Errenta aitortzeko kanpaina betean da Gipuzkoa, baita beraz Usurbil ere. Iragan astean zabaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak tramitaziorako epea. Batetik, autolikidazio proposamenak jaso dituztenek onartzeko aukera dute ordutik, edota baita online bideratzekoa ere. Gaur beste urrats bat emanda, errenta mekanizaturako hitzordua eska daiteke astearte honetatik, apirilaren 12tik. Hitzordua soilik, modalitate honen tramitazio epea astebete barru zabalduko baitute.
Gogoan izan, errenta euskaraz aitortzeko deia egina dutela erakundeek; bai Foru Aldundiak berak, baita Usurbilgo udalerria kide duen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) ere.
Hiru dira errenta aitortzeko dauden bideak, eta guztietan euskaraz egiteko aukera dago. Autolikidazio proposamena jasotzen duenak, telefonoz nahiz internet bidez onartzerakoan euskaraz egin nahi dela adierazi eta “aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu”. Internet bidezko modalitatean, “errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara hautatu. Aholkularitzaren bat aukeratzen baduzu, berariaz adierazi beharko duzu aitorpena euskaraz egin nahi duzula. Beste modu batean egiten baduzu, finantza erakunde batean esaterako, euskaraz egiteko eska dezakezu”. Errenta mekanizatuaren kasuan, hitzordua eskatzerakoan Ogasunarekin euskaraz harremandu nahi dela adierazi daiteke.
Errenta aitorpenaren datak
-Apirilak 4-ekainak 30: errenta autolikidazio proposamenak onartzea.
-Apirilak 7-ekainak 30: errenta eta ondarearen Internet modalitatearen epea.
-Apirilak 19-ekainak 30: errenta mekanizatuaren aurkezpena.
-Apirilak 12-ekainak 8: errenta mekanizaturako hitzordua eskatzea.
Errenta aitorpena, modalitateak
-Proposamena: "2022/03/29tik 2022/04/16ra bitartean, 250.000tik gora proposamen bidaliko ditugu, apurka-apurka, postaz (aitorpen guztien erdia baino gehiago). Departamentuaren webgunean eta gure bulegoetan ere eskuratu ahal izango dira. Proposamenarekin ados izanez gero, onartu egin behar da telefonoz edo internet bidez".
-Mekanizatua: telefonoz edo internet bidez hitzordua aurrez eskatuz gero, aitorpena egiteko laguntza zerbitzua eskainiko du Ogasunak bere bulegoetan.
-Internet: "gure laguntza programaz baliatuta" online egin daiteke aitorpena.
Informazio gehiagorako: gipuzkoa.eus