Desazkundea eta txorien kantuen ezagutza hizpide duten ekitaldiak, Anerrekakoen eskutik

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 22a, 14:50

Ekitaldi bana antolatu du Anerreka ingurumen elkarteak datorren hamabostaldirako. Desazkundea hizpide duen hitzaldia batetik, eta txorien kanten ezagutzan sakontzeko ibilaldia. 

Joseba Azkarraga Etxagibel soziologoa gonbidatuko du apirilaren 28an Anerreka ingurumen elkarteak desazkundea hizpide izango duen Sutegiko hitzaldira. Mikel Olano basozainak gidatuko du bestalde, txorien abestiak identifikatzeko herrian egingo den ibilaldira. Ekintza bati zein besteari buruzko xehetasunak segidan.

ANERREKAREN HITZORDU BERRIAK
Apirilak 28, osteguna
18:30 Hitzaldia Sutegiko auditorioan: "Desazkundea: patu saihestezina nola bihurtu emantzipazio bide".
Hizlaria: Joseba Azkarraga Etxagibel. Soziologian doktorea da. EHUko Soziologia eta Gizarte Langintza Saileko irakasle eta ikertzailea.
Zehaztasunak: "Krisi ekosoziala da gure garaiko datu funtsezkoa. Goitik behera baldintzatuko ditu gure biografiak, komunitateak, jendartea, mundua. Halaxe da dagoeneko, baina nabarmen areagotuko dira bere eztenkadak. Mendea hasi genuen oihartzun handiko leherketa finantzarioarekin. Ondoren, pandemia. Bietan suma daiteke koloso beraren silueta: zoru biofisikoaren hondatzea. Biak ala biak aurreikusgarriak ziren, eta aurreikusi ziren. Prozesua hasi baino ez da egin: zer da geroak dakarkiguna, ebidentzia zientifikorik onenak eskuetan? Distopia ez da halabeharra, ordea: zein da egitasmo emantzipatzailearen gidoi berria, distopia kapitalista are basatiagoak zeru-lurrak konkistatu ez ditzan?".
Izen ematea: usurbilkultura.eus plataforman.


Maiatzak 7, larunbata
10:00 Txorien kantuak ezagutzeko ibilaldia.
Gidaria: Mikel Olano basozaina. "Azken 35 urteotan GFAn basozain dabil mehatxatutako hegazti espezie ezberdinen jarraipena egiten. Aranzadi zientzia elkarteko kide da, eta hainbat lan egin eta beste zenbait argitalpenetan parte hartu du Ornitologia sailean. Txorien kantuak ezagutzeko ibilaldiak gidatzen badaramatza 12 urte."
Zehaztasunak: lehenbizi, "Sutegi aretoan, hegaztiei buruzko azalpen sarrera bat emango da: zergatik kantatzen duten, noiz, non eta beste gauza mordoxka bat. Segidan, hegazti ezberdinen kantak entzuteko tartea izango da, Sutegi aretoan bertan hau ere. Ondoren, Aranerreka parkean ibilaldia egingo da, entzuten diren kanten bidez txoriak identifikatzeko saiakera bat".

Antolatzailea: Anerreka ingurumen elkartea.