Laboaren Uztaila

Garazi Navasen kontzertua igandean, iazko Laboaren Uztaila borobiltzeko

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 22a, 12:40

Iazko udan bertan behera utzi behar izan zuten Garazi Navasen kontzertua, igandean, apirilaren 24an, Sutegin.

Uda parteko ostegun gauak girotu ohi dizkigun Laboaren Uztaila zikloa borobiltzekoa zen iazko uztailean Garazi Navas. Osasun arazoak tarteko ordea, bertan behera geratu zen hitzordua. "Bera eta antolatzaileak gogotsu gelditu ginen bere kontzertuaz gozatzeko". Eta hitzordu berria jarri diote emanaldiari; igande honetarako hain zuzen, apirilaren 24rako. Arratsaldeko 19:00etan hasita, Navasen emanaldia Sutegiko auditorioan. "Gaztea, bitxia eta soinua jotzen birtuosoa da. Animatu igande honetan!", luzatu dute gonbita antolatzaileek.

Ordubete inguru iraungo duen kontzerturako sarrera borondatezkoa izango da.

Garazi Navasen kontzertua
Eguna: apirilak 24, igandea.
Ordua: 19:00.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Zehaztasunak: iazko Laboaren Uztailaren baitan, osasun arazoak tarteko, kontzertua eskaini ezin izan zuen Garazi Navasen emanaldia. "Garazi, Musikenen lizentziatu berri den akordeoilari egonezina da, eta, nahiz eta oso gaztea izan, proiektu ugaritan hartu du parte (Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera, adibidez), eta hainbat sari irabazi ditu. Beste arlo batzuetako artistekin elkarlanean aritu ohi da, poesia, antzerkia, dantza edota instalazio artistikoekin, besteak beste. Gaur egun, musika garaikidearen eta musika tradizionalaren arteko loturaren inguruan ikertzen dihardu, beti interpretazioaren aldetik. Izan ere, bere ustez tradizioa eta abangoardia bere instrumentuaren, akordeoiaren bi aurpegiak dira, gutxitan aldi berean agerian jartzen direnak. Usurbilgo kontzertu honetarako, Mikel Laboaren harira, hau ere tradizio eta abangoardiaren arteko bitartekari ezin hobea izan zenez, honen kantuen moldaketak ere joko ditu gaiarekin lotutako beste gauza batzuen artean".
Sarrera: usurbilkultura.eus plataforman.