Haur eta gazteak oporraldi betean dira. Apirilaren 8an izan zuten azken klase eguna eta datozen bi asteotan jai izango dute. Hilaren 25ean itzuliko dira ikasgeletara. Bitarte horretan, aisialdi tarterako antolatu diren ekimenetan parte hartzeko aukera izango dute. Gogoan izan, batetik Usurbil Futbol Taldeak, Usurbil Kirol Elkarteak eta Pagazpe pilota elkarteak Usurbilgo Kirol Astea antolatu dutela apirilaren 19tik 22ra LH-ko ikasleentzat.
Gaztelekuak ere zenbait ekintza prestatu ditu DBH-ko ikasleentzat. Apirilaren 10ean DBH1-ekoekin Zarautz eta Getaria arteko bidea osatu zuten oinez. Apirilaren 23an esperientzia errepikatuko dute. DBH 2 eta 4 ikasturtekoentzat aldiz, pizza tailerra izango dute eta "Costa Jump"-eko irteera apirilaren 21ean.
Eta Gaztelekutik helarazi duten ohar garrantzitsu bat; covid19-ak eragindako osasun krisialdi aurreko ordutegia berreskuratzera doaz, "adin guztiko gazteak elkartzeko aukera izanda" ohartarazi dutenez. Aurrerantzean beraz, ordu eta egunotan zabalduko dute Gaztelekua:
Astelehena: 16:30-18:00 DBH 2-3-4 // 18:00-19:30 Adin guztiak.
Osteguna: 16:30-18:00 DBH 2-3-4 // 18:00-19:30 Adin guztiak.
Larunbata: 16:00-17:30 DBH 1 // 17:30-19:00 Adin guztiak.