Espainiako Txapelketa jokatu dute Usurbil K.E-ko jubenil mutilek

Noaua Aldizkaria 2022ko api. 25a, 08:07

Martxoa amaieran Zarautzen jokatutako Euskadiko Txapelketan Espainiakoan parte hartzeko sailkatu ziren. Herrialde Katalanetan izan dira asteburuan Usurbil  Kirol Elkarteko jubenil mutilak.

Espainiako Txapelketa jokatzetik itzuli berriak dira Usurbil Kirol Elkarteko jubenil mutilak. Asteburuan Herrialde Katalenetako hiriburuan, Bartzelonan izan dira, martxoa amaierako Euskadiko Txapelketan Espainiakorako sailkatu ostean.

Hiru neurketa jokatu dituzte asteburuan. Bat irabazi zuten, bigarren batean ere aurkaria garaitzear izan ziren; gol bakarrarengatik galdu baitzuten.

Aipatzekoa taldeak jarraitzaile faltarik ez duela izan. Bartzelonako bidaian bidaide izan dituzte, eskubaloi elkarteko ordezkariak, senideak eta lagunak. Txapelketako partidak zuzenean online eskaini zituzten. Albiste honi atxikitako bideoetan ikus ditzakezue usurbildarrak lehia bizian.

ESPAINIAKO TXAPELKETA
Emaitzak
Barça 39-18 Saizar Usurbil K.E.
Club Balonmano Mislata 19-21 Saizar Usurbil K.E.
Saizar Usurbil K.E. 32-33 Moncayo-Casablanca

Sailkapena
1-Barça 6
2-Moncayo-Casablanca 4
3-Saizar Usurbil K.E. 2
4-Club Balonmano Mislata 0