Korrika

[ZUZENEAN] 22. Korrikaren amaiera festara joateko deia

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 9a, 08:15

Helmugara bidean da jada 22. Korrika. Lapurditik barrena ibiliko da larunbat honetan. Gauerdian Gipuzkoan sartuko da berriz Irun aldetik eta herrialde honetan egingo ditu euskararen aldeko martxak azken kilometroak. Igande eguerdian, 12:30ak aldera helduko da helmugara, Donostiako Bulebarrera. Hortik aurrera, egun osoko jaia hiriburuan. Bertara joateko deia egin digute Usurbilgo AEK-tik. Tren zerbitzuak indartuko ditu Euskotrenek. Ordura arte, 22. Korrika 24 orduz zuzenean online jarraitzeko aukera duzue ohi bezala, albiste honi atxikitako bideoan klikatuta.

Korrikak utzitako aho zapore ezin gozoagoa du Usurbilek, euskararen aldeko lasterketa gure artetik igaro ostean. Mundu bat, inoiz baino jendetza handiagoa bildu zuen 22. Korrikak ostiral goizaldean. Ordutik etenik gabe,  bidean aurrera egin du. Larunbat honetan egun osoz Lapurdin barrena ibiliko da. Goiz partean, Senpere, Sara, Ezpeleta, Itsasu edota Kanbo zeharkatu ostean, arratsalde partean, Uztaritze eta Hiriburutik barrena Baionara helduko da 22. Korrika. Eta handik bueltan itzuliko da Gipuzkoarantz kostaldetik; Angelu, Biarritz, Bidarte, Getari edota Donibane Lohitzunetik.

Beterri Buruntzan berriz
Ziburu, Urruña eta Hendaia zeharkatu ostean, gauerdia pasata, goizaldeko 1:00ak aldera Gipuzkoan sartuko da berriz AEK-ren lasterketa, Irun eta Hondarribiatik. Eta Gipuzkoan egingo ditu azken kilometroak, Oarsoaldean lehenik eta Beterri Buruntzara bueltan etorriko da. Astigarraga eta Hernanira hurbilduko da Korrika goizaldeko 6:00ak pasatxoan. Handik bueltan Donostiara berriz. Igande goiz partean, hiriburuan barrena ibili ostean helduko da 10 egunen ostean helmugara; 12:30ak aldera Bulebarrera.

Bertan ezagutuko du nork eta zer idatzi duen, egunotan Euskal Herrian barrena eskuz esku ibili den lekukoak gordean daraman mezuan. Eta segidan, egun osoko festa; kontzertuak, haur ikuskizunak, herri bazkaria, erakusketak, tailerrak.... Ondoko kartelean dituzue zehaztasunak.

Tren zerbitzu gehiago
Usurbilgo AEK-tik, aurtengoan hain hurbil izanik, Donostiako aldarrikapen eta festa giroan murgiltzera gonbidatu gaituzte igande honetan. Adi, bertara joateko, Euskotrenek tren zerbitzua indartuko duela berri eman du. Usurbildik Donostiara joateko, goizeko 9:00en hasi eta gaueko 21:00ak arte ordu erdiro igaroko da trena. Donostiatik Usurbila bidean, 8:50-21:50 artean ordu erdiro baita.

Azken txanpa zuzenean
Oraindik helmugara iristeko egun oso bat geratzen zaio 22. Korrikari. Ordura arte, gogoan izan, egunotan bezala, EITB eskaintzen ari den seinalearen bidez zuzenean jarraitu ahalko duzue euskararen aldeko lasterketa.