Korrika

Chicagora ere heldu da 22. Korrika, usurbildar baten eskutik

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 12a, 12:54

Praisku Aranburu Illarramendi usurbildarrak 22. Korrikari lotutako ekimena antolatu du AEB-tako hiriburuan. Albiste honi atxikitako bideo eta argazkia helarazi ditu.

Euskal Herriko mugak gainditu ditu. Aurtengoan ere mundu zabalera heldu da 22. Korrika, nazioartean bizi diren tokian tokiko euskaldunen eskutik; Europara edota AEB-tara ere bai. Chicagotik helarazi dizkiguten irudiak dituzue albiste honi atxikitakoak. 

Eta ondo begiratzen baduzue, zuetako bat baino gehiagorentzat ezaguna izango den usurbildar bat aurkituko duzue; Praisku Aranburu Illarramendi. Chicagon bizi da egun eta euskaraz bizitzea aldarrikatzen duen egunotako 22. Korrikari lotutako ekimena antolatu du bertan.

Albiste honi atxikitako bideoan entzun dezakezue gitarra hartuta "denon artean egin dezagun gaur Chicago euskalduna" abesten. Hunkigarria.

23. Korrika 2024ko martxoan
Oraindik 22. Korrikak utzitako aho zapore ezin gozoagoa desegin ezinik dugun honetan, hurrengora begira jarriko da laster AEK. Dagoeneko noiz izango den zehaztu dute. Covid19ak aurtengo edizioa urtebetez atzeratu eta azkenean hiru urtera ospatu den arren, bi urte barru ospatuko da hurrengoa. 23. Korrika 2024an beraz. 

Urte horretako udaberriko oporren aurretik, martxoaren 14tik 24ra ospatuko da. Laster ekingo diote prestaketa lanei. Hurrengo edizioa noiz izango den kontuan izanda, aldaketa garrantzitsua: orain arte urte bakoitietan ospatzen zen Korrika, bikoitietan aurrerantzean. "Atsedena hartu eta laster buru-belarri ekingo zaio 23. Korrikaren prestaketari", iragarri dute AEK-tik. 

Balantze oso baikorra egin dute igaro berri den martxaz. "Amurriotik Donostiara Euskal Herriko errepideetan gertatu dena zinez indartsua izan da", nabarmendu dute. Batetik, Korrika egin ahal izatea izan da pozgarriena eta bigarrenik, "euskararen aldeko kontzientzia, herri-gogoa, hauspotzea lortu dela". AEK-tik goraipatu dutenez, "herri bat gara, euskararen herria gara".

Hori gutxi ez eta, diotenez oraindik goiz den arren, "hainbat aldagaik erakusten dute Korrikaren helburu ekonomikoa ere lortu dela". Gogoan izan, AEKren eguneroko lana indartzea helburu duela ekimen honek, egun oraindik ez baita nahikoa baliabide bideratzen helduen euskalduntzera.  

Balantze hau eginda beraz, antolatzaileok "inoiz baino argiago dugu, Korrika egiten jarraituko dugula; edizio honek inoiz baino irmoago erakutsi digu Korrikak zein babesa izan duen: ikusi dugu hau izan dela maitatuena, kilometroz kilometro ondoen zaindu dena". 

Horregatik, etorkizuneko edizioetan ere, "euskal gizarteari Korrika eskainiko zaio euskararen olatua handitzen jarraitzeko".