10. Dantza Eguna

Korrikaren eguna gaurkoa, larunbata dantzarena

Noaua Aldizkaria 2022ko apirilaren 8a

Korrika eguna dugu gaurkoa, baina asteburu ezin biziagoaren atarian gara. Gaurko Korrika Egunetik biharko Dantza Egunera igaroko gara, ordu gutxiko tartean.

Atseden hartzeko tarte txikia izango dugu, korrikatik dantzara igaroko baikara asteburu honetan ordu gutxiko tartean. Bizi asko datorkigu beraz aste honen amaiera. Euskararen aldeko martxa izan badugu ostiral honetako hitzordua nagusia Usurbilen, biharkoa ez da gutxiagorako izango. Hamargarren edizio borobilera heldu den Dantza Eguna ospatuko dugu.

Egun osoko egitaraua josi du Orbeldik, edizio borobil honetarako. Hasteko, ziklo zabalago baten baitan kokatuko dute apirilaren 9koa, udaberrian zehar deitu dituzten beste bi topaketa egunekin uztartuko baitute Dantza Egun hau; apirilaren 30eko helduen 5. Dantzari Topaketarekin eta maiatzaren 7ko 3. Dantzari Txiki Egunarekin.

Edizio borobil honen zenbakia hilabeteotan ontzen aritu diren gaueko emanaldian islatuko da; "Hamar" izena baitu Orbeldiko talde ezberdinek, herriko antzezle eta musikariekin batera larunbat gau honetarako hilabeteotan prestatu duten eta frontoian estreinatuko duten emanaldiak. Jorraturiko ibilbidearen ispilu izan nahi dute eta sarritan ezkutuan geratzen den "B" aldea erakutsi.

Hamarkada honetan barruan bizi dutena eta sarritan ikusten ez den eremu ezkutuago hori plazaratu nahi dute ‘Hamar’ ikuskizunarekin. Ikusten ez dugun “B alde” hori buruz galdetuta, “elkarlana, poztasuna, lanerako gogoa” izan dutela bidelagun aipatu digute Orbeldikoek. “Saltsa jartzen duten gazteak, dantza taldearen enborrak diren tartekoak eta plazara agertzearekin txaloka hartzen dituzten emakumeen taldea”. Haiekin guztiekin eskaniko dute larunbat gaueko ‘Hamar’ ikuskizuna.

Belaunaldi berria gogotsu
Apirilaren 9ko gainerako ospakizunek ere hamarkada honen ibilbidearen ispilu izatea nahi dute; tartean, eguerdian Agerialden ospatuko duten herri bazkaria. Urteotan Orbeldiren bueltan parte hartu edo zaletu direnak batu nahi dituzte otordu honetan. 
Bazkalosterako iaz estreinaturiko tranpaldo irekia deitu dute. Nahi duenari koreografia bat eskaintzeko oholtza eskainiko diote. Heldu eta gazte batzuk jada izena eman dute. “Iaz batez ere haurrek eman zuten izena. Oso koreografia ederrak eskaini zituzten. Usurbilen dantzari belaunaldi berria indartsu dator, ez soilik koreografiak sortzerakoan, baita tranpaldoa zapaltzerakoan ere”.

Hamarkadako balantzea
“Dantza erdigunera ekarri dugu”, adierazi diote NOAUA!ri Orbelditik, hamarkada honetako ibilbidearen balantzeaz galdetu ostean. Herriak berez duen izaera dantzaria nabarmentzen du Orbeldik, eta alde horretatik, “haurretatik hasi eta helduetaraino ekintza parte hartzaile bat egiten dugu”. Inklusiboa, denontzat.

Urteotako ibilbideak norabidez aldarazi die halere. “Hasieran dantza tradizionalari balorea emateko ekitaldia prestatzea zen helburua”. Gerora ez zuten espero ordea “dimentsio hau hartuko zuenik”. Dantza ezberdinak uztartzen dituen zikloa eskaini ohi dute. Azken urteotan gainera bai haurren zein dantza talde helduen topaketak ere antolatzeari ekin diote. Urteroko erronka dute tamaina honi eustea eta aurrera begira, “horretan jarraitzen saiatuko dugu”.

Binomio bereiz ezina dugu egun Orbeldi eta “mimo bereziz” prestatzen duten Dantza Eguna. “Dantza Egunaren sorrerak helduen taldeak egonkortzea eragin du eta horrek Dantza Egunak indarra izatea. Bata eta bestea ezinbestekoak dira”.

 

 

ORBELDIREN UDABERRIKO HITZORDUAK
Apirilak 9, larunbata: 10. Dantza Eguna
12:00 Dantza-kalejira Mikel Laboa plazatik abiatuta.
14:00 Herri bazkaria Agerialden. 
17:00 Tranpaldo irekia Agerialden.
22:30 "Hamar" ikuskizuna frontoian.
Amaitzean, Rukula taldearen kontzertua.

Apirilak 30, larunbata: 5. Dantzari Topaketa
16:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei.
17:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
19:30 Dantza-emanaldia frontoian.
23:30 Erromeria Alaiki taldearekin.

Maiatzak 7, larunbata: 3. Dantzari Txiki Eguna
10:00 Harrera dantza-talde gonbidatuei.
11:00 Kalejira udaletxetik abiatuta.
13:00 Dantza-emanaldia frontoian.
17:30 Dantza gidatuak Ttipika taldearekin frontoian.

Antolatzailea: Orbeldi Dantza Taldea.