NOAUA! Zerk eraman zintuen Pragara?
Ainhoa Perez: Irailean iritsi nintzen Pragara, duela hilabete. Erasmus programaren bidez etorri nintzen bertara, eta nire unibertsitate ikasketen azken urtea egiten ari naiz hemen. Azken irakasgaiak egin eta Gradu Amaierako Lanarekin nabil orain jo eta su. Ingenieritza biomedikua egiten ari naiz.
Nolakoa da zure egunerokotasuna Txekiar Errepublikan?
Oso esperientzia ona izaten ari da. Unibertsitateko ikasle-egoitza batean bizi naiz gainontzeko Erasmus ikasleekin. Oso pozik nago, giro bikaina daukagu.
Pragan txekiera hitz egiten dute, baina zuk ingelesez ikasi beharko duzu. Maila bikainarekin joan zinen bertara.
Ingelesa erabiltzen dut unibertsitatean, jakina. Hala ere, egin ditudan lagun asko espainiarrak dira eta ia gehiago praktikatzen dut gaztelera ingelesa baino. Kalean, Txekiatik kanpokook ingelesa erabiltzen dugu, eta kalean asko entzuten den hizkuntza da. Txekiera ikastea oso zaila da, batez ere, kanpotik etorri eta hilabete gutxi batzuk egin behar ditugunontzat.
AINHOA PEREZ
“Ingenieritza biomedikua egiten ari naiz eta gradu amaierako lanarekin nabil orain jo eta su”
Espainiarrez gain, mundu zabaleko jendea ere ezagutuko zenuen.
Leku askotako jendea ezagutzeko zortea izan dut. Oraintxe, ikasle-egoitzan, espainiarrez gain, argentinarrak, italiarrak, mexikarrak, alemanak, Herbeeretakoak… leku askotako jendea dago. Bigarren seihileko honetan Kanadako jende pila bat iritsi zaigu eta Ertamerika zein Hegoameriketako jendea ere ugari dago.
Erasmusera joatean atzerriko jendea bai, baina gehiago kostatzen da bertako jendea ezagutzen.
Egia esan, ez dugu txekiarrekin harreman askorik izan. Ikasle-egoitzan ez dago ia txekiarrik eta unibertsitatean ere, ikasketak txekiarrez egiten dituzte, guk ingelesez egiten ditugun bitartean. Orokorrean, oso txekiar gutxirekin harremandu gara. Iritsi berritan, gehixeago elkartzen ginen haiekin, baina orain batere ez. Atzerriko herrialde batera joaten gara, eta mundu osoko jendea ezagutzen dugu bertakoa izan ezik.
“Txekiarrak oso hotzak dira baina jende jator asko dago”
NOAUA! Gutxi ezagutuagatik ere, nolabait definituko al zenituzke txekiarrak?
Ainhoa Perez: Oso hotzak direla esaten dute, eta estereotipo hori betetzen dela iruditzen zait. Haiek ere onartzen dute hori. Iritsi berritan, aurkezpen bat egin ziguten herrialdeari buruz eta haien kulturari buruz. Euren burua definitzerako garaian, esaten ziguten txekiarrak hasiera batean hotzak direla, eta lagun txekiarrak egin nahi izanez gero, lehen pausoa guk eman beharko genuela. Ezagutzen ez duten jendearengana hurbiltzea ez da oso ohikoa beraien artean. Denda batera joan eta galdu samar sentituz gero, ez espero inor etorriko zaizunik laguntzera edo modu atsegin batean laguntza eskaintzera eskatu gabe. Geure aldetik zerbait jartzen badugu eta lehen agur hori txekieraz egin, askoz ere emaitza hobeak jasotzeko aukera ematen dute. Noizbehinka barre txiki bat atera diezaiokezu norbaiti. Estereotipoa hori da, baina jende jator asko ere badago.
“Ekaina arte Pragan egongo naiz eta datorren urterako masterrak begiratzen ari naiz”
NOAUA! Europa erdi-erdian zaude. Hori aukera ona izan da inguruko herrialdeak bisitatzeko?
Ainhoa Perez: Bai, oso leku aproposa da edonora joateko. Aukera asko eskaintzen dituen herrialdea da. Trenez bidaia ederrak egiteko aukera eskaintzen du eta hegazkinez ere leku askotara joan gaitezke zuzenean. Bidaia dezente egiteko aukera izan dut: Viena, Norvegia, Budapest, Krakovia, Bratislava… Leku askotan egon naiz. Praga ederki kokatuta dagoen hiria da Europan mugitu ahal izateko. Behin hemen egonda aprobetxatzen ari naiz, zalantzarik gabe.
Zertan da pandemia bertan?
Ni iritsi nintzenean, Txekiar Errepublika hobeto zegoen Euskal Herria baino neurri murriztaileak kontuan izanda. Ez dakit intzidentzia kasuak zenbatean zeuden, baina askoz ere neurri gutxiago eta malguagoak zeuden. Hasiera hartan, unibertsitate barruan ez genuen musukorik behar. Negua iristean, datuek okerrera egin zuten eta neurriak indartu zituzten urria amaieran edo azaroaren hasieran. Orduan, gaueko 22:00etan dena ixten zuten eta beste hainbat neurri ere jarri zituzten. Urtarrila amaieran, berriz lasaitu zen kontua eta Euskal Herriko egoeraren antzeko batean jarri ginen: musukoa leku itxietan eta garraiobideetan, gauetan dena ireki… Aurten Erasmus egitea erabaki dugunoi pandemiak ez gaitu gehiegi jipoitu eta gure Erasmus esperientzia behar bezala bizitzen utzi digu. Joan zen urtekoek ez zuten zorte bera izan.
AINHOA PEREZ
“Aurten Erasmus egitea erabaki dugunoi pandemiak ez gaitu gehiegi jipoitu eta gure Erasmus esperientzia behar bezala bizitzen utzi digu. Joan den urtekoek ez zuten zorte bera izan”
Hilabete batzuk geratzen zaizkizu oraindik Txekiar Errepublikan. Hala ere, zerbait botako duzu faltan etxetik.
Jendea botatzen dut faltan gehien, baina oso gustora nago. Badaude momentu batzuk etxeko goxotasun hori faltan somatzen ditudanak. Herri giro hori ere hemen ez dago.
Datorren urterako eta hurrengoetarako zein asmo dituzu?
Printzipioz ekaina arte Pragan egongo naiz eta datorren urterako masterrak begiratzen ari naiz. Momentuz, nire asmoa datorren urtea ere etxetik kanpo ematea da. Bartzelona daukat buruan; ez dago Praga bezain urrun, baina ezingo nuke egunero unibertsitatetik atera eta etxera etorri. Oraindik dena erabakitzeke daukat. Behin masterra bukatuta eta lan esparruan sartuta, beti izan dut beste kulturak ezagutzeko jakinmina. Kanpoan bizitzen irudikatu dut neure burua sarri. Ikasle izanez, kanpoan esperientzia bat bizitzen ari naiz, eta gustatuko litzaidake lanean ere esperientzia izatea atzerrian. Ez diot denboralditxo bat kanpoan egoteari muzin egiten. Momentuan momentukoa egiten ari naiz eta denborak esango du nora joan eta zer egin.
“Ingenieritza biomedikua indarra hartzen ari da”
NOAUA! Ingenieritza biomedikutik bizitzeko aukera badago Euskal Herrian ala kanpora joan beharko duzu lan egitera?
Ainhoa Perez: Nik uste Euskal Herrian indarra hartzen ari den sektoreetako bat dela. Geroz eta enpresa gehiago daude esparru horretan lan egiten dutenak. Hala ere, oraindik nahiko sektore txikia da gurean beste eremu batzuetako egoerarekin alderatuta. Unibertsitatean beti esaten digute guk izan beharko dugula sektoreari bultzada bat eman beharko diotenak. Espainiari erreparatuta, hiri handietan dago lanik gehien eta enpresarik handienak, Bartzelonan edota Madrilen, esaterako. Europan ez nuke jakingo esaten zein herrialde diren garrantzitsuenak, baina aukera gehiago egongo dira eta esperientzia ederrak bizitzeko aukerak ere bai. Estatu Batuak izan daitezke mundu zabalean garrantzitsuenak. Lan munduan murgiltzeko asmotan nabilenean egingo dut ikerketa zabalagoa aukera onenak non dauden aztertu eta erabaki egokiak hartzeko.