Korrika

"Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik"

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 11a, 08:33

Donostian igandean ospaturiko 22. Korrikaren amaiera festan plazaratu zuten lekukoak barnean zeraman mezu sekretua. Karmele Jaio idazleak berak idatzi eta irakurritakoa.

Abiapuntutik hasita, hamaika egunotan bidean ikusi bezala, amaieran ere mundu bat batu zen igandeko Donostiako 22. Korrikaren amaieran. Nabari zen inguruotan ere. Euskotren-ek tren zerbitzuak indartu arren, leporaino beteta joan ziren hiribururantz. Usurbildik ere hainbat herritar, trenean sartu ezinik.

Hiriburuan barrena egin zituen azken metroak, edizio honetan zehar eskuz esku ibili den lekukoak eta lekuko barruko ezkutuko mezuak. Denetariko kinielak egin dira azken egunotan, ia nork idatzi ote zuen mezua, ia zer zioen mezuak. Igande honetan argitu da guztia; Karmele Jaio idazlearen sortze lanak borobildu du 22. Korrika. Segidan duzue osorik. Gonbita argia egiten digu Jaiok. "Sinistu dezagun euskara ez dela daukagun zerbait, garen zerbait baizik". Albiste honi atxikitako bideoan duzue, Donostiako amaiera ekitaldi hau iruditan bildu zuen EITB-k eskainitako saio berezia.

Ekitaldi horren ostean, Alde Zahar osora hedatu zen gauera arte luzaturiko jaia; bertso saioa, kontzertuak, herri bazkaria, haur ikuskizunak, erakusketak... Denetariko ekitaldiak batu zituen Donostia euskaltzalez leporaino bete zuen Korrikaren amaiera festak.

AEK-k astelehen honetan plazaratzekoa du 22. Korrika historiko honen balantzea.