Koronabirusa

Ezohiko itzulera ikasgeletara, musukorik gabe eta "burbuilak" deseginda

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 25a, 09:14

Ikastetxeek ateak ezohiko moduan zabaldu berri dituzte bi asteko oporraldiaren ostean. Gaurkoan, eguneroko ikasmateriala bai eskuartean zeramaten ikasleek. Itzulera honetan ordea, bi urteotan derrigorrezkoak izan diren musukoak ez. "Burbuilen" taldekatze sistema ere bertan behera geratu da.

Amaitu zaie bi asteko oporraldia. Ikastetxeera bueltatzeko bidea ordea ezberdina izan da gaurkoan. Aurpegiak begi bistan zituzten ikasle, gurasoek eta langileek. Eta hala segiko dute gaurtik eskola barruan ere. Ez baita derrigorrezkoa izango musukoa jantzita izatea. Udarregi Ikastolarako bidean esaterako, gustura entzuten zen bat baino gehiago, bi urteotan bidelagun izan duten "maskara" kenduta. Denetariko egoerak izango dira ziur, eta bakoitzak honetan ere bere bidea egin ahalko du.

Gogoan izan, Espainiako Gobernuak covid19-aren kudeaketari lotuta iragan apirilaren 19an onartu eta biharamunetik indarrean den dekretuak eremu itxi gehienetan musukoa janzteak derrigorrezkoa izateari uztea ahalbidetu zuen. Garraio eta osasun zerbitzuetan baino ez da ordutik derrigorrezkoa maskara erabiltzea.

Musukoa garraio zerbitzuan soilik
Testuinguru aldaketa honetan, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeetarako protokoloa eguneratu zuen. Madrilek adierazitakoarekin bat eginik, eskoletan musukoa jantzita izatea ez da izango derrigorrezkoa gaurtik. Soilik eskolako garraio zerbitzua baliatzerakoan jantzi beharko da; aipatu moduan, orohar autobus nahiz tren zerbitzuetan edota anbulatorio zein ospitaleetan ezinbestekoa izaten segiko duen moduan. Bestalde, aholkagarria izaten segiko du Gasteizko gobernutik diotenez, kolektibo zaurgarrietako kide izan edota covid19-arekin bateragarriak diren sintomak dituztenentzat.

Eskolen eguneroko martxa baldintzatu izan duen bestelako aldaketarik ere izango da. Covid19-a gure artera heldu ostetik, ikasgeletan "burbuilen" sistema izan da indarrean. Taldeka aritu dira ikastetxeko dinamiketan eta harremantze moduan. "Burbuilak" ere desegitea erabaki du Jaurlaritzak. Gaurtik aurrera beraz, orain arte kalean egin duten moduan, astelehen honetatik ikastetxe barruan ere ikasgela nahiz maila ezberdinetako ikasleek "beren artean sozializatu eta elkarreragin" ahalko dira.

Kasu positiboen kudeaketa
Gainerakoan, proba bidez positibo dela egiaztatu ahal izan duenak edota koronabirusarekin bateragarriak diren sintomak dituenak orain arte bezala ez du ikastetxera joan beharko, sintomak agertuz geroztik hurrengo 10 egunetan. Halere, isolamendu zorrotzik ez du egin beharko.

Eta orohar, orain arteko prebentzio neurriei eustea eskatzen du Hezkuntza Sailak: eskuen garbiketa, eztula edo doministiku egitean aho eta sudurra ukondoarekin estaltzea, espazioen garbiketa eta aireztapen egokia...

Egun indarrean diren "neurri hauek beharrezkoa denean eguneratuko dira", iragarri du Eusko Jaurlaritzak. Indarrean segiko duten prebentzio neurrien helburua "hezkuntza-jarduera presentzialaren garapena bermatzea da, betiere covid19-a hezkuntza-komunitatean ez zabaltzeko".

Informazio gehiago hemen: Eusko Jaurlaritzaren hezkuntzako protokolo eguneratua