"Prezipitazio iraunkorragatik" abisu horian

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 20a, 08:05

Ostegun goizeko 9:00ak arte, "prezipitazio iraunkorragatik" abisu horia izango da indarrean.

Gogotik aritu du euria eta hala jarraituko duela dirudi datozen orduotan. Abisu horian egongo gara Gipuzkoa osoan, "prezipitazio iraunkorragatik" ostegun goizeko 9:00ak arte. " 24 orduan 60 l/m² baino gehiago pila daitezke, bereziki ekialdeko zenbait tokitan non 24 orduan 80 l/m² baino gehiago pila daitezkeen", Euskalmet meteorologia agentziaren arabera. "Zaparrada ertainak botako ditu, Kantauri isurialdean sarri eta ugari, bereziki ekialdean non zenbait lekutan prezipitazioa iraunkorra eta oso ugaria izango den. Kantauri isurialdearen ekialdeko zenbait lekutan zaparrada handiak bota ditzake".

Giro honekin, asteazken honetan, apirilaren 20an Usurbilen, "zerua estalita egongo da eta zaparradak sarri botako ditu. Goizean ekaitzak jo dezake. Iparraldeko edo ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperaturan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko da". Bihar, hilak 21, "egunaren hasieran zerua oso hodeitsu egongo da eta euria egingo du; eguna aurrera joan ahala atertzera egingo du. Mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsalde-gau partean ekialdekoa. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez, maximoak gutxi edo nahikoa igoko dira". Ostiralean, apirilak 22, "zerua tarteka hodeitsu egongo da eta egunaren bigarren partean noizbehinka zaparradaren bat botako du. Hego-haizea, arratsaldean ekialdetik joko du tarteka. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira, maximoak nahikoa edo nabarmen igoko dira".

Informazio eguneratua hemen: euskalmet.eus