Tokitan

“Fabeletan urik eta elektrizitaterik gabe bizi dira, baina musika jarri eta inor baino zoriontsuago dira”

Noaua Aldizkaria 2022ko mai. 25a, 08:48

Bizitzak bigarren aldiz eraman du Brasilera Sara Caballero usurbildarra. Ikasketak amaituta, praktikak egiten ari da Sao Pauloko enpresa batean. Lehen esperientzia oso ederra izan zuen, eta bigarren honetako asmoak azaldu nahi izan dizkio NOAUA!ri.

NOAUA! Nolatan joan zara Brasilera?

Sara Caballero: Nazio Harremanak gradua ikasi dut nik unibertsitatean, eta hirugarren urtea derrigorrez kanpoan egin beharra neukan. Ez neukan inolako asmorik Europan gelditzeko, ez eta Amerikako Estatu Batuetara joateko ere. Beraz, Brasilera joan nintzen Belo Horizonte izeneko hiri batera.

9 hilabete baino ez nituen egin bertan, 12 pasatzekoa nintzen, baina pandemiaren ondorioz itzuli egin behar izan nuen. Behin itzulita, Unibertsitate ikasketak amaitu nituen telelana eginda eta urruneko ikasketa metodoarekin. Behin dena amaituta, Eusko Jaurlaritzak eskaintzen duen beka bat hartu nuen, nazioartekotze beka bat. Irailetik abendura master moduko bat egin dut hiru unibertsitatetan: EHU, Deusto eta Mondragonen. Hiru unibertsitateen artean formakuntza eman ziguten Bilbon eta urtarriletik aurrera praktikak egitera etorri nintzen.

SARA CABALLERO

“Nire curriculuma ikusita, Brasilera etortzea erabaki nuen bertako enpresa asko nirekin kontaktuan jarri baitziren”

Hasiera batean Australiara joan nahi nuen, baina pandemiaren kontua dela eta, ezinezkoa da. Saiakerak egin nituen enpresaren bat topatzeko, baina ez nuen lortu, erabat bideraezina zen. Nire curriculuma ikusita, Brasilera etortzea erabaki nuen bertako enpresa asko nirekin kontaktuan jarri baitziren. Espainiako enpresa batentzat egiten dut lan hemen: Sao Pauloko bulegoetan. Oso denbora gutxi neukan zerbait erabakitzeko, eta Brasilera itzultzea erabaki nuen. Pandemiaren ondorioz, traba asko jartzen dituzte orokorrean denerako. Oraintxe bertan, bisarik gabe nago, turista bisa baino ez daukat. Bisa berria lortzeko herrialdetik atera behar dut, Buenos Airesera joan eta bertan, Brasilgo kontsulatuan bisa berria eskatu. Eromen bat da hau guztia, baina tira. Lehen aldiz etorri nintzenetik maiteminduta nago herrialde honetaz, eta hona itzultzeko inolako arazorik ez dut izan. Sao Paola etorri naiz oraingoan, eta oso gustora nago.

Urtarriletik zaude bertan?

Berez hala etorri behar nuen, baina otsaila hasieran etorri nintzen azkenean. Printzipioz kontratua iraila arte daukat, abuztuaren 31 arte. Gerora ez dakit zer izango den, agian, enpresak kontratua luzatzea eskainiko dit edo bestela hemen geratuko naiz eta beste lanen bat bilatuko dut. Kolonbia eta Costa Rica oso begiko ditut, eta herrialde horietara joatea ere ez dut baztertzen. Oraintxe bertan, dakidana da iraila arte hemen egongo naizela eta gero gerokoak.

 

“9 hilabetetan denbora eman zidan hizkuntza bereganatzeko”

NOAUA! Brasilen portugesez mintzo dira. Ondo moldatzen zara hizkuntza horretan?

Sara Caballero: Belo Horizonten egon nintzenean, Brasilgo jendearekin bizi nintzen eta unibertsitatean ere, klaseak brasildarrez egiten nituen. Niri ez zitzaidan interesatzen espainiarrekin edo euskaldunekin egotea egun guztian. Ezin dut ulertu hori egiten duen jendea. Behin Brasilera etorrita, etxetik 8.000 kilometrora nola egongo naiz, bada, espainiako jendearekin? Nire lagun taldea bertakoa zen, eta beraz, 9 hilabetetan denbora eman zidan hizkuntza behar bezala hitz egiteko. Ez dut esango %100 kontrolatzen nuenik, baina ia-ia. Goizean esnatzen nintzenetik lotara joaten nintzen arte, portugesa entzun, irakurri eta hitz egiten nuen. Bi urte dira azkenekoz hemen izan nintzenetik eta zerbait ahaztu zait ordutik, baina behin iritsita segituan hartu diot tamaina berriz.

 

“Osasun sistema oso ona daukate Brasilen, Latinoamerikako onenetarikoa”

NOAUA! Sao Paulo hiri handia izanda, atzerritar asko egongo da bertan ezta?

Sara Caballero: Latinoamerikari buruz hitz egitean, brasildarrek ez dute euren burua latinotzat, ertamerika eta hegoamerikako herrialde bakarra baitira gazteleraz hitz egiten ez dutenak. Oso harro esaten dute eurak ez direla latinoamerikarrak, eurak brasildarrak direla. Zentzu horretan, ez ditut migratzaile latinoak gehiegi ikusi. Brasil hegoaldean latinoamerikar gehiago dago, Argentinatik etorriak gehienak. Fenomeno hori gertutasunak sortuko du, agian. Nik Sao Paulon jende asko ikusi dut asiako jatorria duena. Bigarren Mundu Gerraren ostean japoniar pila bat etorri ziren bertara eta haien ondorengo asko daude hemen. Iparraldean afrikar jatorria duen jende asko dago, esklabutzaren ondorio argia. Brasil oso herrialde handia da eta iparraldeak ez du hegoaldearekin zerikusirik. Hegoaldea askoz ere europarragoa da eta migratzaile europar asko egon da bertan, eta jendea ere zuriagoa da. Iparraldekoek askoz ere azal ilunagoa dute, eta orokorrean, pobreagoa da. Niri iparraldea izugarri gustatzen zait, askoz ere bereziagoa iruditzen zait. Sao Paulo oso-oso hiri handia da eta mundu zabaleko jendea dago, 40 milioi pertsona bizi dira estatuan eta 15 milioi hirian. Herrialdea oso handia da, ia kontinente oso bat, eta barne migrazio handia dago. Barne migrazioa azpimarratuko nuke gehien bat.

SARA CABALLERO

“Niri Brasilgo iparraldea izugarri gustatzen zait, askoz ere bereziagoa iruditzen zait”

Pandemia lehertu zenean, Brasil hedabideen jomuga izan zen Bolsonaroren politiken ondorioz. Joan zinenean, nola utzi zenuen herrialdea eta nola aurkitu duzu itzuleran?

Jende ugari ikusi dut kalean bizitzen, eta horrek asko harritu nau. Belo Horizonten ere jendea kalean ikusten nuen, Brasil oso herrialde desorekatua baita. Punta-puntako auto bat ikus dezakezu zure ondotik pasatzen, eta alboan bost urteko haur bat hankutsik txikleak saltzen. Orain, ordea, jende izugarri ikusi dut, eta esan didatenez, pobrezia mailak asko egin omen du gora. Horrez gain, bada azaldu beharreko faktore garrantzitsu bat. Europan eta munduko hainbat txokotan, pandemia datuak okertzean denok etxera bidali gintuzte hasierako itxialdi hartan, eta gerora ere, inguruan kutsaturen bat izanez gero, etxean gelditu beharra geneukan. Hori ezin da egin hemen. Laguntza ekonomiko publikorik ia ez dago eta jendea ez bada lanera joaten ez dauka jatekorik. Hala ere, osasun sistema oso ona daukate, Latinoamerikako onenetarikoa. Biztanleen %80 txertatuta dago, gainera. Farmazietan txertatzeko aukera omen dago. Herrialde honetan ez da bideragarria berrogeialdia egitera behartzea inor. Europatik begiratzen dugunean eta heriotza kopurua zenbatekoa den hemen pandemiaren ondorioz, oso modu errazean esaten da berrogeialdia egin beharra dagoela eta denek etxera joan beharko luketela hilabetez, baina jendea gosez hilko litzateke hala egingo balute. Jendeak Covid-19az gain, beste hainbat arazo ditu. Europan arazo bat eta bakarra da nolabait esateko, baina hemen mila arazoetako bat baino ez da. Askotan ez gara horretaz konturatzen.   

 

“Brasildarrekin alderatuta, gu erabat lehorrak gara”

NOAUA! Brasildarrak oso alaiak eta dantzazaleak omen dira. Hala al da?

Sara Caballero: Bai, erabat. Gu brasildarrekin alderatuta erabat lehorrak gara. Gabonetan familiakoekin Stockholmon izan nintzen eta bertakoak oso oso serioak dira gurekin alderatuta ere. Brasilera etorri eta aurkakoa erabat. Kalean jendeak elkarri hitz egiten dio ezagutu ere egin gabe, eta taberna batera joanez gero, hizketan hasi eta handik 10 minutura zure lagunik onenak dira. Orokorrean, arazoei askoz ere pisu gutxiago jartzen diete. Fabela batera joan eta milaka pertsona edateko urik eta elektrizitaterik gabe bizi dira, baina musika jarri eta inor baino zoriontsuago dira. Oso kultura komunitarioa daukate, eta hori asko gustatzen zait. Gu beraiekin alderatuta oso serioak gara, eta hori kontuan izanda Europako alaienak izango garela. Beste mundu bat da hau.

 

Non irudikatzen duzu zeure burua urte batzuetan? Non eta zertan?

Ni badakit Usurbila itzuliko naizela noizbait, baina hori 40 urterekin izango da eta munduko hainbat txoko ezagutu eta gero. Hori garbi daukat. Denboraldi bat Kariben eman nahiko nuke Kolonbian edo Costa Rican, eta Australiara ere joango nintzateke, baina oso mendebalizatuta dago, nolabait eta ez dakit gustatuko litzaidaken. Ez dut sekula denbora asko eman etxetik kanpo, eta beraz, nora joango nintzatekeen esatea zaila da. Nik beroa eta eguraldi ona behar ditut, eta horregatik Karibe aldera joateko asmoa.