Udako aisialdi tartea prestatzen hasteko garaia ate joka dugu. Adi, NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko Udajolasen izen emateko garaia zabaltzear da. Astelehenetik, apirilaren 25etik aurrera bideratu ahalko dituzue izen emateak, maiatzaren 5a izango da matrikulaziorako azken eguna.
Online apuntatu beharko da, web orrialde honetan bertan, "Udajolas" atalean klikatuta. Atal horretan dituzue izen emateko argibideak (aurkeztu beharreko dokumentazioa, ordainketa nola egin...) baita Udajolas ekimenari buruzko nondik norako guztien berri ere.
4-12 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzendua dago Udajolas, HH3-LH6 artean ikasten ari direnentzat. Uztailaren 4tik 29ra luzatuko da ekimen hau, astelehenetik ostiralera eskainiko da lau orduz, 9:30-13:30 artean. Gehienez 200 gaztetxorentzako lekua egongo da Udajolasen. Ekimen honen helburua Usurbilgo haur eta gaztetxoei euskarazko aisialdi eskaintza egokia (hezitzailea eta baloreetan oinarritua) bermatzea da, gure hizkuntza den euskararen normalizazioa bultzatzeko.
Hobariak ahalik eta azkarren eskatu
Kontuan hartzeko pare bat ohar; kuota orokor bat finkatu da urtero moduan, baina baita familia ugarientzako kuota berezia ere. Horrekin batera, errentaren araberako hobariak aplikatuko dira, beti ere, aurrez Udalak onartutako ziurtagiria aurkeztuta. Usurbilgo Udaletik ohartarazi dutenez, "Udajolasen hobariak jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da onuradun izaera aitortua izatea izena eman aurretik. Hobaria jasotzeko eskaria egitetik ebazpena jasotzera, gutxienez, 15 eguneko tartea behar izaten da, eta, gehienez, hilabete inguru".
Beraz, jai egunok tarteko, hobariak jasotzeko interesa duten herritarrei ahal bezain laster eskatzea gomendatzen zaie. "Hobariak aurtengo Udajolasen aplikagarri izateko, maiatzaren 5erako erabakita egon behar du udal-hobarien eskariak".
Lan-poltsa
Udajolasen parte hartzeko matrikulazio epea oraindik itxita dagoen arren, zabalik da jada lan-poltsan izen emateko epea. Aisialdi ekimen honetan lan egiteko poltsa osatzeko zuzendari eta begiraleak behar ditugu urtero moduan. Batetik, bi hilabeteko esperientzia izatea eskatzen da, baita begirale edota zuzendari titulua izatea ere, EGA edo baliokidea den agiriarekin batera. Dokumentuoz gain, sexu delitua egiteagatiko aurrekari penalak ez dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu behar da. Usurbildarrek izango dute lehentasuna.
Udajolasen parte hartzeko izen ematearekin batera itxiko da lan-poltsarako kurrikuluma eta aipatu agiriak aurkezteko epea ere; maiatzaren 5ean hain zuzen. Agiriok elkartea@noaua.eus helbidera helarazi edota NOAUA! K.E.-ren egoitzara (Bordaberri, 3) ekarri daitezke.