10. Dantza Eguna

"Dantzarekin jendeari arnasgune bat eskaintzen zaio"

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 9a, 09:50

Usurbilek herri dantzaria izaten segitzen duela berretsiko du beste behin Orbeldik larunbat honetarako antolaturiko 10. Dantza Egunarekin. Bilgune honetako kideak ere gaurko hitzorduetarako prest dira, bereziki gaueko "Hamar" ikuskizunaren estreinaldirako. Berriki Zubietako frontoian egin zuten entsegu saio orokorrean izan ginen. Orbeldiko zenbait kide elkarrizketatu genituen.



Marta Agirre eta Iñaki Maritxalar, oinarrizko dantza taldea: “Orbeldiko adin nahasketa aberatsa da herri baterako”
Zer da Dantza Eguna zuentzat?
Marta Agirre:
ilusioa, elkarrekin partekatzen ditugun emozio politak.
Iñaki Maritxalar: poza, ilusioa, ondo pasatzea. Dantza Egunean ateratzea hautazkoa da. Lehenengo aldiz aterako ote ginen galdetu eta denok baietz esan genuen.

Talde barruko dinamika ez dugu ikusten. Nola deskribatuko zenukete?
M.A.: Elkar laguntzen gara.
I.M.: Familia antzeko bat sortu da.

Zer eman dizue dantzak eta Orbeldik?
I.M.:
Mugitzeko beste arrazoi bat. Ariketa pixka bat egiteko aukera duzu, beste modu batean, musikarekin eta gozatu egiten duzu taldean.
M.A.: Gozatzeko unea.

Zer jaso du herriak Dantza Egunetik?
M.A.:
Ikuskizun herrikoi bat, herriko jende askok parte hartzen du.

Herria egiten lagundu du ezta?
M.A.:
15 urtetik 70 urterako jendea dago. Orbeldiko adin nahasketa aberatsa da herri baterako, azkenean beti bereizten gara gure adinekoen artean.

Beste 10 urte betetzeko moduan?
M.A.:
Gure taldean nabaritu da jende gutxiago dabilela, pandemiak ere eragin du pixka bat. Aurrerago jende gehiago animatzea espero dugu.
I.M.: Herriak beste 10 urtez uzten badigu hor egongo gara, eta antolakuntza talde bat badago baita, lan handia egiten baitu eta lan hori ez da ikusten.


Ana Isabel Elizondo, erromeria taldea: “Dantza Eguna sakratua da”
Zer da Dantza Eguna zuretzat?
Ana Isabel Elizondo: Ondo pasatzeko egun bat. Dantza Eguna sakratua da, ospatu gabe utzi ezin dugun eguna.

Hasieratik zabiltza?
Bigarren urtean hasi ginen dantzan.

Nolatan animatu zinen?
Txikitatik ibili naiz dantzan. Usurbilen aukera sortu zenean, seguru nekien horra joan behar nuela. Saloi dantzetan ere aritutakoa naiz eta izugarri gustuko dut.

Jendea ezagutzeko aukera eskaini dizu.
Gure afariak, irteerak, bodegak egiten ditugu. Horregatik, dantza gustatuz gero animatu.

Zuen taldeak ze bilakaera izan du?
Kide piloa hasi ginen, gero talde guztietan gertatzen dena, betikoak geratu gara. Eskola zaharrekoak. Orain gu gara baita Orbeldiko talde handiena.

Dantza Egunak zer eman dio herrairi 10 urteotan?
Dantza denek egin dezaketela ikustaraztea, bai helduek zein gazteek. Zer egiten dugun eta nola pasatzen dugun plazaratzea.

Aurreratzerik bai zer ikusiko dugun apirilaren 9an?
Dantza Eguna nola prestatzen dugun.

Herriari gonbita.
Herriari etor dadila ikuskizuna ikustera, oso polita izango da.



Eider Goikoetxea eta Udane Valin, Euskal Dantzen Taldea: “Dantzarekin jendeari arnasgune bat eskaintzen zaio”
Zer da zuentzako Dantza Eguna?
Eider Goikoetxea:
Urte osoan zehar landutakoa plazaratzeko aukera eta dantza bera bultzatzeko ekimen bat da, denok ondo pasa eta herria ondo pasarazteko.
Udane Valin: Orbeldiko kide guztiok harremantzako unea da bai entseguetan eta egunean bertan eta dantzatzen duguna plazaratzekoa, beraiek ikusi eta animatzeko.

Dantza Egunak zer eman dio herriari 10 urteotan?
E.G.: Dantza eta euskal kulturaren sustapena eta bizipoza.

10 edizioetan parte hartu duzue?
U.V.: Azken lautan edo. Txikitan dantzan aritu ostean, DBH4n sartu ginen gu, lauzpabost urte izango dira.

Ze bilakaera izan du Dantza Egunak urteotan?
U.V.:
Harrera oso ona izan du beti, jendea asko animatzen da bai egunean zehar eta gauean parte hartzera, urtetik urtera jende gehiago.
E.G.: Beti kutsu magiko, mistiko bat ikusi izan diot.

Dantza Egunak Orbeldi ere elikatzen lagunduko du.
E.G.:
Urte osoko jarduna ez dugu Dantza Egunean zentratzen baina bada herriari begirako urteko emanaldi potenteena, gehien prestatu eta zaintzen dena.

Zer dakar hamargarrenak?
E.G.:
Gure ibilbidea zer nolakoa izan den eta gaur egun zertan ari garen plazaratuko dugu.
U.V.: Azkenean jendeak ez daki Dantza Egunak atzetik zer prestaketa lan duen. Hori ikusarazi nahi dugu. Oso ikuskizun polita izango da. Aninatu dadila jendea ikustera eta nahi duenak dantza taldean izena ematera.

Nolakoa da ikusten ez dugun beste alde hori?
E.G.:
Astean ordu pare bat edo gehiago pasatzen ditugu bai bilera eta entseguetan. Harremantzen gara, bazkariak egiten ditugu eta giro polita sortzen da.
U.V.: Dantzaren bidez adin tarte ezberdinetako herritarren artean harreman bat sortzen da, bazkari, entsegu edo bileretan.
E.G.: Dantzarekin batera beste gauza asko ere lantzen ditugu eta jendeari beste arnasgune bat, lasai egoteko gune bat eskaintzen zaio.