Zumarte-La Selva trukea

Harrera beroa Gironan bisitan dituzten Zumarteko kideei

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 22a, 14:09

Gironako "Orquesta Jove de la Selva" orkestrakoekin egiten ari diren trukaketaren baitan, duela bi aste La Selva eskualdeko musikariak izan ziren bisitan Usurbilen. Zumartekoen txanda da orain. Goizean ongi etorri beroa egin diete usurbildarrei. Asteburu pasa joanak dira Herrialde Katalanetara; kontzertua eskainiko dute Sant Jordi egunez.

Zumarte Musika Eskolako kideak Herrialde Katalanetan dira ostegunaz geroztik. Asteburu pasa joanak dira Girona aldera. Gogoan izan, hango La Selva eskualdeko "Orquesta Jove de la Selva" orkestrako gazteekin egiten ari diren trukaketaren testuinguruan kokatua dago opor egunotan egiten ari diren bidaia hau. Duela bi aste gure artean izan genituen gironarrak; inguruok ezagutzearekin batera, kalejira eta kontzertu bateratua eskaini zuten bi herrietako musikariek frontoian.

Udaletxean egin zitzaien harrerarekin eta Usurbilgo txokoak ezagutuz ekin zioten egonaldiari. Zumartekoen txanda orain. Ostegunaz geroztik Girona aldean izango dira igandera arte. Inguruak bisitatzeaz gain, ostiral goiz honetan ongi etorri beroa egin die bertako Aldundiko ordezkaritza batek. Ondoko argazkiak zabaldu dituzte sare sozialen bidez. Girona, Banyoles edota Besalú bisitatzekoak dira egunean zehar. 

Herrialde Katalanetan larunbat seinalatua izango duten apirilaren 23ko Sant Jordi egunez kontzertu bateratua eskainiko dute berriz Zumarteko kideek bertako musikariekin Tossa de Mar herrian. Aurretik, egun berezi honetako ospakizunetan murgiltzeko aukera izango dute.

ZUMARTEKOAK GIRONAN
Apirilak 22, ostirala
Arratsaldean, Banyoles eta Besalúra bisita.
18:30-20:00 Entsegua Santa Coloma de Farners-en.
20:30 Santa Colomako Castellers-en entsegua ikusi.

Apirilak 23, larunbata
10:30 San Jordiren desfilea ikusi.
11:30 Kontzertua OJS Haize taldea eta Santa Coloma musika eskola Farners plazan.
13:15 Tossa de Mar-era irteera. Ongi etorria Vila Vellara OJSko presidente eta Tossako zinegotziaren
eskutik.
17:30 Es Racó de Tossa de Mar-en kontzertua.
19:30 Dantza tradizionalak hondartzan.

Apirilak 24, igandea
9:00 Usurbilera itzulera.