91 urte bete dira Aberri Eguna ospatuko den igande honetan, apirilaren 17an, Usurbilgo Udalak mozio bidez Euskal Errepublika aldarrikatu zuenetik. Hala gogorarazi du, euskara eta euskal kultura bere egitekoen erdigunean kokatzen dituen independentziaren aldeko Naziogintza izeneko elkartetik.
"Gaurko egunez, duela 91 urte, Usurbilgo Udalak, aho batez, Euskal Errepublika bat aldarrikatu zuen mozio baten bitartez. Espainiako Errepublika ezarri eta hiru egun geroago egin zuen Usurbilgo Udalak aldarrikapen hori, 1931ko apirilaren 17an, garai hartako zinegotzi guztien adostasunarekin", oroitarazi du NOAUA!ri helarazitako oharrean.
Duela 91 urte Usurbilgo Udalak hartutako erabakia ez zen kasu bakarra izan. Udaletxe gehiagok ere aldarrikapen honi bide eman zieten. "Usurbilgoa ez zen kasu isolatua izan, 1931ko apirilean Euskal Herriko beste udal askok ere (Azpeitia, Zumaia, Orio, Zestoa, Bergara, Hernani, Bermeo, Errenteria, Markina...., besteak beste) Euskal Errepublika bat eskatu zutelako Euskal Herriarentzat".
Ziurrenik gehienontzat ezezaguna den gertaera hau plazaratzeko, "gure historia hurbileko pasarte ezezagun hori gogorarazteko, eta Euskal Errepublikaren beharra gaur egun ere aldarrikatzeko, Naziogintza Taldeak ekitaldi ireki bat ospatuko du maiatzaren 7an, goizean, Azpeitiako Herriko Plazan (12:00etan) eta Sanagustinen (12:30ean). Azpeitiarrak, usurbildarrak eta Euskal Herriko herritar guztiak gonbidatuta daude. Izan zirelako gara, garelako izango dira". Naziogintza Taldeari buruzko informazioa esteka honetan jaso dezakezue: naziogintza.eus