Koronabirusa

Usurbilen musukoa derrigorrezkoa non bai, non ez

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 20a, 11:12

Espainiako Gobernuak dekretu bidez leku itxi gehinetan musukoaren erabilera derrigortua ezabatu du, salbuespen batzuk ezarrita. Asteazken honetatik indarrean den erabakiak Usurbilen izango duen eragina zehatzago lerrootan.

Osasun eta garraio zerbitzuetan baino ez da derrigorrezkoa izango gaurtik, apirilak 20, musukoa jantzita izatea. Gainerako eremu itxietan gomendagarria baino ez. Espainiako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak atzo erabaki eta gaur bertan Estatuko Aldizkari Ofizialean plazaratu duenetik indarrean duen dekretu berriak Usurbilen ere eragingo du.

Udal zerbitzuetan
Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, udal-ekipamenduetan gaurtik ez da musukoa derrigorrez jantzi beharko. Ez udaletxean, ezta Gizarte Zerbitzuen egoitzan, Oiardo Kiroldegian, Sutegin edota Potxoenean. Udal zerbitzu batean bai ordea, garraio zerbitzua den heinean, Taxibuseko erabiltzaileek musukoa janzten segi beharko dute. Udalak ohartarazi duenez ordea, "gaixotasunen bat duten edo arnasteko zailtasunak dituzten herritarrei ezingo zaie maskara janzteko eskatu, janzteak egoera horiek are gehiago larritzen duen kasuetan". Udal langileek ere ez dute musukoa erabili beharko, "herritarrei ere ezin diete jartzeko eskatu".

Anbulatorioan
Osasun zerbitzuetan musukoa derrigorrez janzten segi beharko da. Beraz, Usurbili dagokionean, baita anbulatorioan ere. Farmazietan ere bai.

Lurraldebus, Euskotren
Udal Taxibus zerbitzuaren kasuan bezala, Lurraldebusen eta Euskotrenen, hau da autobusera edo trenera igotakoan, musukoa jantzita izateak derrigorrezkoa izaten segiko du gaurtik. Geltokietan aldiz ez.

Ikastetxeetan
Espainiako Gobernuak asteazken honetan kaleratu duen dekretuak ez du ikastetxeen aipamenik egiten. Sare sozialen bidez ordea, atzo bai, ikastetxeetan musukoaren erabilera ez zela derrigorrezkoa izango zioen Osasun Ministerioak. Zaurgarritasun egoeran ziren irakasleei janztea aholkatzen zien soilik. Kontrakorik ezean beraz, Udarregi Ikastolan, Aginagako eta Zubietako eskoletan, edota Atalluko eta Zubietako Lanbide Eskoletan musukoa erabiltzea ez da derrigorrezkoa izango gaurtik. 

Merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan
Herriko denda eta tabernetan ere gaurtik ez da derrigorrezkoa izango musukoa jantzita izatea, farmazietan izan ezik. Usurbilen zerbitzuen sektorean jendaurrean lanean ari diren hainbat langileek ordea prebentzio moduan musukoa janzten segitzea erabaki du.

Lantokiak
Ikastetxeekin batera, lantokietan musukoekin zer gertatuko zen zalantza bazen. Espainiako Gobernuak gaurtik indarrean jarri duen dekretuaren arabera, lantokietan orohar (garraio eta osasun zerbitzuetan izan ezik) ez da musukoa derrigorrez erabiltzen segi beharko. "Lanpostuaren arriskuen ebaluazioa izango da ezarri beharreko prebentzio-neurri egokiei buruzko erabaki bat hartzeko aukera emango duen jarduera, maskarak erabiltzea barne, hala ondorioztatzen bada", hala dio Espainiako Gobernuak dioenarekin bat eginez, Osalan-ek.

EAE-ko Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundetik gogorarazten dutenez, osasun eta garraio zerbitzuetako langileek derrigorrez erabiltzen segi beharko dute. Arduraz erabiltzea eskatzen dute ordea, zaurgarri diren langileen kasuan, "1,5 metrotik beherako distantziako pertsonekin kontaktu luzea duten egoeretan". "Kalteberatasun-faktoreak dituzten" irakasleei ere erabiltzen segitzea aholkatzen diete.

Hortik aurrera, lekuan lekuko erabakiak har ditzakete lantegiek. "Laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuek aholkua emango diote enpresaburuari, eta arduradunen, erdi-mailako arduradunen eta langileen ordezkarien iritzia jaso behar da".

Arriskuen ebaluziorako ondoko irizpideak hartu ditzakete kontuan: aireztapen egokia, okupazio-maila, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia mantentzea, bertan ematen den denbora, jarduera, tenperatura eta hezetasun erlatiboaren baldintzak, espazio komunak erabiltzea (aldagelak, jantokiak...), partekatutako garraiobide partikularrak, lanpostuan pertsona kalteberak egotea.