Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduko lau herrialdeetako talde sustatzaileen topagunean bilakatu da astearte hau Potxoenea. Ekainaren hasiera aldera bizikleta martxa bat antolatu asmo dute. Gaur Usurbilen egin duten saioan, "lehen harria jartzen aritu gara", adierazi diote NOAUA!ri. Informazioa partekatu eta prestaketa lanak koordinatzen.
Hedabide honi aurreratu diotenez, Hego Euskal Herrian barrena soilik ez, Ipar Euskal Herritik ere igaroko den bizikleta martxa hiru aldarri nagusiren bueltan bideratuko dute: 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, zerbitzu publikoen defentsa eta zaintza eredu berri bat galdegiteko. Hurrengo asteetan zehaztasun gehiagoren berri emango dute. "Izango duzue gure berri", aurreratu digute.
"Erreferentziazkoak izatea lortu dugu"
Bizikleta martxa heldu artean, azken lauzpabost urteotan egin duten moduan, astelehenero mobilizatzen jarraituko dute; Hego Euskal Herriko 80 herrietan biltzen dira astero. "Erreferentziazkoak izatea lortu dugu gizartean". Aldaketa garaiotan, gogorarazten dute pertsona helduenak izan direla alarma-oihua egin dutenak. Pandemiak kolektiboa "oso gogor kolpatu" duela diote. Baina eutsi diotela mobilizazioei. "Erreferentzia bat garela argi dago".
Eta haien aldarriek bizirik segitzen dute. "Premiazkoak dira gure erreibindikazioak", nabarmendu dute. Aldarriok erakundeek gauzatzeko modukoak direla ohartarazten dute. "Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak badituzte eskumenak", horretarako. Oinarrizko eskaerak dira pentsiodunenak; bizitza duin baterako. Adibide bat jarri digute. EAE-n "70.000 pentsiodun daude 500 euro baino gutxiago kobratzen dituztenak". Diotenez, horregatik mugitu behar gara guztiok, erakundeek egoera hau iraultzeko "eskumenak badituztelako".