[ZUZENEAN] 22. Korrika Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 7a, 21:03

Bidean dator, badator 22. Korrika! Goizaldeko 6:00ak aldera helduko da gure artera. Zuzenean ikusi ahalko duzue lasterketan bertan parte hartuta, edota online bidez albiste honi atxikitako bideoan klikatuta. 

"HitzEKIN" aldarriaren bueltan herritar uholdea batuko da ziur, ostiral goizalde honetan 22. Korrikara, hasi Aginagatik eta Zubietaraino. Goizaldeko 6:00ak pasatxoan hartuko dute lehen herritarrek lekukoa Mapilen. Adi, hortik aurrerakoak zuzen zuzenean ikusteko aukera izango duzue albiste honi atxikitako bideoan klikatuta. Martxoaren 31z geroztik 24 orduz EITB eskaintzen ari den zuzeneko seinalearen bidez, euskararen aldeko lasterketak egingo duen jira online ikusi ahalko dugu.

Usurbila Urola Kosta aldetik helduko da 22. Korrika. Azken bi egunetan Bizkaian barrena ibili ostean, 23:20 aldera sartuko da Gipuzkoako lehen udalerrian, Mutrikun. Eta hortik aurrera, Urola Kostatik barrena helduko da gure artera 22. Korrika. Gauerdian Debara iritsiko da, Zestoan barrena ibiliko da 1:30ak aldera, Zumaian goizaldeko 3:00etan, ordubete beranduago Getarian, Zarautzen 4:30ak aldera, Orion 5:21 aldera, eta aipatu moduan, 6:00ak pasatxoan Aginagan!

Donostiarako prest
Ostiralean egun osoan zehar Gipuzkoan barrena ibiliko da Korrika. Larunbatean, Nafarroa iparraldean eta handik Lapurdira igaroko da. Igande goizaldean Gipuzkoara itzuliko da, Buruntzaldeara, Astigarragara eta Hernanira besteak beste. Eta Hernanitik helmugara, Donostian amaituko baita, igande eguerdiko 12:30etan Bulebarrean antolatua den bukaera ekitaldiarekin. Bertan irakurriko da, egunotan Euskal Herrian barrena eskuz esku dabilen lekukoak barruan gordea daraman mezu ezkutua. Eta segidan, egun osoko jaialdia iragarri du AEK-k Alde Zaharrean; herri bazkaria, kontzertuak, ikuskizunak, kalejirak, erakusketak...

Euskotrenek, tren zerbitzua indartuko duela berri eman du. Usurbildik Donostiara joateko, goizeko 9:00en hasi eta gaueko 21:00ak arte ordu erdiro igaroko da trena. Donostiatik Usurbila bidean, 8:50-21:50 artean ordu erdiro baita.