Usurbildik Baztango Gazte Martxara

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 19a, 10:29

Argazkia: Usurbilgo Ernai.

Azken egunotan Baztanen barrena ospatu den Gazte Martxaren parte hartzaileen artean izan dira usurbildarrak.

"Usurbilgo gazteok ere zutik!", mezuaren bueltan kaleratu du ondoko argazkia sare sozialen bidez Usurbilgo Ernaik. Egunotan Baztanen ospatu den Euskal Herriko Gazte Martxan parte hartu dute. Amaiurko gazteluaren setioaren bostehungarren urteurrenari keinu eginez, "BostEHun eta zutik!" aldarripean antolatu zuen Ernai gazte antolakundeak aipatu ekimena, apirilaren 14tik 17ra. Zugarramurdi, Erratzu eta Elizondo lotu zituen. Hara joateko autobus zerbitzua antolatu zuten Usurbildik. Iruñean, Aberri Eguneko mobilizazioarekin borobildu zuten. Tarte horretan, kontzertuak, tailerrak, hitzaldiak... denetarik izan zuten. Kontzertuen artean, Usurbilgo Rukularen parte hartzea.

Euskal Herriaren burujabetza aldarrikatu dute Gazte Martxan. "Euskal Herriak estatu bat behar du. Orain", adierazi dute Gazte Martxaren antolatzaileek. Estatuaren, euskal errepublika baten beharra aldarrikatzen dute, besteak beste, euskararen biziraupenerako, "lana eta aberastasuna banatu ahal izateko, aske sentitzeko eta maitatzeko, amalurra suntsituz aberastu nahi dutenei muga jartzeko, sozialismorako eta feminismorako bidea egiteko". Independentziarako bidean, aktibatu, saretu eta biderkatzeko ardura eta erronka dutela nabarmendu dute Gazte Martxatik.