Koronabirusa

Ikasgeletara itzulera, "burbuilak" deseginda eta musukoen beharrik gabe

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 21a, 12:42

Espainiako Gobernuak onartu eta kaleraturiko azken dekretuaren ondotik, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzako protokoloa eguneratu du. Musukoak jantzi beharrik izan gabe eta "burbuilak" deseginda itzuliko dira haur eta gazteak eta langileak ikastetxeetara datorren astelehenean, apirilaren 25ean.

Espainiako Gobernuak covid19-aren kudeaketari lotutako dekretua onartu zuen asteartean, atzotik indarrean da. Dakizuenez, musukoa eremu itxi gehienetan jantzita izatea ez da derrigorrezkoa izango aurrerantzean, betebehar hau osasun eta garraio zerbitzuetan mantenduko da soilik. Bi urteren ostean Madrilek onarturiko aldaketa nabarmen honen aurrean, Eusko Jaurlaritzak hezkuntzan indarrean zuen protokoloa testuinguru berrira egokitu du.

Eguneraketa nabariko dute bi asteko oporraldiaren ostean, datorren astelehenean, apirilaren 25ean ikasgeletara itzuliko diren ikasle eta langileek. Gainerako eremu itxi gehienetan bezala, ez dute musukorik jantzi beharrik izango. Soilik garraio zerbitzuan jantzi beharko dute. Gogoan izan, garraio zerbitzuetan derrigorrezkoa izaten segitzen duela orohar musukoa erabiltzeak. Horrez gain, aurrerantzean ere zaurgarri direnei edota covid19-arekin bateragarriak diren sintomak dituztenei janztea aholkatzen die Jaurlaritzaren protokoloak.

Burbuilik gabe
Bigarren aldaketa garrantzitsua, maila ezberdinetako ikasleak "beren artean sozializatu eta elkarreragin" ahal izango dute. Bestela esanda, koronabirusa gure artean denetik ikasleak elkarbizitza taldeetan biltzeko ezarria zegoen "burbuilen" sistema desegitea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

Gainerakoan, proba bidez positibo dela egiaztatu ahal izan duenak edota koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituenak orain arte bezala ez du ikastetxera joan beharko, sintomak agertuz geroztik hurrengo 10 egunetan. Halere, isolamendu zorrotzik ez du egin beharko.

Eta orohar, orain arteko prebentzio neurriei eustea eskatzen du Hezkuntza Sailak: eskuen garbiketa, eztula edo doministiku egitean aho eta sudurra ukondoarekin estaltzea, espazioen garbiketa eta aireztapen egokia...

Egun indarrean diren "neurri hauek beharrezkoa denean eguneratuko dira", iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Indarrean segiko duten prebentzio neurrien helburua "hezkuntza-jarduera presentzialaren garapena bermatzea da, betiere covid19-a hezkuntza-komunitatean ez zabaltzeko".

Informazio gehiago hemen: Eusko Jaurlaritzaren hezkuntzako protokolo eguneratua