Hilaren 29an, datorren NOAUA! aldizkaria

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 21a, 08:08

Bi asteko etenaldiaren ostean, apirilaren 29aren bueltan jasoko duzue hurrengo aldizkaria. Adi kultur elkarte honi lotutako beste bi oharrei; iazko astekarien bilduma osatzeko tapak eta aurkibideak eskuragarri dituzue. Bazkideoi gainera, errenta aitorpenean hobaria aplikatuko zaizue.

Apirilaren 8an argitaratu genuen azken aldizkaria. Ordutik, azken bi asteotan ez da NOAUA!rik izan. Datorren aldizkaria, 905 zenbakiduna, apirileko azken ostiralarekin, hilaren 29an argitaratuko dugu. Ordurako ohar edo zorion agurrik baldin baduzue, apirilaren 25a baino lehen helarazi erredakzioa@noaua.eus helbidera. 

Tapak eta aurkibideak
2021. urteko aldizkariak koadernatzeko garaia da. Tapa eta aurkibidea doan jaso dezakezue NOAUA!-ren bazkideok, kultur elkartearen egoitzan. Bazkide ez direnek 3 euro ordaindu behar dituzte tapa edo azalarengatik, 1,20 euro aurkibideagatik. Koadernatzea Lizardi edo Laurok liburu dendetan egin daiteke. Koadernatzea bai, bazkideek eta bazkide ez direnek ordaindu behar dute.

Errenta aitorpenerako hobaria
Gogoan izan, 25 urte bete ditu NOAUA! Kultur Elkarteak. 1996. urtean usurbildar askoren inplikazioari esker izugarrizko bultzada izan zuen NOAUA! Kultur Elkartearen sorrerak. Herria herritik egiteko bultzada jaio zen usurbildarren bihotzetik eta eskuz esku mantendu da indar hau denbora honetan guztian zehar. Zurekin batera beste 25 urte (gutxienez) herria herritik egiten jarraitzeko erronkan parte hartzeera animatu nahi zaitugu.

Abantaila nagusia herriarentzat izango da. NOAUA! Kultur Elkartea eragile garrantzitsua da herriko bizitza kulturala, aisialdikoa eta abar bizirik mantentzeko. Baina zuk ere abantaila batzuk izango dituzu: zozketak, deskontuak kultur ekimenetako sarreretan, hobaria errenta aitorpenean edota Usurbildik kanpo bizi diren herritarrei, aldizkaria astero posta arruntez jasotzeko aukera.

Urtean 40 euro dira, eta berrogeitik gora aldizkari. 30 urte baino gutxiago izanez gero 25 euro urtean.