Udalbatzarra

Kirol zerbitzuetako abonu zati batzuen itzulketak

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 11a, 09:47

Ezohiko egoeran izandako ezohiko itzulketak izan dira azken osoko bilkuran udalbatzak onarturikoak.

Kirol arloko udal zerbitzuei lotutako zenbait abonuen zatiak itzultzea erabaki zuten martxoaren 31ko osoko bilkuran. Udalbatzarrera eraman zuten gaia, ezohiko egoeran jazotako ezohiko itzulketak izan direlako, Ordenantza Fiskaletan jaso gabe zeudenak, Kiroldegian covid19 ziurtagiriaren erabilera derrigortu izanak eragindakoak.

Itzulketak kasuotan aplikatu dira: abonuaren zati proportzionala 6 kasutan, ikastaroen zati proportzionala 5 herritarren kasuan, saunakoa herritar baten kasuan eta abonuaren itzulketa herritar baten kasuan osasun arazoengatik. Proposamena gehiengo osoz onartu zuen udalbatzak, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen,¡ udal zerbitzu bat baliatzeko abonu bat ondorio guztiekin hartzen dela argudiatuta. 

Udal gobernu taldetik erantzun zitzaien esanez, ez Udala ezta erabiltzaileok ez direla izan baldintzak aldatu dituztenak, kasu honetan, Eusko Jaurlaritzak hartu baitzuen eremu itxietan 
covid19 ziurtagiriaren erabilera  derrigortua ezartzeko erabakia. Aurrera begira antzeko egoerak eta eskaerak izango balira, gaia udalbatzarrera eraman beharrik izan gabe  “irizpide berberak aplikatzea automatikoki”, asmo horixe du Udalak.