NOAUA! Zerk eraman zaitu Parisera?
Andoni Loiti: 18 urterekin unibertsitate ikasketak egitera Madrilera joan nintzen ingenieritza aeronautikoa egitera. 4 urteren ondoren, behin gradua amaituta, masterra kanpoan egiteko aukerari heldu nion. Erasmus egin nahi nuen gazteagotan, baina masterra kanpoan egiteko aukera izanda, aukera hori hartu nuen. Frantziako Tolosan egin nuen masterra urte eta erdiz. Ondoren, praktikak egiteko aukera izan nuen Parisen Air France enpresan. Nire ametsetako bat hegazkin konpainia batean lan egitea zen, eta beraz, bi aldiz pentsatu gabe Parisera etorri nintzen. 2017ko maiatzetik Parisen bizi naiz. Praktikak egin nituen enpresan 6 hilabetez eta gero, lan kontratua eskaini zidaten bizi osorako. Oraintxe bost urte egin dira bertan bizi naizenetik.
Gustuko lana duzu, beraz.
Oso gustura nago lanean. Gustatzen zaidana egiteko aukera dut eta hemengo bizimoduaz disfrutatzen ere ari naiz.
Euskalduna bezain frantsesa zaitugu dagoeneko?
Ez, ez. Euskalduna beti euskaldun. Askotan itzultzen naiz etxera. Hegazkina maiz hartzen dut merke eskaintzen didatelako, eta hilabetean behin edo asko jota bi hilabetean behin etxera itzultzen naiz. Sustraiak sendo mantendu behar dira, eta familia eta lagunak ahalik eta gertuen izaten saiatzen naiz. Inguruan ikusten ditut nazionalitate bikoitza eskatu duten lankideak eta lagunak. Askotan galdetzen didate nik zergatik ez dudan gauza bera egiten, baina ni euskalduna naiz eta ez dut frantsesa izateko inolako beharrik.
ANDONI LOITI
“Nire ametsetako bat hegazkin konpainia batean lan egitea zen, eta beraz, bi aldiz pentsatu gabe Parisera etorri nintzen”
Euskal gizartean ohikoa da bizilagun frantsesei errezeloz begiratzea.
Etxera itzultzen naizenero lagunek frantsesak horrelakoak direla gogorarazten didate. Frantsesak denetarikoak dira leku guztietan bezala, baina Tolosan nahiko irekiak dira, izaera mediterranearragoa dute. Paris beste mundu bat da. Oso hiri handia da eta iparraldean kokatuta dago. Orokorrean nahiko harroputzak dira, hori onartu beharra dago. Hala ere, lanean lagunkoienekin elkartzen naiz, bihotz oneko jendearekin. Biztanleriaren zati handi bat nahiko berezia da, harroputz ikuspuntu horretatik, zu baino gehiago izango balira bezala. Nik, ordea, badakit nor naizen eta sobera dakit horiek ez direla ni baino gehiago.
“50 urterekin ez dut neure burua Parisen ikusten”
NOAUA! Gaur egun telelana oso ohiko bilakatu da eta jende askok egiten du etxetik lan kanpoko enpresentzat.
Andoni Loiti: Gaur egun, telelanaren garapenarekin ondo ikusten dut etxetik lan egite hori eta gaur egun daukadan lana mantenduta, astean behin Parisera etortzeko aukera ere azter nezake. Biarritz edo Bilbotik zuzenean Parisera etor gaitezke, eta ez da arazo handirik. Lankide batzuk baditut horrelako bizimodua daramatenak Espainiatik edo Frantzia Hegoaldetik lan egiten dutenak, bertako klima eta bizimodua nahiago dituztelako. Oraindik gaztetxoa naiz eta Parisez disfrutatzeko aukera badut oraindik, baina aukera interesgarria izan liteke. Buruan daukadan ideia bat da. 50 urterekin ez dut neure burua Parisen eta bizimodu honekin irudikatzen inondik inora ere.
“Bi urteren buruan nahikoa txukun hitz egiten nuen frantsesez”
NOAUA! Parisen lan eginda, frantsesez hitz egitea garrantzitsua izango da.
Andoni Loiti: Niri hizkuntzak beti gustatu izan zaizkit. Umetan ingelesa ikasten aritu nintzen gurasoek bultzatuta. Behin Madrilen, ingeleseko titulua atera nuen. Madrilen azken urtean nengoela, frantsesa ikasten hastea erabaki nuen etorkizunean nora joango nintzen oraindik ez nekienean. Frantsesa ikastea erabaki nuen Frantziako muga gertu daukagulako eta hizkuntzak jakitea beti da ona. Gainera, guk gazteleraz hitz eginda, erraztasun gehiago ditugu ikasteko. Ikastolan ere zertxobait egin nuen DBHn, hautazkoa zenean. Batxilergoan, ez dakit ziur urtebetez edo biz egin nuen, baina usurbildar talde batek frantsesa ikasten genuen. Irakasle bat geneukan frantsesez oso ondo egiten zuena, urte pare batez Frantzian bizi izan zelako. Garai hartan, oso-oso frantses gutxi nekien eta oso oinarrizkoa. Ondoren, hiru urtez ez nuen frantsesik ikasi. Madrilgo azken urte hartan, Tolosan ikasteko aukera atera zitzaidan. Ordurako, oinarri txiki bat sortuta neukan. Gurasoekin halako erabaki bat hartu nuen; haiek masterra ordaintzen bazidaten, nik frantsesa ikasi beharko nuen. Astean bitan akademia batera joaten nintzen ordu eta erdiko klaseak izaten nituen. Bizi nintzen lekutik nahiko urrun zegoen akademia eta nahiko gogorra egin zitzaidan atzera eta aurrera ibili behar hori. Hala ere, izugarri ikasi nuen. Txukun idazten ikasi nuen, hori baitu frantsesak zailean, behar bezala idaztea.
ANDONI LOITI
“Masterra amaitzean, Air Francen lan egiteko probak egin nituen”
Frantzian ingeles maila ere, agian, ez da Europako altuenetakoa.
Hasieran, frantsesekin hitz egiten hastea zaila da, izan ere, haiek beti frantsesez hitz egin nahi dute eta ez ingelesez. Beraz, nire frantseseko mailak hobera egin ahala, bertakoekin komunikatu eta lagunak egiteko aukera ederra izan zen. Mintzatzen hasita eta norekin hitz egin izanda, askoz azkarrago eta gehiago hobetzen da. Bi urteren buruan nahiko txukun hitz egiten nuen frantsesez. Ikasketak ingelesez egiten genituen, bost frantses kenduta gainontzeko guztiak kanpotarrak ginen. Hala ere, masterra amaitzerako neukan maila politarekin Air Francen lan egiteko probak egin nituen, guztiak frantsesez. Nahiko ongi moldatu nintzen eta ez zidaten inolako arazorik jarri hizkuntza dela eta. Lanean, Herbeeretako jendea ere badago enpresaren “anai-arrebak” direla eta, baina orokorrean, lana frantsesez egiten dut. Onartu beharra daukat lehen ingelesez maila gehiago nuela, baina orain alderantziz dela. Ingelesez egitea tokatzen zaidanean, gehiago kostatzen zait komunikatzen frantsesez baino. Oraindik ere, ahoskeran antzematen zait ez naizela Frantziakoa, baina tira.
“Bizitza normalago bat bizi nahiko nuke”
NOAUA! Lan kontratu on bat duzu, beraz, han geratuko zara denbora luzez edo etxera itzuliko zara lana utzita epe luze edo ertainean?
Andoni Loiti: Ama beldurtuta daukat gai horrekin. Beti esaten dit badakiela ez naizela sekula itzuliko, baina kontratu mugagabe honek niri ez dit suposatzen. Kontratua hor dago, eta oso ondo dago, baina nik beti esan izan dut kanpoan esperientzia bat bizi nahi nuela jendea, bizimodu eta kultura berriak ezagutzeko. Hemen jada bost urte daramatzat hemen, baina ez dut uste nire lan-ibilbidea hemen amaituko denik. Euskal Herrian lana izango nuke nire sektorean eta ez nago batere itxita hemen geratzera. Lehen lagunei esaten nien 30 urte izaterako etxean izango nintzela, orain 28 ditut. Egia esan ez dut neure burua bi urtetan etxean ikusten, baina bai familia bat sortzeko momentua edo halakoren bat suertatzean, ez dut neure burua Parisen ikusten.
Bizimodu oso berezia da hemengoa, hiri handikoa eta mugimendu handia dago, estresa ere bai horri lotuta, eta nik beste lasaitasun bat izan nahiko nuke behin bizitza aurrera doan heinean. Ez dakit zehazki nire itzulera Usurbilera izango den, Donostiara edo Bilbora. Euskal Herrira itzuli nahiko nuke eta gertu izan familia eta lagunak. Umetatik sortu ditudan loturak galtzeko inolako asmorik ez daukat eta bizitza normalago bat bizi nahiko nuke.