Hego haize zakarragatik abisu horian

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 11a, 08:00

Artxiboko irudia.

80-100 kilometro orduko haize boladak izan ditzakegu astelehen honetan. Abisu horian izango gara egun osoz.

Haizea gogotik jotzen ari da azken orduotan. Hego-ekialdeko haize zakarragatik abisu horian izango gara astelehen honetan, egun osoz. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, haizeguneetan 100 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu, "bereziki egunaren lehen zatian eta ekialdeko mendi inguruetan; bertan 110 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete. Arratsaldean haizeak indarra gal dezake; gauean berriro indartu daiteke, bereziki ekialdean".

Haizeguneak ez diren tokietan 80 kilometro ordutik gorako boladak izan ditzakegu egun honen lehen zatian "eta ekialdean; bertan 90 kilometro orduko abiadura gaindi dezakete. Arratsaldean haizeak indarra gal dezake; gauean berriro indartu daiteke, bereziki ekialdean".

Haize boladokin, baso sute arriskuagatik ere abisu horia ezarri dute. "Haizearen ezaugarriengatik eta tenperaturagatik baso-sute arriskua altua da, bereziki Kantauri isurialdean", ohartarazi du Euskalmet-ek.

Giro honetan, Usurbilen, "goizean eguzkitsu egongo da, erdi-mailako hodeiekin eta goi-hodeiekin. Arratsaldean hodeiak ugarituko dira. Arratsalde-gau partean baliteke zaparrada txikiak botatzea, bereziki egunaren amaieran. Hego-ekialdeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin eta oso gogorrekin. Tenperatura maximoak gutxi igoko dira". Euritara joko du datozen egunotan.

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus