10. Dantza Eguna

Tranpaldo irekia, dantzari belaunaldi berriaren trebetasunaren erakusleiho

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 9a, 19:52

Orbeldik oholtza jarri die koreografiaren bat plazaratu nahi zutenei, eta herri mailan dagoen dantzarako iaiotasuna argi geratu da beste behin. Tranpaldo ireki ikusgarria ospatu da bazkalostean Agerialdeko plazan.

10. Dantza Egun hau, dantzari belaunaldi berria gogotsu eta dantzarako trebetasun itzelarekin datorrela argi uzten ari da. Haur nahiz helduek, denek duten dantzarako iaiotasuna argi utzi dute, bazkalostean Agerialdeko patioan ospatu den tranpaldo irekian.

Orbeldik oholtza jarri die koreografiaren bat eskaini nahi zuten herritarrei. Aurrez izen emate deialdi bat bideratu zuten. Deialdiaren erantzuna ondoko irudiotan jaso dugu. Parte hartzaileek asteotan prestatu dituzte, bistan denez ahalegin eta mimo bereziz, gaur jendaurrean eskaini nahi zituzten emanaldiak. Denetariko dantza estiloko saioak tartekatu dituzte. Usurbil herri dantzaria dela eta izango dela bermatua dago, artixta taldeokin.