Aldaketak asteburuko kultur agendan. Aurreikusiak zeuden bi hitzordu atzeratzea erabaki dute antolatzaileek.
Aginagako kontzertu gaua
Aginagako Eliza Zaharra elkargunea kontzertu gau hainbatekin girotzen ari dira azken aldian. Larunbaterako, apirilak 9, Lamiak eta Rodeo taldeen emanaldiak iragarriak zituzten, gaueko 22:30etan hasita. Hitzordua ordea atzeratzera erabaki du antolakuntzak. "Pena handiz baina Lamiak eta Rodeoren larunbat honetako emanaldia atzeratzea erabaki dugu inguruko emanaldiekin ez bat egiteko", ohartarazi dute Aginagako Eliza Zaharra elkargunetik.
Kontzertua egitekotan geratu dira, baina aurrerago. "Aurrerago jakinaraziko dizuegu stoner rockaz noiz izango dugun gozatzeko aukera gure tenpluan!", iragarri dute. Sarrerak eskuratuak dituztenei zuzenduriko oharra. "Sarrerak automatikoki itzuliko dira. Dirua jasotzen ez baduzue jarri gurekin kontaktuan", ohartarazi dute.
"Bost teilatu" film proiekzioa
Atzeratzea erabaki duten bigarren hitzordua, Udalbiltzak eta Udalak antolaturiko igande arratsaldeko "Bost Teilatu" film proiekzioa duzue. Euskarazko sorkuntza bultzatzeko "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan iaz ekoitzitako ikus-entzunezko lan hau aurrerago eskaintzekoak direla berri eman dute antolatzaileek. Aurrerago zehaztekoak dira data berria.
Apirilak 10, igandea
18:00 "Bost teilatu" filmaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: euskarazko sorkuntza bultzatzeko Udalbiltzak iaz bideraturiko "Geuretik Sortuak" egitasmoaren baitan ekoitzitako bost film labur. Leire Egaña zuzendaria film proiekzioan bertan izango da.
Sinopsia: "Bost teilaturen azpian jazotako bost istorio labur. Nork bere etxean Krak egin duten Ane eta Mirenen dolua; Ekaitz gazteak eta Inaxio edadetuak baserrian bizi duten katarsiak emandako Arnasa; Michellek jaioterrira itzultzean deskubrituko dituen Hitzak eta bere nortasunaren inguruko galderak; paketea dagokion teilatupera eramateko Erlojupekoa lehiatzen duen mezularia eta, azkenik, Muga inguruan bere buruaren babesteko ihesi doan Kamaru gazte afrikarra".