Esperientzien trukea

Zumartekoak gaurtik bisitari Gironan

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 21a, 09:43

Gironako La Selva eskualdeko musikariekin egiten ari diren trukaketaren baitan, Gironakoak duela bi aste Usurbilen egon ostean, Zumartekoen txanda orain. Asteburu pasa joanak dira Herrialde Katalanetara.

Esperientzien trukaketaren bigarren fasea, Gironako La Selva eskualdeko eta Zumarte Musika Eskolakoen artean. Duela bi aste, "Orquesta Jove de la Selva" izeneko orkestrako kideak izan genituen gure artean, usurbildarrekin egitekoa zuten trukaketaren baitan. Udaletxean egin zitzaien harrera, eta lau egunez inguruok bisitatzearekin batera, herriko musikariekin kalejira eta kontzertua eskaini zuten apirilaren 9ko Dantza Egunean.

Zumartekoen txanda orain. Ostegun goiz honetan abiatzekoak ziren Gironarantz. Bertan igaroko dute asteburua, eta gironarrek Usurbilen egin bezala, usurbildarrek bueltan gauza bera egingo dute Katalunia aldean. La Selva eskualdeko orkestrarekin kontzertua eskainiko dute larunbat honetan bertan, apirilaren 23an, arratsaldeko 17:30etan hasita Tossa de Mar udalerrian. Segidan duzue Zumartetik helarazi diguten eta kontzertua iragartzen duen kartela. Kataluniarrentzat seinalatua den egunean eskainiko dute emanaldia, Sant Jordi jai egunarekin egokituko baita.

Hitzordu nagusia horixe, baina ez bakarra. Ostegun honetan hasi eta igandera bitarte, hainbat harrera eta bisita programatu dituzte eta. Hemen Zumartekoek egunotan biziko dutenari buruzko egitaraua.

ZUMARTEKOAK GIRONAN
Apirilak 21, osteguna
8:30
Usurbildik abiatzea.
17:00ak inguruan iritsi. Montsoriu gaztelura bisita.
20:30 Santa Coloma de Farners autobus geltokian harrera.

Apirilak 22, ostirala
08:00 Santa Coloma de Farners-en elkartu.
08:30 Harrera Aldundiko lehendakariarekin.
Goizean, Gironara bisita.
Arratsaldean, Banyoles eta Besalúra bisita.
18:30-20:00 Entsegua Santa Coloma de Farners-en.
20:30 Santa Colomako Castellers-en entsegua ikusi.

Apirilak 23, larunbata
10:30 San Jordiren desfilea ikusi.
11:30 Kontzertua OJS Haize taldea eta Santa Coloma musika eskola Farners plazan.
13:15 Tossa de Mar-era irteera. Ongi etorria Vila Vellara OJSko presidente eta Tossako zinegotziaren
eskutik.
17:30 Es Racó de Tossa de Mar-en kontzertua.
19:30 Dantza tradizionalak hondartzan.

Apirilak 24, igandea
9:00 Usurbilera itzulera.