Udalbatzarra

Olarriondon "eko-auzoa" eraikitzeko adostasuna lur-jabeen eta Udalaren artean

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 13a, 19:38

Etorkizunean Munalurra auzunea handituko da. Egungo etxebizitzon eta Ugartondon eraikitzen ari diren artean dagoen Olarriondo eremuko belardian eraikiko da bizileku multzo berria: "eko-auzoa". Uda hasieran Udalak hasieraz onartu eta urteotan herritarren parte hartzearekin diseinatu duen Hiria Antolatzeko Plan Orokor (HAPO) berriaren helburuetara egokitua egongo dena. Irizpide jasangarri eta ekologikoak aintzat hartuta gauzatu nahi dute. Garapen honi bidea ireki dion hirigintza hitzarmena adostu dute Udalak eta sektore honetako lur-jabeek gai honek jorratu duen 20 urteko ibilbide gorabeheratsuaren ostean.

Olarriondo lur-eremuan etxebizitzak eraikitzeko, bestela esanda, Hiri Antolamenduko Arau Subsidiarioetako S-5 (Olarriondo) sektorea antolatu eta kudeatzeko sektoreko jabeen eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko hirigintza hitzarmena hasieraz onartu zuen udalbatzak azken osoko bilkuran, EHBildu eta PSE-ren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. 

Udalbatzak hartutako erabakiaren berri ematen duen Usurbilgo Udalaren iragarkia apirilaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaratu zuen. Biharamunetik zenbatzen hasita, alegazioak aurkezteko 20 eguneko epea izango dute interesdunek.

Bi hamarkadako ibilbidea
Egitasmo garrantzitsutzat jo zuen alkate Agurtzane Solaberrietak "herri garapenerako". Bere esanetan, "lor genezakeen akordio onena izan da". Udalaren eta lur-jabeen arteko hirigintza hitzarmen hau bi urteko "hizketaldi eta lan harreman iraunkor" batek ahalbidetu duela adierazi zuten udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran. Alde guztiek hasieratik agerturiko jarrera eraikitzailea goraipatu zuen alkateak. 

Udal gobernu ereduaren ardatz nagusia den herri parte hartzean kokatu zuen Solaberrietak hitzarmen hau adosteko bideratu duten lanketa; Zumarteko nahiz Zapategiko egitasmoen pare jarri zuten Olarriondo sektore honen garapena sustatuko duen hirigintza hitzarmena.

Luze jo du adostasunerainoko bideak; 20 urte hain zuzen. Bi hamarkadako "ibilbide gorabeheratsua" izan dela aipatu zuten udal gobernu taldetik. 2003an du abiapuntua. Ordutik, 2006ra arte Udalak eta lur-jabeek zenbait hirigintza hitzarmen sinatu zituzten. Eta ordutik hona Olarriondo eremuan aurreikusten zen proiektuak izan du eraldaketarik. 409 etxebizitza altxatzeko aukera zegoen; 146 libre, 120 tasatu eta babes ofizialeko 120 etxe eta 23 sozial. 80.122 metro karratuko eraikigarritasuna zuen eremuak. 

Proiektua bere horretan gauzatzear izan zuten; tramitazio bidea osatuta, "makinak sartzea baino ez zen falta", udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran gogora ekarri zutenez. 2008ko krisiak ordea, ez zuen ahalbidetu proiektuak aurrera jotzea. Ekonomikoki bideraezina bilakatu zuen proiektua. 2015ean, 36 hilabeteko epea finkatzen da lanak hasteko, 2018ko uztailean amaitzen da epe hau eta bistan denez lanak hasi gabe ziren.

2014an Udalak Hiria Antolatzeko Plan Orokorra (HAPO) idazteko lanketa orokorra abiatzen du. Eta testuinguru honetan, prozesu honek "antolamendu berri bat adostea ekarri du".  Prozesu honen baitan, hiru aukera plantetatu ziren Olarriondo eremurako; 250, 300 edo 350 etxebizitza eraikitzea. Erdibideko aukeraren alde egin dute; 316 etxe eraikitzea. Lehendik aurreikusia zegoenarekin alderatuta, %23 gutxiago, eraikigarritasuna %35ean txikitu dute. "Guk gehiago gutxituko genuke", adierazi zuten udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran, herriaren "hazkuntza kontrolatua izateko" helburua bete nahi baitute.

Gune biziak, irizpide jasangarri eta ekologikoetan eraikiak
Eraikigarritasuna eta etxebizitza kopurua gutxitzearekin batera, aurreko planeamenduak aurreikusia ez zuen "erabilera nahasketa" bat ere planteatzen dute Olarriondo eremurako. Lotarako auzunea izatea saihestu nahi dute, eta beraz, hirugarren sektorera bideraturiko lokalak izatea eraikin hauen behealdean, aparkaleku publikoarekin batera. "Funtzio anitz bilduko dituen gune biziak" sustatu nahi dituzte. "Beste hirigintza eredu bat, jasangarri eta ekologikoa", Udalaren esanetan. "Eko-auzoa" eraiki nahi dute; oinezkoak lehenetsiko dituena, ibilgailuentzako sarbide mugatua izango duena, bizilekuek naturarekin bat egiteko berdeguneekin. Hirigintza eredu honek "karga urbanistikoak %30ean gutxitzea ahalbidetu du". 

Betebeharrak
Lur-jabeen eta Udalaren betebeharrak zehazten ditu hirigintza hitzarmen honek. Lur-jabeen aldetik, besteak beste, Itun Batzarra eratzea, lau egikaritze faseak definitzea edota Udala "Aranerreka parkeko sistema orokorreko lanak jabeen kargura egiteko" baimena ematea "hori lotuta doan fasea egikaritu aurretik. Jabeek ordainduko dute karga hori, kontrata bidezko 473.066 euroko (BEZ gabe) gehienezko egikaritze aurrekontuarekin; kopuru horretatik gorakoa Usurbilgo Udalak ordainduko du".

Udalak bere aldetik, HAPO-aren berrikuspen dokumentuan sartuko ditu "hitzarmen honetan ezarritako hirigintza-zehaztapenak eta antolamendu eta urbanizazio helburuak". Horrekin batera, besteak beste, "hirigintza-eraikigarritasuna gauzatu ez denez, 2003. eta 2006. urteen artean sinatutako hitzarmenen arabera ordaindutako 454.544,98 euroko kopurua konpentsatzea, antolamendu berriak sortutako gainbalioetako partaidetzagatik Udalari dagokion %15eko lagapenarekin". Horrez gain, "antolamendu berrian oinarrituta idazten den birpartzelazio proiektuari gehitzea 23 etxebizitza sozial eraikitzeko esleitutako lurzatia, eraikitzeko eskubiderik gabe". 

Hitzarmen honek hain zuzen, bai Udalarentzat baita lur-jabeentzat ere bermea izatea nahi dute, "adostutakoa HAPO-an jasoko dela". Plan orokorra uda partean hasieraz onartu asmo du Udalak.

HIRIGINTZA HITZARMENARI BURUZKO DATUAK
Xedea: batetik, "Usurbilgo Hiri Anto lamenduko Plan Orokorraren dokumentuak S 5 «Olarriondo» sektorerako («HE.19-Olarriondo» sektorea HAPO berrian) jaso beharko dituen Hirigintza-zehaztapen berriak definitzea". Bigarrenik, "hitzarmen hau sinatzen duen alderdi bakoitzari dagozkion Hirigintza-betebeharrak zehaztea".  
Hitzarmenaren sinatzaileak: Olarriondo sektoreko jabeak eta Usurbilgo Udala.
Iraupena: lau urte, luzagarria aldeek hala adosten badute.
Lur-eremua: S-5 Olarriondo sektorea.  Egungo Arau Subsidiarioetako S-4 Olarriondo izeneko sektoreko mugaketari eutsiko zaio. Lurzoru urbanizagarria izango da, "bizitegi kalifikazioarekin, baina Aranerreka errekaren inguruko eremua Espazio Libreen Sistema Orokor gisa kalifikatuko da".   
Eraikiko diren etxebizitzak:
Babes ofizialekoak: 180.
Tasatuak: 62.
Libreak: 74.
Guztira: 316. 
Etxebizitzekin batera: eraikin hauen beheko solairuetan elementu komunitarioak aurreikusten dira, baita hirugarren sektoreko erabilerarako lokalak eta ekipamendu komunitarioak eta aparkaleku publikoa.
Informazio gehiago: apirilaren 11ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala.