NOAUA! Nolatan hartu zenuen Menorcarako bidea?
Maitane Bengoetxea: Joan zen urtean Gizarte Hezkuntzako ikasketak amaitu nituen eta pandemiak asko eragin zidala argi ikusten nuen. Halako krisi batean sartu nintzen eta behin bizitzako etapa bat erabat amaitu eta atzean utzita, Menorcara bizitzera etortzea erabaki nuen.
Pandemia amaitu arte eramango duzun bizimodua da Menorcakoa edo epe luzera begira hartutako erabakia da?
Oraintxe bertan ez daukat erantzun argirik galdera horrentzat. Hona etortzearen arrazoietako bat bada ni neu aurkitzea, eta horretarako denbora eperik ez dut jarri. Urte hau hemen emango dut, hori ziur. Nire norabidea aurkitu nahi dut eta zer nahi dudan argi daukadanean emango ditut eman beharreko urratsak. Usurbilen nahiko itota sentitzen nintzen, eta ihes egin beharra neukan horretatik.
MAITANE BENGOETXEA
“Nire norabidea aurkitu nahi dut eta zer nahi dudan argi daukadanean emango ditut eman beharreko urratsak”
Menorcak udan jende asko erakartzen du eta neguan hustu egiten da. Horrek laguntzen dizu zeure burua aurkitzen?
Bai. Ama ere hemen dago, denbora bat badarama hemen bizitzen. Lehen udan etortzen nintzen oso maiz, eta udak ez dauka zerikusirik neguarekin. Uharteko martxa erabat ezberdina da. Neguan ia ez dago inor Menorcan eta zentzu horretan, lekurik aproposena izan da niretzat. Bakea eta lasaitasuna behar nituen eta hemen aurkitu ditut.
Nolakoa da zure egunerokotasuna uhartean?
Neure burua bilatzen ari naizenez, momentu oro gogoa daukadan hori egiten saiatzen naiz. Ez daukat lehen bezalako erantzukizun handirik.
Kurtso batzuk egin ditut orain arte eta orain ere horietako batean izena emanda daukat. Gizarte Hezkuntzari lotutako ikasketak indartzen ari naiz, eta gainontzekoan pixka bat bizitzen ari naiz. Gustatzen zaidana egiten ari naiz, lasai eta bakean.
Balear Uharteetan katalanaren oso gertukoa den hizkera propioa dute. Asko entzuten da hori uhartean edo jende gehienak gazteleraz egiten du?
Uharte bakoitzak bere hizkera propioa du. Asko hitz egiten dute Menorcako hizkeran. Katalanaren oso-oso antzekoa da, orokorrean. Hitz batzuk aldatzen dira, baina ia gauza bera da.
Orain egiten ari naizen kurtsoa online da eta gazteleraz egiten dut, beraz, modu horretan ez daukat ikasteko aukerarik. Oraintxe bertan hizkuntzak ikasteko asmorik ez daukat, baina denbora luzez hemen geratzea erabakitzen badut, ikasiko dut edo saiatuko naiz, behintzat.
“Asko aldatzen da Menorca udatik negura. Hirukoiztu egiten da biztanleria udan”
NOAUA! Uhartetik bertako jende asko joan egiten da neguan Bartzelona edo Katalunia aldera.
Maitane Bengoetxea: Asko aldatzen da uhartea udatik negura. Hirukoiztu egiten da biztanleria udan. Unibertsitate ikasketak egiteko ere ez dago aukera handirik, eta gazteek, behin garaia iritsita, Bartzelonara joateko ohitura dute ikastera edota lan bila. Neguan nahiko hutsa egoten da uhartea. Adineko jendea eta helduak geratzen dira, baina gazteak joan egiten dira. Udan, berriz, jende pila bat itzultzen da etxera eta udan uhartean lan egiten dute. Bai uharteko jendearen kasuan, bai eta beste leku batzuetatik etorritako jendearen kasuan.
MAITANE BENGOETXEA
“Denbora asko daramat hemen eta lagun batzuk egin ditut dagoeneko”
Udan uhartea leporaino beteko da. Zein asmo duzu ordurako?
Lan bila nabil. Udan lan egin nahi dut hemen, diru pixka bat irabazi eta nire ametsak betetzeko.
Lagunak egin al dituzu uhartean?
Bai. Urte asko daramatzat hona etortzen eta familiarekin egotera etortzen nintzen.
Orain denbora gehiago daramat hemen eta egin ditut lagun batzuk. Kanpotarrak ezagutu ditut eta baita bertakoak ere.
Pandemiaren ondorioz joan zinen neurri handi batean hara. Nolakoa da bertako egoera orain?
Kasu asko egon ziren bolada batean, baina asko lasaitu da kontua azken hilabeteetan. Baldintzak ere geroz eta malguagoak dira eta denok ari gara pixka bat lasaitzen. Lasaitasuna arnasten da hemen.
“Familia eta lagunen hutsunea sumatzen dut gehien hemen”
NOAUA! Zerbait botako duzu faltan etxetik.
Maitane Bengoetxea: Jendea botatzen da faltan gehien kanpoan zaudenean. Familia eta lagunen hutsunea sumatzen dut gehien. Horrez gain, paisaia oso ezberdina da hemengoa eta leihoa ireki eta gure mendiak ez ikustea faltan botatzen dut. Sustraiek tira egiten digute eta nostalgia puntu batekin gogoratzen dut etxea eta pozez gogoratzen dut Usurbil. Orain beste bide bat hartu dut, eta leku hau ere zoragarri da.
Epe luzeago batean, non irudikatzen duzu zure burua?
Amestea libre denez, atzerrian irudikatzen dut neure burua. Behin bizitzan nire lekua aurkitzean eta bizitza egonkorrago bat sortzen dudanean, itzuliko nintzateke etxera edo Menorcara. Hala ere, nire asmoa bidaiatzea da eta beste kulturak ezagutzea. Bidaia horien arabera, bide bat edo beste hartuko dut. Noski itzuliko naizela, baina oraintxe bertan beste leku batzuk ezagutzea eskatzen dit barruak.