2022ko ordenantza fiskaletan hobarien eskaintza handitzea onartu zuen udalbatzak iragan udazkenean "aberastasunaren banaketa justuago baten alde". Urte hasieratik eska daitezke hobariak. Ordutik lehen hiruhilekoan bildutako datuak plazaratu ditu Usurbilgo Udalak. Udal kontu-hartzailetzaren arabera, 91 herritarrek bideratu dute hobariak jasotzeko eskaria, eta gehienek, 64k jaso dute aldeko ebazpena, gainerako 27ek ezezkoa.
64 herritar horietatik 50ei %90eko hobaria aplikatu zaie, "beraz, hobariak aplikatzen zaizkien zerbitzuengatik tasen %10 soilik ordaindu beharko dute. Beste 12ri %75eko hobaria aitortu zaie, eta beste biei, %50ekoa", Usurbilgo Udaletik zehaztu dutenez.
Aldaketak ordenantza fiskaletan
Hobarien eskaintza zabaltzen zuen 2022ko Ordenantza Fiskalak aldatzea erabaki zuen udalbatzak martxoaren 31ko osoko bilkuran, “azken hilabeteetan indarrean sartu diren legedi eta sententziek sortu duten egoera berrira egokitzeko”. Aldaketa eragin dutenen artean da Espainiako Auzitegi Konstituzionalak “gainbalio zergaren oinarria kalkulatzeko erabiltzen zen modua edo metodoa Konstituzioaren aurkakoa zela” ebaztea. Erabaki honen harira, estatuak eta Gipuzkoako foru arauak ere “kalkulurako metodo berriak txertatu ditu”. Tasa hau ezartzeko gehieneko muga %15etik %30era igo zuen berriki. Udalaren kasuan, udal gobernu taldetik martxoa amaierako udalbatzarrean berri eman zuenez, %12an zen lehen aipatu tasa eta orain %18ra igotzea erabaki dute, “lehengo diru bilketa berreskuratzeko”.
Bestalde, “lanbide arteko gutxieneko soldata” eguneratzeak ordenantza fiskalak egokitzea eragin du, hobariak jasotzeko dirusarrera muga berriak ezarri eta hobari eskaintza zertxobait zabaltzea ahalbidetu du.
Azkenik, ondasun higiezinen eta ibilgailuen gaineko zergetan “aldaketa teknikoak sartu nahi dira, herritarrek eska ditzaketen hobarien tramiteak erraztu asmoz”. Kasuotan herritarrek agiri gehiago ez dute aurkeztu beharko, “baldin eta zerga bilketako langileek aipaturiko agiri eta datuak egiaztatzeko baimena jasotzen badute”.
EHBilduren udal ordezkarien aldeko bozkekin onartu ziren aldaketok hasieraz. EAJ eta PSE abstenitu ziren. Hasierako onarpenaren berri eman zuen Usurbilgo Udalak apirilaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean kaleratu zuen iragarkian. Biharamunetik zenbatzen hasita, 30 lanegunez zabalik dago erreklamazioak aurkezteko epea. Epe hau igarota, halakorik egongo ez balitz, aldaketok behin betiko onartutzat joko ditu Usurbilgo Udalak.
2022rako ORDENANTZA FISKALAK
Zenbakitan
Irizpide orokorra: %1,5eko igoera (KPIaren %3ko igoeraren azpitik).
Salbuespenak: kirol zerbitzuetako tasak eta abonuak %0,9 igotzea, Buruntzaldeko udalen batzordeak hala erabaki ostean; eta hondakinen tasak (zati finkoan urteko 8,56 euroko igoera; errefusaren bilketari eragiten dion zati aldakorra, kubo bakoitzeko 0,5 euro gehiago ordaintzea; 1,5 euro, euro bakarraren ordez).
Hobariak: %50-%90 artekoak, ur, hondakin, estolderia, hileta, baratzen erabilera eta kirol instalazio (abonuez gain, lehen aldiz ikastaroetan), Haur Eskola zerbitzuetan eta Udajolasen".
Balizko onuradunak: 2020ko errenta aitorpenaren kanpainako datuak kontuan izanda:
661 aitorpen: 12.043 diru-sarreren azpitik.
640 aitorpen: 12.043-18.931 euro arteko diru-sarrerak.
734 aitorpen: 18.931-26.093 euro arteko diru-sarrerak.
675 aitorpen: 26.093 -35.400 euro arteko diru-sarrerak.
535 aitorpen: 35.400 eurotik gorako diru-sarrerak.
Baldintza ekonomikoak beteko lituzketen aitorpenak: 2.035etik gora, eta 4.000tik gora herritar.
Bizikidetza unitatea osatzen duten lagunak | Hobariak | ||
%90 | %75 | %50 | |
1 |
<14.630 |
14.630 - 16.625 |
16.625 – 19.950 |
2 |
<19.152 |
19.152 - 21.679 |
21.679 – 26.068 |
3 |
<20.881 |
20.881 - 23.807 |
23.807 – 28.595 |
4 edo gehiago |
<22.477 |
22.477 - 25.802 |
25.802 – 30.723 |
2022. urteko egutegi fiskala
-Urtarrilak 4-29: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa, aurreko urteko 4. hiruhilekoa.
-Otsailak 1-martxoak 1: ura, estolderia eta hondakinak, aurreko urteko 4. hiruhilekoa.
-Martxoak 1-apirilak 15: trakzio mekanikozko ibilgailuen zerga.
-Apirilak 5-30: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa, urteko 1. hiruhilekoa.
-Maiatzak 3-ekainak 1: ura, estolderia eta hondakinak, urteko 1. hiruhilekoa.
-Maiatzak 14-uztailak 1: ondasun higiezinen gaineko zerga.
-Uztailak 1-30: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa, urteko 2. hiruhilekoa.
-Abuztuak 2-irailak 1: ura, estolderia eta hondakinak, urteko 2. hiruhilekoa.
-Irailak 1-urriak 1: espolian zehar ibilgailuak sartzea (badoa).
-Urriak 1-azaroak 10: ekonomi jarduera gaineko zerga.
-Urriak 1-29: asteroko merkatuaren erabilpen-tasa, urteko 3. hiruhilekoa.
-Azaroak 2-abenduak 1: ura, estolderia eta hondakinak, urteko 3. hiruhilekoa.
-Azaroak 2-30: bide publikoaren erabilera pribatibo edo aprobetxamendu bereziagatik tasa (beladoreak, kutxazain automatikoak...).
-Azaroak 2-30: emakida administratiboak.