarrizketatu nahi ditugu txoko honetan. Egoera horretan den herritarren bat ezagutzen baduzu, bidali bere izena gure posta helbidera: erredakzioa@noaua.eus