Auzolan Berri izeneko enplegu eta prestakuntza programan parte hartzen ari diren Beterri Buruntzako langabeak kontratatzeko dirulaguntza deialdia iragarri du Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizial bidez herrialdeko lantegientzat.
"Beterri-Buruntza eskualdeko udalek (Astigarraga, Andoain, Hernani, Urnieta eta Usurbil) zenbait baliabide soziolaboral jarri dituzte martxan azken urteotan, gizarte-enpleguko proiektuaren barruan Gizarte egoera ahulean eta/edo baztertuta dauden pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak sustatzeko. Horien artean, Auzolan Berri prestakuntza eta laneratzeko programa nabarmendu behar da. Enplegu eta prestakuntzako programa bat da, eta gizarteratzeko ibilbide bat marrazten du, pertsonei laguntzen diena programak irauten duen prozesu osoan, prestakuntza-baliabideak, arreta pertsonalizatua eta lan-esperientzia eskainiz aurrez prestakuntza jaso duten jarduera-sektorean".
Diruz lagunduko diren kontratuek lanaldi osokoak eta gutxienez 3 hilabeteko epea izan beharko dute. "Laguntza horiek ezin izango dira bideratu jarduera berria sustatzen duten pertsonak kontratatzeko". Bestetik, "enpresa onuradun bakoitzari diru-laguntza bat baino gehiago eman ahal izango zaio".
Azaroaren 30era arte
Laguntza hauen onuradun izan daitezke, egoitza soziala edo lantokia Gipuzkoan duten lantegiek. Uztailaren 15era arte aurkeztu eta kontratazioak formalizatuta dituzten eskarien lehen ebazpena kaleratuko da lehenbizi, eta azaroaren 30era arte jasotakoekin bigarrena plazaratuko da gero.
Eskabideak aurkezteko bi modu egongo dira: telematikoki usurbil.eus atarian edota presentzialki, udaleko erregistro nagusian. Udal iragarkiak dioenez, "eman beharreko laguntzak finantzatzeko gehieneko kreditua 21.500 eurokoa da". Halere, " jasotako eskabideen kopuruak eta zenbatekoak ezarritako baliabide ekonomikoak gaindituko balitu, Usurbilgo Udalak zenbateko hori handituko du".
Dirulaguntza deialdi honi buruzko informazio gehiago, apirilaren 4ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean jaso dezakezue.