Koronabirusa

Musukoaren erabilera derrigortua ia guztiz ezabatuko dute bihartik

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 19a, 07:05

Eremu itxi gehienetan, musukoa janztea ez da derrigorrezkoa izango, apirilaren 20tik aurrera. Hala erabaki du gaur Espainiako Gobernuak. Zenbait salbuespen ezarri ditu ordea. Osasun eta garraio zerbitzuetan erabiltzen segi beharko dugu, ikastetxe eta lantokietan ez.

Bi urteren ostean, musukoen erabilera derrigortua ia erabat desagertuko da gure eguneroko bizimodutik, asteazken honetatik, apirilaren 20tik aurrera. Espainiako Gobernuak eta autonomia erkidegoek hilabete hasieran eremu itxi gehienetan ere maskara jantzita izateko betebeharra ezabatzea adostu zuten. 

Erabaki hau indarrean jartzeko pausoa eman du astearte honetan Madrilen, Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak, gai honi lotutako dekretua onartu baitu. Bihartik, hilaren 20tik aurrera aplikatuko dute. 

Osasun eta garraio zerbitzuetan bai, ikastetxe eta lantokietan ez
Gogora dezagun, gaurkoz, eremu irekietan ez da derrigorrezkoa musukoa jantzita izatea. Bihartik aurrera, espazio itxi gehienetan ere ez, baina ez guztietan. Zenbait salbuespen ezarri ditu Espainiako Gobernuak. Orain arte bezala, asteazkenetik aurrera ere osasun zerbitzuetan (anbulatorioa, ospitaleak edota farmaziak barne) nahiz gune soziosanitarioetan musukoa jantzita izateak derrigorrezkoa izaten segiko du langile zein bisitarientzat, eremuotan dauden ospitaleratuen (gela barruan daudenean) edo egoiliarren kasuan izan ezik. Hauek ez dute jantzi beharrik izango.

Garraio zerbitzu publikoetan edota bidaiariak garraiatzen dituztenetan ere musukoa janzten segi beharko dugu. Musukoa janztea ez da derrigorrezkoa izango aldiz, geltokietan.

Zalantzak eragin dituen eremuetako bat ikastetxeena izan da. Madrilgo gobernuaren arabera, bertan behera geratuko da bihartik, musukoaren erabilera derrigortua, baina maskara jartzea aholkagarritzat jotzen du Espainiako Gobernuak zaurgarri diren irakasleen artean.

Lantokietan ere musukoa janztea ez da derrigorrezkoa izango bihartik. "Halere, lanpostuaren arriskuen ebaluazioak ahalbidetuko du ezarri beharreko prebentzio neurri egokiei buruz erabaki bat hartzea". 

Bistan denez, eremu itxietan orohar ez da derrigorrezkoa izango musukoa erabiltzea, baina maskara janzten segitzea aholkatzen die Espainiako Gobernuak zaurgarriak diren herritarrei. Baita, "ekitaldi jendetsuetan, familia testuinguruetan eta ospakizunetan ere, hitzorduotan parte hartuko duten pertsonen zaurgarritasunaren arabera".