Apirilaren 8tik bi asteko oporraldi betean dira gaztetxoak. Etenaldia azken txanpan dute, astelehenean itzuliko dira ikasgeletara. Aurretik ordea, aisialdi tarteaz gozatzeko aukera badute Usurbilen. Ziortza Gazte Elkarteak adibidez, bi egunotarako ekintza ezberdinak proposatu dizkiete DBH-ko ikasleei. Asteazkenean lehen ziklokoentzako egun pasa antolatu zuten, ostegun honetan DBH 3 eta 4 mailakoentzat. Gazte elkartekoek prestaturiko ekintza ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dute.
Eguraldiak baldintzatu die baina oztopatu ez Ziortzakoek bideratu nahi zuten dinamika. Ezta Usurbilgo Kirol Astean parte hartzen ari direnen kasuan ere. Astearteaz geroztik, Lehen Hezkuntzako ikasleek kirol jarduera ezberdinetan trebatzeko aukera dute. Usurbil Futbol Taldeak, Usurbil Kirol Elkarteak eta Pagazpe Pilota Elkarteak prestaturiko Kirol Asteak ohitura osasuntsuak eta urtean zehar gazteen kirol dinamika ez etetea du helburu, oporretan ere jarduera hauetaz gozatzen segitzeko parada eskaintzeaz gain. Egunotan, hainbat txokoetan ari dira pilotan, eskubaloian, futbolean...
Gaztelekua ere zabalik dute egunotan. Ostegun honetan, DBH 2 eta 4 ikasturtekoentzat, pizza tailerra eta "Costa Jump"-eko irteera ere antolatua zuten. Apirilaren 10ean DBH1-ekoekin Zarautz eta Getaria arteko bidea osatu zuten oinez; larunbatean, hilaren 23an esperientzia errepikatu asmo dute.
Ohiko ordutegira itzulera
Covid19-ak eragindako osasun krisialdi aurreko ordutegia berreskuratzera doaz Gaztelekuan, "adin guztiko gazteak elkartzeko aukera izanda" ohartarazi dutenez. Aurrerantzean beraz, ordu eta egunotan zabalduko dute Gaztelekua:
Astelehena: 16:30-18:00 DBH 2-3-4 // 18:00-19:30 Adin guztiak.
Osteguna: 16:30-18:00 DBH 2-3-4 // 18:00-19:30 Adin guztiak.
Larunbata: 16:00-17:30 DBH 1 // 17:30-19:00 Adin guztiak.