Apirilaren 22tik 24ra

Bartzelonan jokatuko dute Usurbil K.E.-ko jubenil mutilek Espainiako Txapelketa

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 19a, 11:12

Iaz bezala, Euskadiko Txapelketatik Espainiakora jauzi egingo du asteburu honetan, Usurbil Kirol Elkarteko jubenil mutilen eskubaloi taldeak.

Esperientzia errepikatzera doaz aurten. Iaz, Euskadiko Txapelketan bigarren postuan sailkatu eta Espainiako Sektorea Zaragozan jokatzera heldu ziren Usurbil Kirol Elkarteko jubenil mutilen eskubaloi taldekoak. Eta aurten berriz. Martxoaren amaieran Zarautzen jokaturiko Euskadiko Txapelketako lauko finalean hirutik bi neurketa irabazi ostean, estatuko txapelketan lehiatzeko sailkatu dira usurbildarrak.

Hilabete hasieran elkarrizketatu zuen taldea aldizkari honek. Ordurako, zehaztua zuten noiz jokatuko zuten aipatu txapelketa; apirilaren 22tik 24ra, asteburu honetan beraz. Ez ordea non. Espainiako Eskubaloi Federazioak plazaratu du jada, jokalekua zein izango da. Usurbil K.E.-ko jubenil mutilak Bartzelonara doaz asteburu honetan bertan. D multzoan lehiatuko dira, hiru taldeokin: Club Balonmano Mislata, Moncayo-Casablanca eta Barça.

Hiru norgehiagoka jokatuko dituzte Bartzelonan eta partida hauek zuzenean ikusteko aukera eskaini asmo dute. Usurbildarrak lehian ikusteko, nahiz neurketa hauei buruzko nondik norakoen berri jasotzeko, esteka honetan klikatu behar duzue: Bartzelonako sektorea



Espainiako eskubaloi txapelketa, jubenil mutilak
2. Fasea-D multzoa
Tokia: Ciutat Esportiva Joan Gamper Pista Handbol, Sant Joan Despí. Bartzelona

Apirilak 22, ostirala
17:30 Club Balonmano Mislata - Moncayo-Casablanca
19:30 Barça - Saizar Usurbil K.E.

Apirilak 23, larunbata
16:30 Barça - Moncayo-Casablanca
18:30 Club Balonmano Mislata - Saizar Usurbil K.E.

Apirilak 24, igandea
10:00 Saizar Usurbil K.E. - Moncayo-Casablanca
12:00 Barça - Club Balonmano Mislata